Herri hazien biziarazteko sarea

BLEk Hazi sarea sortu du; tokiko herri hazien inguruan laborariak, etxeko baratzegileak eta herritarrak saretzea da asmoa, herri hazien begiratzeko, trukatzeko eta ugaritzeko.

Jean-Claude Lopez, Coralie Delamour, Nicolas Mendiburu eta Manon Mercier, Hazi Sareko kideak (BLE)
Jean-Claude Lopez, Coralie Delamour, Nicolas Mendiburu eta Manon Mercier, Hazi sareko kideak (BLE), abenduaren 7an, Baionan. I.E.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Hemezortzi hilabetez etxeko lanak eginik, Biharko Lurraren Elkarteak Hazi sarea aurkeztu du. Gero eta beregainago den herri laborantza helburu, tokiko hazi motak ezagutu, trukatu eta ugaritzea da asmoa. Horretarako, diru asmorik gabe, ofizioko laborariak eta baratzegile amateurrak sarean ezartzen hasi da BLE jakintzak partekatzeko eta aholku teknikoak zabaltzeko. Horrekin batean, jada landuak diren herri hazien biltzen hasia da, eta etxean tokiko hazi bat begiratu duen oro gomit da ezagutaraztera.

Hazien inguruko ezagutza eta trukea berriz eskuratzeko gutizia FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak eman zenbaki «arranguragarri» batetarik heldu dela azpimarratu du Nicolas Mendiburuk, Irisarrin baratzezain eta BLEko bulegoko kide denak: «XX. mende hastapenetik hona, munduko landare hazien %75 galdu dira». Ondorioa da hazkurri gisa jendeak garatu aniztasuna galtzera doala, «eta harekin zeraman aniztasun genetikoa».

Galtze horren gibelean esplikazio bat baino gehiago bada. Laborantza industrialaren orokortzearekin, «industria batek bizidunak berbeta bidez bereganatzea» bada, negozio egiteko. F1 motako hazi hibridoak inposatu ditu industria horrek mundu zabaleko laborarien artean, baita GEO genetikoki eraldatu organismoak ere. Legeak murriztu hazi trukerako zuzena ere bada, bestalde, arrazoietan.

Aspaldiko xedea du BLEk tokiko herri hazien salbatzea eta garatzea kinka horri buru egiteko. 2003an abiatu zuen gogoeta, baina duela lau urte, biltzar nagusiaren karietara, deliberatu zuen haziei eta landutako aniztasunari buruzko lanen barnatzea. 2022an animatzaile bat hartu du lan horren eramateko: Manon Mercier. Urte bat eta erdiz laborari, baratzegile eta herritar nahiant oro biltzeko bilkura andana bat egin ditu, geroztik eta sarea egituratu du. 70 laborari eta berrehun etxe baratzegile hurbildu dira egitasmora. Aurten sarearen gidaritza batzordea sortu dute, eta herri hazien bilketa eta sailkatze lanari lotu zaizkie sarekideak.

Orain arte egin lanak eta finkatu betekizunak laburbildu ditu Manon Mercierrek: herri haziei buruz sentsibilizazio lana egitea laborariekin eta herritarrekin. Horretarako, zine-eztabaidak, erakusmahaiak eta eskoletan hitzartzeak egin eta eginen ditu Hazi sareak. Hazien trukatzeko egunak ere egitekoak ditu. Bata otsailaren 24an Lakarran eginen den Hazi Azoka izanen da. Horrez gain, formazioak emanen dituzte, Mercierrek adierazi duenez, «herri haziak ugaldu eta berriz erabiltzen ikasteko». Horrekin, sailkatu hazi edo landare bakoitzaren orri teknikoak osatuko ditu hari buruzko xehetasunekin; «baliabide horiek bildu nahi ditugu ahal bezainbat zabaltzeko, landu bioaniztasunari buruzko informazioak zabaltzeko».

Herri hazien bilketa

Hibrido industrialak eta GEOak ez bezala, «herri haziak libreak dira eskubidez eta jabegoz, naturalki hautatuak dira herriko etxalde eta baratzeetan; azkarrak dira, eta ongailu guti aski dute», zehaztu du Mendiburuk. Hazi edo landare horiek lurraldeari egokituak dira, eta genetika guziz aberatsekoak dira.

Horregatik, eginahala hazi zerrendatu nahi ditu Hazi sareak, baina ez erresalbuan atxikitzeko, Mercierrek erran duenez: «Kontserbazio dinamikoa deitzen diogu horri, helburua ez baita hozkailu batean atxikitzea, baizik eta urte guziz berriz ereitea, klima aldaketei eta lurrari etengabe egokitzen diren landareak direnez, segi dezaten urtez urte egokitzen».

Hazi Sareko prentsaurrekoan, hazi batzuk
Hazi sarearen hazi batzuk, abenduaren 7an, Baionako prentsaurrekoan. I.E.

Sarearen sortzaileek argi dute beren baratzeko haziak baliatzen dituzten eginahala jenderengana heltzea funtsezkoa dela. Hazi guzien berri ukaiteko, eta aberastasun hori «atxikitzeko». Horretarako dute hazi motaren deskribatzeko orria apailatu, Mendiburuk jakinarazi duenez, «ezagutza tekniko berezirik ukan gabe ere, bat-bederak sarean parte har dezan». Bidenabar, baliatu nahi dute hazien inguruko jakintza eta trebetasunen berreskuratzeko. «Gure nahikaria da jendeari gogoa ematea herri hazien begiratze programa horretan parte hartzeko».

Jean-Claude Lopez baratzezaina da Larzabalen, eta BLEko kidea, eta argiki erran du denek beren lekua dutela Hazi sarean, «baratze egiten hasiberriak izan ala zorituagoak izan». Jarri dituen helburuei ihardesteko sareak denen beharra duela gehitu du Lopezek. «Haziek ez dute multinazional bakar batzuen eskuetan egon behar; denen ontasun gisa biziarazi behar ditugu». Baratzezainek ongi dakite zer den hazien menekotasuna, kanpoan erosi behar izan baitituzte orain arte. «Funtsezkoa zaigu hazi saltzaile handien menekotasunetik ateratzea», segitu du Lopezek. «Hazi biologikoen hiru laurdenak Monsantorenak dira».

Mendiburuk aitortu duenez, baratzezainentzat barazki ekoiztea, gehi hazien berreskuratzea berriz ereiteko, zaila ikusten zuten zenbait urte oraino. Gaur egun, franko «alaia» iduritzen zaio beregainagoak bihur ditzakeen bide horretan sartzea. «Ekoizpen bururaino joatea» gogobetegarria zaio. «Egiten duguna bere osotasunean eta beste gisan ikusten dugu, heldu den urtean ekarriko duen kalitatearengatik ere».

Jakinez estatuetako legeak hertsatzaileak direla laborarientzat. «Saldua izateko, hazi batek katalogo ofizialean agertu behar du; beraz, patente baten pean da, eta kostu bat badu», azaldu du Mercierrek. Gainera, katalogoan agertzeko, haziak homogeneoa izan behar du, «eta ez du deus ikustekorik herri haziekin». Horiek hola, deusek ez die debekatzen laborari edota baratzegileei etxeko hazien trukatzea beren artean. Legea doi bat aldatu da berriki, Mercierrek erran duenez: «2023ko urtarrilaz geroztik, laborantza biologikoan haziak saltzen ahal dizkiete batak besteari». Baina Hazi sarearen helburua ez da negozio bat sortzea, baizik eta maila guzietako trukea.

HAZI SAREA ZENBAKITAN

25

zenbat hazi mota lantzen dituen.

70

zenbat laborari diren inplikatuak.

200

zenbat baratzegile amateur hunki dituen.

Mota zaharren indarra

Orain arteko lana emankorra izan da. Iazko lehenbiziko biltzarretarat baratzegile anitz agertu ziren. Mendiburuk erran du sorpresa ederrak izan direla: etxean baratzea duten jende batzuk ezagutu dituzte, haziekin lan ederra egin dutena. «Gogoan dut baratzegile gazte bat», erran du Mendiburuk; «lagun batzuen baratzeetan bi ilar biribil mota berreskuratu ditu. Eta gai da errateko 1940ko hamarkadaz geroztik segurik erabili haziak direla, urtez urte atxikiak izan direnak».

Laborari batzuek herri hazien begiratzeko eginiko eginahala ere azpimarratu du Mendiburuk, hala nola ogi eta arto haziekin. Barazkietan bat bada ikur bilakatu dena, desagertzear zena: Mendigorria tomatea. «Hemengo lurrari oso ongi jarria den tomatea da, eta Heletako Ramuntxo Lako baratzezainak merkatu batean aurkitu zuen. Identifikatu zuen, eta berriz erein. Geroztik, garatu du, eta Heletako giroari jarri da. Eta iaz bere sorterrira ekarri du berriz: Mendigorrira [Nafarroa]».

Haziak urte batetik bestera baliatzen segitzea denez helburua, Hazi Sareak ez du gaur egun hazitegi baten edo gune baten beharrik sentitzen hazien altxatzeko. Sarea bera antolatzea du xede. Harremanetan da, bestalde, Euskal Herriko beste hazi biltzaile batzuekin, hala nola Beizamako (Gipuzkoa) Aleka elkartearekin eta Gasteizko Euskal Herriko Hazien Sarearekin. Azken horrek esperientzia luzea du: 25 urtez 1.500 fruitu eta zuhaitz mota atzeman dituzte, eta bostehun baratzekari eta zereal motaz goiti. BLEren Hazi sareak gidaritza batzorde bat plantan eman du; sustatzaileak, laborariak eta baratzegile kideak biltzen ditu. Sareko kide egin nahi bada, BLEko kide egitea aski da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.