k Irati Fernandez Arbelaitz

Hemendik

2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Arberatzeko zolan azken hesi, xapito, plantxa, komuna desmuntatu dira. Azken baso-berri hautsi eta lohiztatua, zigarrokin horitua, oihal-etxe zatia, ttantto arros galdua bildu dira. Aurten ere, zerbait magikoa sortu du Euskal Herria Zuzenean festibalak. Laino batean ibili gara gazteak, herritarrak, erretretadunak, haurrak, burasoak. Elkar ezagutzen, elkar sostengatzen, elkar saretzen. Pisu handiko komun edo txosna piezak elkarrekin garraiatzean dira ezagutza politenak egiten! Muntaketa egun gorabeheratsuak elkarrekin partekatu ondotik, kontzertu aitzinean gurutzatzen diren begiradak dira pizgarrienak; eta desmuntaketako akidura eta goibeltasuna goxatzen ditu laguntzaile batzuek prestatu duten apairu goxoak.

Inguruetan, giroan, hedabideetan, munduan, sendi daitezke izua, herra, matxismoa, mesfidantza, kolonialismoa, eskuin muturra, zapalkuntza, indibidualismoa… Eta hemendik, Euskal Herritik, lortu behar dugu horiek borrokatzen. Arberatzen bi astez partekatu dugunak balio dezala pilak kargatzeko, urtean zehar ere elkartzen segitzeko eta bakarrik ezin dena, elkarrekin lortzen ahal dela erakusteko. Ez da dena erraza izan, ez da dena perfektua izan, proiektu kolektiboek badituzte beren zailtasunak, baina berriz ere, eginez ikasten da.

Bide luzea egin dezala oraindik festibalak, izan Amikuzen edo beste edonon. Segi dezala ilusioak pizten, gazteak saretzen eta lotzen, bateriak kargatzen, eta erakusten, aspaldikoak badira ere, amets batzuek pizturik segitzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.