Hiru... bi... bat, goazen!
Hiru ta hiru sei
hiru bederatzi
hamar hemeretzi
bat hogei
Kaskailu ta mixkilu
Hirurogei
dio haur kantu batek.
Hiru zenbakia, bi eta lauren artekoa.
Zenbaki lehen bakoiti txikiena.
Hiru haurrek etxean matematikarik egin gabe pasatu dituzten bakantza hilabeteak.
Hiru aste badira Mikel Urgandarinek neska gazte bat ezagutu zuela.
Hiru dira gure nahiaren kontra jarri diguten muga polizialaren Iparraldean diren euskal probintziak.
Hiru Euskal Autonomia Erkidegoko probintziak… Nafarroa aparte jarri zutenez.
Hiru, trinitatea, aitaren, semearen eta ez dakit noren... ama eta alabarik ez bekaturik gabeko mundu horretan.
Hiru urte irauten ote du maitasunak gaskoi izena duen frantses idazle baten lan ezagunenetakoan.
Hiru txerrikumeren beharra izan zen otso bakarraren kontra.
Hiru belarritara heldu ezkero, ezta isilpekorik dio erran zaharrak.
Hiru, hiru, hiru, kolkoa bete diru.
Hiru, korta bete miru.
Hiru ere aspaldidanik ahoz aho iritsi zaigun ipuineko olatuak.
Hiru trinitatea. Eta Hamahiru? Ez dok Hamahiru!
Hiru zenbaki magikoa.
Kloto, Lakesis eta Atropos, hiru Moiren izenak.
Hiru, orekaren sinboloa.
Ba, zer ote du honek gaur hiru zenbaki madarikatu horrekin?
Nik? Deus... ez bada ene berrogeita hamaHirugarren urtean naizela.
Eta zutabe honetan ergelkeriatan arituko naizen hirugarren urtea gaur berean abiatzen dudala.
Hirugarrena eta azkena!
Laugarren baten egitea iruzurra litzateke.
Nik urte hondarrean irus lanari erranen diot mus!
Hiru urte, aski dela diot nik.
Zuei zer iruditzen zaizue?