Udaberria hurbiltzen ari zaigu, ihaute garaiak laster bazterrak inarrosiko ditu. Eskualdeetan jendea plaza hartzeko prestatzen ari da edo horretan hasia da. Azken urteotan, libertimenduen loraldia bizitzen ari gara: Euskal Herriko hainbat herritan gazteriak plaza hartzen du; naski, aurten zortzi lekutan. Uste dut jendeak goaitatzen eta preziatzen duen memento bat dela, komunitateak trinkotzea lortzen baitu.
Libertimendua, euskaraz pentsatua izan den eredu bat da, eta ontsalaz, ez du iduririk frantsesez edo gazteleraz. Horri esker, zirtzilen prestatze faseak (gai hautatze, irudi atzemate, inprobisazio, testu idazte eta joko arramoldatze) euskaraz zizelkatzen dira, euskaraz mintzo den publiko batentzat.
Lanketaren muinean, taldetze eta sortze lanak dira.
Adin ezberdinetako gazteen artean, mahai inguruan tokiko (eta urrunagoko) gertakari anitzez solastatzen dira, boterea duten pertsonez eta sistemen mekanikez; hots, urtez urte, zenbait arlori (ekonomia, arlo soziala...) buruzko ikuspegi bat zorrozten da.
Prozesu guzian, eta urtez urte, bakoitzak gero eta gauza gehiago proposatzen, hausnartzen, sortzen, aldatzen, idazten eta ardurak hartzen ditu, irria delarik helburu eta tresna.
Libertimendua gazteen artean ongi pasatzeko aukera bat da.
Baina formakuntza politiko bat ere bada gazteentzat, lurraldearekiko harreman berezi bat sortzeko aukera edo bertan errotzeko manera, hizkuntzarekin josteta aritzeko eta sormenean aktibo izateko aukera.
Denek ezberdinki bizi dugu, segur. Baina, hala ere...
Espero dut denek holako esperientzia bat bizitzea: libertimenduari esker, beste tresna batzuei esker, edo oraindik sortzekoak diren tresna batzuei esker, helburuak eta moldeak argi diren ber.