Emazteak, etxaldeetako «zurkaitz»

Euskal Hedabideen 'Emazte laborariak solasean' emankizunean, Iparraldeko lau emazte laborari bildu dira; etxaldeen heren baten buru izanik ere, emazte laborariak «ikusezinak» direla uste dute.

Oihana Teyseyre Koskarat.
Ortzaize
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Hogeita hemezortzi emaztek erran diote ezetz, ez zutela Euskal Hedabideen Emazte laborariak solasean emankizunean parte hartuko. Hala kontatu du Pantxika Maitia Kanaldudeko aurkezleak, emankizuna prestatzen ibili denak. «Emazte laborariak argitan ezartzea zaila» izanik ere, lau izan dira parte hartzea onartu dutenak: Maite Thikoipe, Elorri Aizager, Josette Arraiet eta Jeanine Arhantzet. Ortzaizeko Asteburua ostatuan izan da saioa. Atzo arratsean hedatu zuten Euskal Hedabideek. Nahiz eta ikuspegi diferenteak izan, ados dira emazteak etxaldeetan «zurkaitz» direla errateko. Euskal Hirigune Elkargoaren Plazandere proiektuaren diru laguntza izan dute emankizuna grabatzeko.

Maite Thikoipe: «Hatsarrean ez nekien dena egiten, baina emeki ikasi dut»

Maite Thikoipe
Maite Thikoipe, beste hirurak bezala, Ortzaizeko Asteburua ostatuan, Euskal Hedabideek antolatutako saioan. PATXI BELTZAIZ

Maite Thikoipe 2005ean plantatu zen, Ainharben, etxaldean ari zen haren anaia zendu ondoan. «Emeki trebatu nintzen, ezker-eskuin laguntza galdeginez. Hatsarrean ez nekien dena egiten, baina emeki ikasi dut», esplikatu du. Plantatu zenean, amaren laguntza izan zuen lan administratiboarekin, baina ama zenduta, zailtasun handiak izan zituen. Finean, Afog elkarteari esker, dosierrak muntatzeko laguntza ukan zuen: «Xendra bat ematen dizute lan horietan laguntzeko».

Martxoaren 8a —emazteen eskubideen aldeko nazioarteko eguna— izan du gogoan Thikoipek, eta uste du balio duela oraino markatzeko «sistema patriarkala» dela, laborantza munduan ere. «Oraino ez da parekidetasunik gizonen eta emazteen artean; urrats anitz baditugu egiteko laborantza munduan».

 

Jeanine Arhantzet: «Laborarientzat ez da erraza osasun arazoen aipatzea, baina gauzak aldatzen ari dira»

Jeanine Arhantzet 
Jeanine Arhantzet. PATXI BELTZAIZ

Jutsiko Jeanine Arhantzeten gurasoak ere laborariak ziren, eta hiru ahizpen erdikoa da hura; gehienak osasun arrazoi batzuengatik ezin zuen plantatu, eta, horren ondorioz, hura zen familiako etxaldean hasi, Jutsin. 250 ardi esnedun ditu, eta etxean gasnatzen du. Haragitako behiak ere baditu. Senarrarekin ari da etxaldean, baina 2011ra arte ezin izan zuten biek etxaldeburu ezarri, ordura arte ez baitzen GAEC Ustiapen Komuneko Laborantza Elkarte gisa ezartzen ahal. Baina posible denez geroztik, GAEC bilakatu dira. Plantatu denetik, Jutsin berean ez du uste etxalde kopurua beheiti ari denik. «Haatik, ez dakit denek segidarik ba ote duten. Oraingoz, emazteak, badira. Jutsin, 26 etxaldetarik hamarretan emazteak dira buru».

MSA laborarien asurantza kutxako hautetsia ere bada Arhantzet. «Barnetik nola pasatzen zen ikusi nahi nuen», aitortu du. «Laborarientzat ez da erraza osasun arazoen aipatzea, baina gauzak aldatzen ari dira». Kontatu du MSAk batzorde berezi bat osatu duela laborarien ezinegonaren inguruan. «Ohartu gara gehienak gizonak direla arazoak dituztenak, baina emazteek —amak, arrebak edo alabak— akuilaturik heldu direla batzorde horretara».

MSAk emazte laborariei buruz argitaratu berri duen txostena ere izan du hizpide. Frantzian egin duten inkesta da, eta 1.000 emazte galdekatu dituzte: laborariak, baita laborari alaba eta bikotekideak ere. Laborari direnek beren ofizioa «pasioz» egiten dutela dio txostenak, baina «biziki zaila» dela ere bai, eta «guti ezagutua». Gehienek ere uste dute gizonen eta emazteen arteko desberdintasun anitz badela laborantza munduan. Alta, Arhantzetek argi du emazteak etxaldeetan «beharrezkoak» direla; are gehiago, etxaldeen «zurkaitz» direla erran du.

 

Elorri Aizager: «Euskal Herrian beste errealitate bat dugu: bada sare bat, hazi eta hazten gaituena»

Elorri Aizager
Elorri Aizager. PATXI BELTZAIZ

Elorri Aizager da lauretan gazteena, eta Ortzaizen plantatua da, familiako etxaldean. Aita laboraria zuen, eta luzaz ez du uste izan etxaldea hartuko zuenik, baina aitaren erretreta jin ahala gogoetak eginik, BPREA diploma pasatu, eta etxaldean plantatu zen. Amatu berri zen orduan, eta etxaldeburu bilakatu zen lau hilabeteko nini bat zuela. «Aitaren erretreta uste baino fiteago jin zen, paper anitz baziren, baina gauzak fite egin behar ziren; enetzat, ez zen hain berri ona hain fite egitea, baina ororen buru, egin nuen». Eta ez da damu. Ardiak eta ahuntzak baditu; urtean bost hilabetez mendira igotzen da kabalekin eta haurrekin; gero, etxean gasnatzen du.

Aizagerrek uste du laborantza munduan gizonen eta emazteen arteko desberdintasunak badirela, eta hori aldatzeko «erreferentziak aldatu behar» dira, haren arabera. MSAren txostena ikusita, ordea, uste du ez dela Ipar Euskal Herriko errealitatearen ordezkari: «Guk, halere, Euskal Herrian beste errealitate bat dugu: bada sare bat, hazi eta hazten gaituena. Jendea plantatzen da eta zailtasunetatik sorkuntzarako indarra heldu da; zentzu horretan, uste dut erreferentzia berriak ere heldu direla, eta sinetsi behar dugula gauzak aldatzen ahal direla».

Hain zuzen, egiteko manera berriak asmatzen entseatzen da. «Lana gauza inportantea da, baina denbora hartzea ere bai. Behar dira egiteko manerak aldatu, eta dependentzia txikiagoa izan behar dugu emazte laborariek etxaldearekiko».

Josette Arraiet: «Sustut auzoko etxaldeetako emazteen laguntza ukan dut»

Josette Arraiet
Josette Arraiet. PATXI BELTZAIZ

Josette Arraiet Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, eta 27 urtetan etorri zen Ipar Euskal Herrira, Anhauzeko Ontzorone auzora. Senarrarekin plantatu zen, eta hastetik EARL Ardura Mugatuko Laborantza Elkarte gisa ezarri ziren, biak kogerente. «Horrek anitz lagundu ninduen, senarraren pareko nintzelako, eta horri esker izan dut segitzeko indarra», aitortu du.

2018an senarra galdu zuen, eta ordutik etxaldean segitzen du langile batekin. Senarraren heriotzaren ondotik ez du «sekulan» dudatu segitu ala ez: «Ez da hauturik, inbestizamendu anitz eginak genituen, eta ez dut pentsatu segitu ala ez; segitu behar zen eta segitu dut». Arraietek auzoan izan dituen «sostengua eta elkarlana» eskertu ditu. «Sustut auzoko etxaldeetako emazteen laguntza ukan dut, senarra eri zenean, haurrekin lagundu naute anitz». Mendikoa kooperatibako administratzaile ere bada.

Denbora joan ahala, beretako denbora hartzen entseatzen da Arraiet. Uste du «xantza» handia izan duela, senarra bizi zenean AEBetara urtean behin joaten ahal zelako haurrekin, eta senarra arduratzen baitzen etxaldeaz anartean. Orain, egin ahalak egiten ditu beretako denbora hartzeko, baina argi du «itzultzean lana beti hor» dela; «nehork ez du gure partez egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.