IFJD Justiziarako eta Demokraziarako Institutu Frankofonoak udako jardunaldiak antolatu ditu hamargarrenez, Baigorrin. Oinarrizko eskubideak ardatz dituen zuzenbide arloko gobernuz kanpoko erakundea da IFJD, eta munduko gatazketan justizia trantsizionala garatzea du xede. Gaur bururatuko da antolatu duen udako unibertsitatea, eta, bihar, foro publikoa eginen dute Baigorriko Bil Etxean, orori zuzendua: Bizi izan, lan egin, arnastu, oinarrizko eskubideak defenda ditzagun izanen du lema egun bereziak, eta Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren krisiaren inguruan hausnarketa eginen dute, betiere, zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspegitik. Elkarteek erakusmahaiak izanen dituzte egun osoan, eta bi hitzaldi eta film proiekzio bat izanen dira arrats apalean.
Magalie Besse zuzenbide doktorea da IFJDko zuzendaria, eta esplikatu du foro publikoa «biziki aberatsa» dela, ekartzen duen jende nahasketagatik. «Gure xedea da herritarrentzako zerbait egitea. Foroan eta udako unibertsitatean parte hartzen duten kolektiboak, eragileak eta norbanakoak nahasi nahi ditugu herritarrekin truka dezaten. Interesgarria zaigu oinarrizko eskubideen defentsan ari direnen engaiamendua argitan ezartzea, eta engaiamendu hori mota anitzetakoa izaten ahal dela erakustea».
«Interesgarria zaigu oinarrizko eskubideen defentsan ari direnen engaiamendua argitan ezartzea, eta engaiamendu hori mota anitzetakoa izaten ahal dela erakustea». MAGALIE BESSEIFJDko zuzendaria
Aurten, hiru eskubide sozial oinarrizkoren defentsan ari diren eragileak omendu nahi izan dituzte, eta, hain zuzen ere, arlo horretan ari diren tokiko elkarteei leku berezia egin diete. Alda, Bizi, Ostia, Hazi Sarea, Amnesty International, Acat, Emazteen Etxea eta Le Philistin elkarteetako kideak ezagutzeko parada izanen da.
Hitzaldiak, justiziaz
Bessek argi du elkarteak direla oinarrizko eskubideen aldeko borroken oinarrian, eta gaia barnatzeko hitzaldi bat antolatu dute biharko, 16:00etan, giza eskubideen zangopilatzeen salaketari buruz. Alda kolektiboko Xebax Christy izanen da mintzalarietako bat, eta etxebizitzaren krisiaren inguruan egiten duten lana aipatuko du; sustut, Airbnb enpresaren kontra eramandako borroka. Frantziako mehatzeetako langileen 1948ko grebaren inguruan mintzatuko da Dominique Simonnot kazetaria, eta Mama Avelina Rogel ekuadortarra populu autoktonoen borrokak aipatzeko izanen da. «Mintzaldi horren bidez, helburua da erakustea behar-beharrezkoak ditugula eskubide horien defentsarako altxatzen diren bozak: kolektiboak, norbanakoak...». IFJDren helburua, gero, kasu horiek aztertuz zuzenbide arloko «erreparaziorako» aterabideak xerkatzea da.
Beste hitzaldi bat eginen dute 17:45ean, Epaitu titulupean: ingurumen «krimenez», Greziako zor publikoaz eta Erresuma Batuko mehatzeetako langileen grebez mintzatuko dira hiru aditu. Arratsean, Ameriketako herri autoktonoetako borrokak aipagai dituen Warrior Women filma pasatuko dute, 21:30ean.