Ideia erreakzionarioen «tranpolina» Miarritzen

Ideia erreakzionarioak zabaltzen dituen CRSI taldeak batzarra egin zuen otsailean Miarritzeko Aguilera estadioko gela batean; Ipar Euskal Herriko hautetsi batzuek ere parte hartu zuten. Errugbi taldearen zale talde batek azalpenak galdetu dizkio klubari.

CRSI taldearen batzarra, Miarritzeko Aguilera estadioko gela batean, otsailaren 20an. GOIZEDER TABERNA
CRSI taldearen batzarra, Miarritzeko Aguilera estadioko gela batean, otsailaren 20an. GOIZEDER TABERNA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Segurtasuna, immigrazioa eta autoritatea. Hiru gai horien inguruko gogoeta gaualdi bat egin zuen CRSI Frantziako Barne Segurtasunaren Gogoetarako Zentroak otsailaren 20an, Miarritzeko Aguilera estadioko gela batean. Politikarien gogoetak laguntzeko think tank gisa aurkezten du bere burua CRSI taldeak, eta Pierre-Edouard Sterin eskuin muturreko ultraaberatsak diruztatzen du, besteak beste, zentro hori. Diseinatu duen Perikles planaren barne da: haren bidez, eskuin muturra boterera eraman nahi du 2027ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan, eta iritzi publikoan ideia erreakzionarioak errotu. Bada, Ipar Euskal Herriko zenbait hautetsi gaualdi horretan izan ziren: Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak sar hitza egin zuen, Maider Behotegi Bardozeko auzapez eta EEPko lehendakaria ere han izan zen, baita Manuel de Lara Donibane Lohizuneko oposizioko hautetsia ere. Miarritzeko Aguilera zelaiko gela batean egitea kasualitatea ote? Sterin da BO Miarritzeko Olympique errugbi taldearen zorrak estali dituen diruztatzailea. Justuki, BOUC errugbi klub horren zaleen taldeak kirol egiturari galdetu dio, agiri baten bidez, ultraaberatsak «ordain politikorik» galdetzen ote duen zorrak estaltzearen truke, hots, ideia erreakzionarioak zabaltzea nahi ote duen. Banderola bat zabaldu zuten egoera salatzeko martxoaren 7ko partidan, Miarritze antifaxista leloarekin.

Thibaut de Montbrial abokatua da CRSIko lehendakaria, eta haren sortzailea ere bai. Ez da detaile bat: eskuin muturreko Frontières (lehen, Livre Noir) hedabideko komite estrategikoan parte hartzen du. Urte hasieran, «immigranteen inbasioa laguntzen duten abokatuen» zerrenda bat plazaratu zuten. 2024an, Sterinek diruz lagundu zuen CRSI: hainbat hedabidek argitaratutako ikerketa baten arabera, taldeak bildutako diruaren %15 da Sterinek emana, eta Frantziako politikarien artean «segurtasunari buruzko gogoetak» bultzatzea da xedea; L’Humanité agerkariak argitara atera duen Perikles planean ageri da hori.

Segurtasuna, batzeko aitzakia

Aguilerako bilkuraren berri eman zuen Goizeder Taberna kazetariak, Mediabask-en agertutako artikulu batean. Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak (Errepublikanoak) parte hartu zuen, baita Anne Pinatel haren axuantak ere. Biltzarreko sar hitza egin zuen Aroztegik, eta adierazi Miarritzeko Herriko Etxearen lehentasuna dela segurtasuna: erran zuen polizia munizipala armatu duela, gehiago kontratatzeko eta pagatzeko erabakia hartu duela, eta kamera gehiago ezarri dituela.

Aroztegik Ipar Euskal Herriko Hitza-ri segurtatu dio, ordea, ez duela «nehondik ere» Periklesproiektuaren berri, eta ez duela «interes izpirik» ere gai horretan. Gaineratu du neholako solasik ez duela izan Pierre-Edouard Sterinekin proiektu horren inguruan. «Modem, Horizons eta LR alderdietako jendeek gonbidatu naute bilera horretara, neholaz ere ez eskuin muturreko jendeek. Segurtasunaz, herriko etxeez, auzapezen lanaz mintzatu gara», erran du. Salatu du «polemika hutsa» dela bileran parte hartu izanaz mintzatzea, eta «maltzurra» iruditzen zaio bilera hori eskuin muturrarekin lotzea. «Batasun Nazionaleko zerrenda bat osatzen ari da Miarritzen 2026ko herriko bozetarako, nire kontra. Horrek berak frogatzen du ez naizela eskuin muturrekoa».

«Modem, Horizons eta LR alderdietako jendeek gonbidatu naute bilera horretara, neholaz ere ez eskuin muturreko jendeek. Segurtasunaz, herriko etxeez, auzapezen lanaz mintzatu gara» MAIDER AROZTEGI Miarritzeko auzapeza

Montbrialek ordubeteko hitzaldia egin zuen otsailaren 20ko bilkuran. Besteak beste, erran zuen immigrazioari dagozkion datuak «izugarri handitzen» ari direla; haren estimazioen arabera, urtero «bi milioi immigrante sartzen dira Frantziara». Gehitu zuen: «Segurtasuna eta immigrazioa lotzeagatik kartzelara joan omen gaitezke; bada, nik biak lotuko ditut, eta asumituko dut. Zenbaki batek eztabaida hesten du: Frantzian %10 dira atzerritarrak, eta kartzeletan, berriz, %26». Alta, Aroztegik segurtatu du batzar horretan ez zela immigrazioaren eta segurtasunaren arteko «loturarik» egin. Montbrialek errandakoaz galdetuta, ordea, hau erantzun du: «A, horiek egitateetan oinarrituriko datuak dira: ez da epai bat, kopuruak dira. [...] Erran nahi du kartzeletan direnen %74 frantsesak direla». Nolanahi ere, haren arabera, «Frantzia salbaiagotzen ari da», eta horri aurre egiteko neurriak aipatzeko balio izan dio batzarrak.

Herriko bozen itzala

Tabernak salatu du batzarrean esandakoek «tranpolin» gisa balio dutela eskuin muturrarentzat. «Beste urrats bat da eskuin muturra Ipar Euskal Herrian egiten ari den bidean. Batasun Nazionala antolatua da, nahiz eta oraindik ez den egonkor. Eric Zemmourrek ehunka zale bildu zituen Miarritzeko Irati gelan. Ageri da iritzi publikoan ideia horiek hedatzen ari direla». Esplikatu du batzar hori ez zela «mitin» gisa pentsatua, baizik eta «ekitaldi arrunt gisa», eta prentsan ere hala agertu dela. «Eskuin muturraren diskurtsoa hain da normalizatua, non hedabide nagusiek ez duten gehiago deskodetzeko tresnarik ere. Halako lekuetan otsoa ez dute ikusten», deitoratu du.

«Europako bozetan, eskuin muturrak gorakada handia izan du, eta hautagaiek badakite herriko bozei begira hautesleria hori seduzitu nahi badute argumentu erreakzionarioak landu behar dituztela» GOIZEDER TABERNAKazetaria

Tokiko hautetsi batzuk han bildu izana «kalkulu elektoralista» gisa ulertu behar dela uste du Tabernak, heldu den urtean izanen baitira herriko bozak. «Europako bozetan, eskuin muturrak gorakada handia izan du, eta badakite herriko bozei begira hautesleria hori seduzitu nahi badute argumentu erreakzionarioak landu behar dituztela». Batzar hartan errandako guziarekin bat egiten ez duten arren, hautetsi batzuk intentzio horrekin joan ziren, haren ustez. Adibidez, Tabernak Maider Behotegiri galdetu zion zergatik joan zen, eta erantzun zion ez zuela parte hartzaileen «soslai politikoaren» berri; haren herriko segurtasun arazoei buruzko «aterabideak atzematera» joana zela.

BO, Sterinen milioien menpe

Miarritzeko Aguilera zelaian egin zuten biltzarra, eta errugbi taldearen logo handi bat zegoen oholtzan. Horrek BOUC zale taldearen haserrea piztu du, eta gaitzetsi dute klubaren irudia agerian egon izana eskuin muturreko ideiak zabaltzeko batzar batean. «Eremu horiek alokatuak izan dira, baina klubaren azpiegituren barnean gaualdi politiko baten antolatzea ez da funsgabea, batez ere bide ematen badu immigrazioa eta segurtasunik eza lotzen dituzten ideien sustatzeko», salatu dute agirian.

Eskuin muturraren kontrako banderola Agileran
BOko zaleen banderola Sterinen esku sartzea salatzeko, martxoaren 7ko partidan, Miarritzeko Agileran. GUILLAUME FAUVEAU

Gela Aguilerako segurtasuna kudeatzen duen enpresa pribatuaren bidez alokatu zuten, Maider Aroztegik Ipar Euskal Herriko Hitza-ri baieztatu dionez. Cesar Moussempes BOUC taldeko zaleetako bat da, eta «oso problematikoa» iruditzen zaio batzar hori kirol taldearen azpiegituretan eta logoa agerian zela egitea. «Kluba ari da politika egiten, ez gu. Gure galdea sinplea da: milioien trukean ordain politikorik egitea exijitzen ote du Sterinek?», galdetu du.

Izan ere, iaz BO taldea arriskuan egon zen ekonomikoki, eta lehendakaritza beste talde batek hartu zuenean, Pierre-Edouard Sterinek zuen mahai gainean ezarri klubak aitzina segitzeko beharrezko diru zama. Shaun Hegarty BOko lehendakariak argi utzi du: «Hor naizeno, klubak ez du politikarik eginen. Kirol talde bat gara, ez talde politiko bat. Miarritzeko logoak ez du talde politikoen ondoan agertzerik, horretan zaleek arrazoi dute. Nolanahi ere, gela hori alokatua zen, eta guri ez dagokigu jakitea hor zer egiten den. Argi utzi nahi dut: kirol talde bat gara, eta kirolean soilik daukagu interesa».

«Hor naizeno, klubak ez du politikarik eginen. Kirol talde bat gara, ez talde politiko bat. Miarritzeko logoak ez du talde politikoen ondoan agertzerik, horretan zaleek arrazoi dute» SHAUN HEGARTYBOko lehendakaria

Oroitarazi behar da Shaun Hegarty errugbi jokalari ohiak iaz hartu zuela klubaren lehendakaritza. Federico Martin Aranburu Miarritzeko jokalari ohiaren laguna zen, eta, harekin zegoen eskuin muturreko bi militantek Aranburu tiroz hil zutenean, Parisen, 2022ko martxoaren 19an.

Aroztegik, bestalde, segurtatu du ez dela «loturarik» batzar horren eta Sterinen artean. «Klubak kongresuak errezibitzeko jarduera bat abiatu du, finantzatzeko xedez. Sterinek ez dakike ere batzar hori egin denik: ez du deus ikustekorik». Perikles proiektuaren diseinatzaileak estrategia hain eraikia izanda, Tabernak ez du uste «kasualitate hutsa» denik. «CRSIk Miarritzen eratuko du Paristik kanpoko lehen adarra. Sterinek CRSI finantzatzen du, eta BO ere bai. Kasualitatea da? Duda dut».

PIERRE-EDOUARD STERIN

(ID_17413622392875) Sterin

 

Eskuin muturrak agintzeko 'Perikles plana', martxan 

Smartbox bidaiak eskaintzeko opari kutxen enpresarekin eta Otium Capital inbestimendu funtsarekin aberastu da Pierre-Edouard Sterin. 1,4 miliar euroko fortuna du. Harreman hertsia du eskuin erreakzionarioarekin eta eskuin muturrarekin; katoliko tradizionalista da, eta «gudu kulturala» eraman nahi du Frantzian, herrialdeko «balioen salbatzeko». Valeurs actuelles eskuin muturreko aldizkaria erosi nahi izan zuen iaz. Abortua «infantizidioa» dela errana du behin eta berriz prentsan, baita immigrazioari aurre egin behar zaiola ere. Haren izena gero eta ezagunagoa da Frantziako paisaia politikoan, sustut iazko uztailean L'Humanité aldizkariak Sterinen sekretupeko Perikles proiektua argitara atera zuenetik. 2027ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan eskuin muturra garaile izateko estrategia biltzen du dokumentu horrek. 

 

150 milioi euro baliatu nahi ditu Sterinek hura gauzatzeko, ideia erreakzionarioak gizartean txertatzeko, eta plan xehea egina du horretarako: politikarien trebatzeko eskolak, gogoeta taldeak, hedabideak, tokiko elkarteekilako harremanak... Lehen urrats gisa, nahi du 2026ko herriko bozetan Batasun Nazionalak irabaztea Frantziako hirurehun herritan. 

Miarritzeko BO errugbi taldea finantzatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.