Atzo hasi ziren Donapaleuko Otsail Ostegunak. Aurten, bost hitzaldi apailatu ditu Zabalik elkarteak, bost egunez egiteko. Herriko kulturaren ondokotza, kazetaritza, literatura eta euskararen egoera izanen dira aipagaiak. Baita Arruta-Xarrikotako Zamakoitzia etxea ere, Hego Euskal Herriko errefuxiatu errepublikanoen aterpe izan zena.
Juan Carlos Etxegoien Xamar Aezkoa Gararldako (Nafarroa) idazlea Zabalik elkarteko amikuztarren aspaldiko laguna barda jina zen Otsail Ostegunen irekitzera, plazaratu berri duen liburua aurkeztera: Biziaroak. Herri kultura. «Populu eta herri gisa elkarrekin funtzionatzeko molde batzuk asmatu dira mendeetan zehar, erritu deitzen direnak batzuetan, edo auzoen arteko harremanak», oroitarazi du Zabalik elkarteko Mattin Irigoienek liburuko gogoeta.
Ohiturak edo tradizioa izenak erabiltzen dira noiztenka herri baten kultura definitzerakoan, edo, beste gisa batean erranik, «populu guziek eraiki dutena bizi ahal izateko, elkartasuna bermatzeko, jendeen artean hein batean pasatu zedin». Ikusten da «tradizioa» deitzen dena «beti berritzen den gauza bat dela», gehitu du Irigoienek. Gizartean funtzio bat duten ibilmoldeak direla, hala nola «gazteak komunitatean sarrarazteko helburua duten erritu iniziatiko» batzuk; halaber, jendea sortzen edo hiltzen denean. Xamarrek ondokotza horri ikuspegi orokor bat ekarri dio, eta «galdekatzen du zer den kulturan, hondarrean, zer atxiki nahi dugun».
Funtsezko kazetaritza
Pello Zubiria Argia astekariko kazetari ezagunaren artikulu bilduma joria argitaratu dute Argia-koek Planeta prekarioan izenburu pean. Horren aipatzera jinen da Zubiria bera, heldu den ostegunean, Donapaleura. «Bizi baten engaiamendua da, hondarrean, kazetaritzan», laburbildu du Irigoienek. Informazioaren eta haren iturriaren zorroztasuna bilatzen duen kazetaritza bat. Kazetaritzaren «eginbehar hori non ikusten duen» erranen du Zubiriak; non duen «funtsa». Argia astekarian daraman Net Hurbil saila kazetaritza eredu horren adibidea dela erran du Irigoienek: «Inportantzia ematen dio iturrien agertzeari. Bada desmartxa bat irakurleari buruz, datuak emanez eta exijentzia bat kazetaritzari buruz, bestela ikusten den sentsazionalismoaren kontra».
Otsailaren 15ean jinen da Itxaro Borda. Sortzez Oragarrekoa den idazle amikuztarrak bost hamarkadako bere ibilbidea izanen du aipagai. Zabaliken aurkezpenak hala ekarri du hitzaldia: «Hamabost urteetan publikatzen hasia zen jadanik gure oragartar idazlea. 50 urte aurten, eta geroztik etengabe idazten ari izana zaigu: poemak, nobelak, iritzi artikuluak, mota guzietako idazmoldeak landuak ditu».
Euskaltzaindian sartu da berriki Borda, eta sartze ekitaldi ofiziala antolatu zioten urrian, Baionako herriko etxean. Horko mintzaldiko haritik ariko da Donapaleun ere, irigoienek erran duenez: «Diskurtso bat egin zuen Euskaltzaindian sartzean bere ibilbideari buruz, eta egin dugu menturaz interesgarria dela hori ekartzea Baionako herriko etxeko urrezko palaziotik kanpo ere». Itxaro Bordak berak esplika dezan ibilbide horretaz duen irakurketa eta bizipena. Aldi berean, irakurleari parada eman nahi zaio galdeen egiteko. «Irakurleek badukete enbeia bere literatur ibilbideaz eta bere hautuez galdetzeko». Iritzi artikulu anitz badu idatzirik Bordak, eta idazten oraino. «Probokatzaile fama» egin zitzaion atera zuen Basilika lehen liburutik. Gogoen kilikatzea laket izan du betidanik, eta «polemika bidetik» egin idatzi horietaz mintzatzeko momentua izanen da Donapaleuko hitzaldia.
Ondoko osteguna Arruta-Xarrikotako Zamakoitziak Euskal Herriko historian izan duen lekua aipatuko dute. Espainiako 36ko gerra Amikuzeraino jin zen, nolabait. «Bada gertakari horien harira guti ezagutzen den kapitulu bat, eta gure Amikuzeko xokoa xuxenki hunkitzen duena», dio Zabalik elkarteak aurkezpenean. Zamakoitziak, errefuxiatu errepublikanoak aterpetu zituen eta Irungo Kepa Oordoki memoria taldeko Joxan Elosegi jinen da horren aipatzera.
Ikusi gehiago
Euskara ala ez gara
Iñaki Iurrebaso EHUko soziologoak Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa, 1.500 orriko doktoretza tesia aurkeztu zuen duela bi urte. Euskara zinez zer egoeratan den agerian eman duen lana da, gauzak doi bat haxean ezarri dituena. Horren zehaztera jinen da Donapaleura, otsailaren 29an, Plazara kolektiboko Eneko Gorrirekin.
Ipar Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak duela kasik urtea ezagutarazi zituzten. Behingoan, kinkaren goibela doi bat aitortu zen, baina Irigoienek dio guti barnatu dela, damurik. «Primaderan atera zirelarik inkesta soziolinguistikoaren emaitzak ez ziren hainbeste ikertu, aipatu, baliatu; beste aldi batzuez egin zelarik aise gehiago». Beste aldi horiek aitzineko inkesta soziolinguistikoak izan dira, beti mezu baikor batekin aipatzen zirenak, «errateko bide onean» doala kontua. Iurrebasok egin duen tesia xehe-xeheak artoski landu eta barnatu ditu inkestetako datu guziak, eta irakurketa argi eta garbia jalgi du, bestelako argazki bat ematen baitu euskarak Euskal Herrian bizi duen kinkaz.
Azterketa horrek «genituen sentimendu batzuekin topo egiten du», dio argiki Irigoienek. Odolustea ezinikusia egiten balitzaio bezala frankori, Irigoienek kontatu du Otsail Ostegunetan berean izan dela ardura eztabaida: «Jendeak nahi du bere burua konbentzitu. Norbaitek erraten badu gibelka ari garela, beti badira hiru errateko: ‘Ez, ez, ez aitzina goaz! Lehen gibelago ginen!’. Arazoa da zenbakiak eta errealitatea beste norabait joaten direla». Iurrebasoren lan zientifikoak biluzirik utzi du egoera.
Eneko Gorrik Iurrebasoren ikerketa laburbildu zuen Euskal Konfederazioak abenduan antolatu jardunaldietan, eta elkarrekin galdekatuko dute kinka erreal horren aitzinean nola joka daitekeen. «Gaur, zer defendatuko dugu, non dira lehentasunak? Hizkuntzaren hedapenean nahi bada estrategia bat muntatu diagnostiko xuxen batetik abiatzea ere ez da gaizki. Bestela, ez gara urrun joanen», bukatu du Irigoienek.