Aldaketa handia izanen da 2026ko herriko bozetan. Lege erreforma bozkatu zuten astelehenean Frantziako Asanblean, eta mila pertsonatik beherako herrietan zerrenda itxiak eta parekideak izan beharko direla erabaki zuten. Horrek goitik behera aldatuko du herri txikietako bozka eredua. Herriko kontseiluetan emazte hautetsi gehiago izatea eraginen du mekanikoki, eta hori baikorra dela uste dute BERRIAk elkarrizketatu dituen hainbat hautetsik. Baina zerrenda osoak izateko betebeharrak duda gehiago sortu die. «Zaila izanen da zerrendak osatzea», iharduki du Maite Pitrau Atharratzeko (Zuberoa) auzapezak.
Orain arte, bozkatzeko modu berezia zuten herri txikietan. Hautagaitzak banaka ala taldean aurkeztu zitezkeen, eta posible zen herriko kontseiluan zegoen hautetsi kopurua baino gutxiagoko zerrendak egitea. Are gehiago, bozkatzeko garaian, zerrendako izen batzuk marratzea erabaki zezakeen hautesleak; 2014 aitzin, hautagai ez zirenen izenak eskuz gehitzeko aukera ere bazen. Lehen itzuliko hautagai kopurua herriko kontseiluko hautetsi kopurua baino apalagoa bazen, posible zen hautagai bat bigarren itzulian bakarrik aurkeztea. Bistan dena, sistema horrek ez zuen bermatzen hautagaitzen parekidetasuna; barnealdeko herri txiki batzuetan, gizonezkoak dira hautetsi guziak.
«Duela ehun urte notableak baizik ez ziren kontseiluetan, eta gero langileak eta laborariak ere sartu ziren; orain, emazteek ere beren lekua izanen dute»
MAITE PITRAUAtharratzeko auzapeza
Erreformaren ondorioz, zerrenda osoak aurkeztu beharko dira orain —gehienez ere hautetsi kopurua baino bi gutxiago izatea baimenduko dute—, eta zerrenda parekideak izan beharko dira. «Gauza ona da», Beñat Cachenaut Iholdiko (Nafarroa Beherea) auzapezaren iritziz. «Mekanikoki emazte gehiago izanen da herriko kontseiluetan». Pitrauk ere erran du «loriatua dela» erreformarekin. «Dolugarri da lege baten beharra izatea, baina behartuko du emazteen bila joatea; eta emazteak behartuko ditu engaiatzera. Ez gara ohituak».
Berdintsu mintzatu da Xole Aire Urepeleko (Nafarroa Beherea) auzapeza ere. Berri «ona» dela dio, herri batzuetan jadanik egiten bada ere legeak beste indar bat emanen diolako. 2020an zerrenda bakarra izan zuten herrian, eta helburu gisa hartu zuten parekidea izatea, baina baten faltan ez zuten kausitu. «Elekatu genituen emazteak uzkur ziren, ez ziren menturatzen, ez zuten uste lekua bazutela». Berrogei urteko emazte batek emandako erantzuna oroitu du: «Ene senarra jinen da». «Erantzun genion ez ginela haren senarraren bila joanak, haren bila joanak ginela». Baina ez zuten konbentzitu.
«Anitzek erraten dute neke dela emazteak atzematea; gizon edo emazte, engaiatuko den jendea atzematea da zaila»
PATRICK ETXEGARAILandibarreko auzapeza
Pitrau 2008an sartu zen herriko kontseiluan, eta bi agintaldi egin zituen hautetsi gisa 2020an auzapez izendatua izan aitzin. «Ikusi nuen gauzak nola ziren: sozial arloaz edo kulturaz mintzatzean, emazteak entzunak ginen, baina finantzei buruz mintzatzen hastean ez. Nardagarria zen kasik lore pote bat bezala kontsideratua izatea. Haserrearazi ninduen». Hautetsia zen gizon batekin egindako test bat oroitu du: esaldi berak erraten zituzten bilkuretan; gizona entzuten zuten, bera ez. «Jarraiki nuen entzuna izan nendin entseatzen, beharrezkoa zela uste nuen aldi oro», kontatu du. Erreformak «demokratizazio bat» ekarriko duela baieztatu du: «Duela ehun urte, notableak baizik ez ziren kontseiluetan, eta gero langileak eta laborariak ere sartu ziren; orain, emazteek ere beren lekua izanen dute».
Patrick Etxegarai Landibarreko (Nafarroa Beherea) auzapezaren iritziz, emazteek leku gehiago izatea baikorra bada ere, ez da hori herri txikietako funtsezko arazoa. «Anitzek erraten dute neke dela emazteak atzematea; gizon edo emazte, engaiatuko den jendea atzematea da zaila. Herri txikietan bada lan anitz, bilkura anitz. Behar da engaiatzeko enbeia kontseiluan sartzeko».
Botoen kontaketako «umiliazioa»
Zerrenda osoak egitera behartu eta izenak zirrimarratzeko aukera kentzea izanen da lege erreformak ekarriko duen beste berritasuna. Airek erran du «presio sozial handia» eragiten zuela sistema horrek herri txikietan. «Ez da batere goxo norbere izena marratua ikustea, eta batzuetan baziren txarkeriak idatziak ere. Botoen kontatzeko momentuan ahots gora erranak ziren, eta umiliazio publikoa izan zitekeen». Kontatu du batek baino gehiagok erran izan diola ez zuela «indarrik» halako egoerak jasateko.
«Ez da batere goxo norbere izena marratua ikustea, eta batzuetan baziren txarkeriak idatziak ere. Botoen kontatzeko momentuan ahots gora erranak ziren, eta umiliazio publikoa izan zitekeen»
XOLE AIREUrepeleko auzapeza
Cachenauten iritziz ere, gauza ona da, ez delako gertatuko zerrenda bereko bi hautagaik boz kopuru desberdina ukaitea. «Batzuek beldurra edo ahalkea zuten marratuak izateko, izaten ahal ziren istorioak. Errazagoa izanen da listak muntatzea». Horrez gain, auzapezak «ekipo bat» behar duela erran du. Bestelako ikuspegia eman du Pitrauk: «Herri txikietan denek elkar ezagutzen dugu. Hautagai bat marratu genezakeen, pertsona ezagutzen dugulako». Horrek zerrenda ezberdinetako jendea hautatzeko bidea ematen zuela iritzi dio.
Pertsonari begiratu ordez proiektuak lehiatzeko aukera eman lezakeela uste dute Cachenautek eta Airek. Kontrako ikuspegia eman du Etxegaraik: «Baldin badira bi lista, jendeak auzapeza hautatuko du». Horrez gain, urte batez, informazio eta pedagogia lan handia egin beharko dela iradoki du. Izan ere, adineko anitz boz zerrenden nahaste horrekin usatuak direla erran du, eta uste du izenak marratzen segitu lezaketela. «Izanen dira boto anitz bali ez direnak».