Iazko uholdeen ondotik, ortzadarra iragarri dute aurtengo Herri Urratsen

Igandean bi gune berri izanen dira Senpereko aintziraren inguruan. Azkeneko urtean lortu garaipenak eta desafio berriak aipatuko dituzte.

HERRI URRATS
Zetak taldearen kontzertua iazko Herri Urratsen, Senperen. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2024ko maiatzaren 10a
05:05
Entzun

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriaren hitzetan, «inoiz baino Herri Urrats handiagoa» egin nahi dute igande honetan. Senpereko aintziran iragan urtean izan ziren uholdeek besta azkarki oztopatu ondotik, aro txarraren gibeletik eguzkia agertzen delakoan, Ortzadarra deitu dute aurtengo aldia. Ohiko guneez gain, beste bi izanen dira aurten, baita programazio aberatsa ere. 

2023ko aldia gune bakarrera mugatu behar izan zuten aroaren ondorioz, baina, hala ere, ekonomikoki ez zen gehiegizko kolpea izan, Jorajuriaren arabera, «elkartasun handia izan baitzen». Esker onez mintzatu da: «Zinez eskertu nahi ditugu elkartasuna helarazi ziguten guztiak». Dena den, ohiko besta handiaren formatura itzultzea desiratzen du Jorajuriak, «euskararen egun handi» hori ospatzeko, batetik, eta Beskoitzeko ikastola laguntzeko, bestetik: «Beharko da ikastola berri bat eraiki Beskoitzen. Ikastola hori Euskal Herriak du eraikiko, eta Herri Urrats horrendako baliatuko dugu». 

Garaipen eta desafioak 

Senpereko aintziraren inguruan dena ez da besta izanen igandean, halere, goizean ekitaldi instituzionala eginen baitute. Momentu hori, Jorajuriak zehaztu duenez, bilanaren tenorea izanen da: «Baliatuko dugu azken urtean ukan ditugun aitzinamendu eta garaipenak ospatzeko, eta puntua egiteko ondoko desafioei begira». 

Herri Urratseko irabaziak horretara bideratuko direnez, ez da faltako Beskoitzeko ikastolaren testuinguruaren aipamenik. UEU eta Seaskak izenpetu berri duten hitzarmena ere aipatuko du Jorajuriak, zeinek «kolegioko hirugarreneko ikasleen euskara maila ebaluatzea eta segurtatzea» bermatuko duen; «aitzinamendu bat» da, Seaskako buruarentzat. Azterketak euskaraz pasatzeko aldarrikapenak, berriz, badu gazi-gozotik Jorajuriarentzat, brebetarentzat kausitu dena ez baita baxoarentzat ukan: «Ezin gara horrekin gelditu». 

EEPren aurrekontuak izoztuak direla gaitzetsi du. «Horrek erran nahi du euskalgintzako aurrekontuak ere izoztuak direla. Ez ditugu behar diren baliabideak gure misioak aitzinera eramateko eta Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko», deitoratu du. 

Igandeko goizeko ekitaldia partaide instituzional guztiak biltzeko parada bakana da Seaskarentzat, eta horietarik batzuek «momentu horretan engaiamenduak hartzen» dituztela gehitu du Jorajuriak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.