Hazkurri Bankuak gero eta lan gehiago du

Hazkurri Bankua lekuko ezin hobea da prekaritate heina neurtzeko, eta argi dute janari beharretan direnen kopurua gero eta handiagoa dela. Ipar Euskal Herrian, iaz, 12.800 jende lagundu zituzten, partaide diren elkarteen bidez.

Hazkurri Bankuko laguntzaileak, janaria bereizten, ekainaren 21ean, Mugerren. JULIEN MARCHIONE
Hazkurri Bankuko laguntzaileak, janaria bereizten, ekainaren 21ean, Mugerren. JULIEN MARCHIONE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Laguntzaile bakoitzak badu bere zeregina, eta, kamioi bat arribatu orduko, elikagai paletak deskargatzen hasten dira dozena bat lagun, jaka laranja soinean. Fruitu eta barazkiak alde batera, elikagai idorrak beste batera, haragia eta arraina hozkailura, eta janari izoztuak izozgailura. Batzuek bereizi, besteek altxatu, eta horrela osatzen dute Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuko «elkartasun katea». 220 laguntzaile aldizkatzen dira urte osoan, urteroko bilketan bildu elikagaiak, super merkatuetatik arribatzen direnak eta hazkurri industrialari handiek emanak, Ipar Euskal Herriko eta Landetako 34 elkarteri banatzeko. Eta beharrezkoa da beren zeregina: Philippe Labedan Ipar Euskal Herriko Hazkurriko Bankuko lehendakariak argi du, prekaritatea emendatzen ari da. «Ez da irudipen soila; zenbakiek ere hala diote. 2019tik 2023ra, banatu dugun elikagaien tona kopurua %44 emendatu da».

Zehazki, iaz, 1.172 tona elikagai banatu, eta horrekin 12.800 pertsona lagundu zituzten. Ipar Euskal Herrian Hazkurri Bankua irekitzeko proiektua pentsatu zutenean, 2015ean, uste zuten urtean gutxi gorabehera 6.000 pertsona lagunduko zituztela. Labedanek azaldu du pandemiaren eragina begi bistakoa izan dela: «Begiratzen badugu 2022tik 2023rako hazkundea, %7 emendatu da laguntzen ditugunen kopurua; ez du iduri ikaragarri emendatu denik, baina begiratzen badugu 2019an zenbat lagundu genituen, ohartzen gara argiki emendatu dela. Pandemiak argiki markatu du jendartearen prekarizazio bat». Laguntzen dituztenen kopurua emendaturik, laguntzaile gehiago atzeman behar izan dituzte: laurogeirekin hasi ziren, eta egun 220 dira.

Zehaztekoa da Hazkurri Bankuak ez duela zuzenean beharretan direnekin lan egiten, bitartekaritza lana egiten duten elkarte batzuekin baizik, hala nola Gurutze Gorriarekin, Pausa elkartearekin, Jendarteko Sokorriarekin eta Gizarte Ekintzarako Herri Erakundeekin. Orotara, 34 dira, eta elkarte bakoitzak beharretan diren kideei banatzen dizkie elikagaiak. Horiek horrela, elkarte bakoitzak urte osoko aurreikuspenak igortzen dizkio Hazkurri Bankuari, errezibitzen dituen elikagaien bereizketa eta banaketa segurta ditzan beharren arabera. Labedanek zehaztu du aurreikusitako plangintza bat izanik ere, ezusteko behar batzuei erantzuteko prest direla elkarte batek bat-bateko galde igoerarik badu.  

Enpresak emaile

Hazkurri prekaritatea igo denez, elikagai gero eta gehiagoren beharra du Hazkurri Bankuak, eta ezinezkoa zaio galdeari aurre egitea urtero herritarren laguntzari esker supermerkatuetan egiten duten bilketarekin. Egun, erraterako, bilketa horrek beharren %10 baizik ez ditu estaltzen. Gaineratekoa, supermerkatuen soberakinek eta hazkurri industrialarien emaitzek osatzen dute.

Philippe Labedan
Philippe Labedan Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuko lehendakaria, ekainaren 21ean, Mugerreko biltegian. JULIEN MARCHIONE

 

2017tik, Egalim Legeak supermerkatuak eta hazkurri industrialak behartzen ditu soberakinak elikagai elkartasun egitasmoei ematera. Ordura arte, bota eta desegiten zituzten. Legea plantan ezarri zenean, kantitate handiak errezibitzen zituen Hazkurri Bankuak, baina emeki-emeki apaldu da: batetik, supermerkatuek beren erreserbak «hobeki kudeatu» dituzte, eta, bestetik, behargabeko xahutzearen kontrako saskiak saltzen hasi dira saltokietan. «Horrek eragin du kolpez beheititu dela guri igortzen ziguten soberakina», esplikatu du Labedanek. Apaltze horri ihardesteko, denda gehiagorekin partaidetzak egin behar izan dituzte.

Gainera, industrialari handiek «gero eta elikagai gehiago» ematen dizkiete, «borondatez». Hazkurri Bankuko lehendakariak uste du multinazional batzuk ez direla soilik «beren bilan ekonomikoaz» axolatzen; «bilan soziala» ere gogoan dutelakoan dago. Zehaztu behar da, halere, emaitzak egiten dituzten multinazionalek zerga apaltzeak dituztela halako egitasmoetan parte hartuz gero.

«Pentsatu behar da prekaritate maila 1.200 euro azpikoa dela; langile pobre geroz eta gehiago badira, etxebizitza eta garraioa pagatuta jateko dirurik ez dute». PHILIPPE LABEDAN Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuko lehendakaria

Tokiko enpresekin harremanak garatu dituzte azken urteetan, hala nola Agour, Miguelgorry eta Baskalia enpresekin. Tokiko ekoizle ttipiagoekin ere partaidetzak badituzte, baina Hazkurri Bankuaren sistema ikusirik, Labedanek esplikatu du partaidetza horiek ez direla «aski» galdeari erantzuteko. «Nahiko genuke zirkuitu laburra hobetsi, baina ekoizten duten bolumena ez da nahikoa guretzat», deitoratu du. Hobeki ulertzeko, zifrak eman ditu: laborari batek urte baterako lau tona barazki proposatu dizkio Hazkurri Bankuari, baina urtean laurehun tona barazki behar dituzte galdeari erantzuteko. «Gu ados gara tokiko produktuak lehenestearekin, baina gauzak diren bezala, ez dute ahalik».

Nolanahi ere, enpresa desberdinekin lan egitea garrantzitsua zaio Labedani, bide horretatik segurtatzen ahal baitute elikagai desberdinak ukaitea, eta, beraz, beharretan direnei askotariko janaria banatzea. «Garai batez bakarrik pastak eta irrisa ukaiten genituen, eta elkarteei hori baizik ez genien banatzen. Orain, beharrik, denetarik ukaiten dugu». Gisa horretan, Hazkurri Bankuen sareak definitua duen nutrizio egokirako baldintzak errespetatzen dituzte.

Laguntzaileak, ezinbesteko

Hazkurri Bankuak funtziona dezan, laguntzaileen rola ezinbestekoa da; egiturak Iparraldean lau langile baizik ez ditu, eta, egin dituzten kalkuluen arabera, laguntzaileek denbora osoko 25 lanaldi ordezkatzen dituzte. «Guk kasik zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu, eta laguntzailerik gabe ezingo genuke hori segurtatu», adierazi du Labedanek. Erraterako, 430.000 euroko urteko buxeta du elkarteak, eta laguntzaileek egiten duten lana lansari baten heineko pagatuko balute, 790.000 euro gehiago beharko lituzkete.

«Igortzen diguten guzia bereizten dugu, gehiena elkarteei ematen diegu, eta gaineratekoa, laborari batzuei, kabalentzat edo konpostagailurako». ANNE MARIE ARANBERRI Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuko laguntzailea

Laguntzaileek astean behin, bi edo hiru aldiz ematen ahal dute izena lan txandak betetzeko. Astean hiru aldiz etortzen denetakoa da Anne Marie Aranberri erretretaduna; erretretan sartu orduko, Hazkurri Bankuan sartu zen. Beste laguntzaileek egin zioten harrera «biziki ona» izan zela gogoan du. Hastapenean, fruituak eta barazkiak bereizteko lanetan ari zen, baina orain idazkari lanak egiten ditu elkartean; batez ere, laguntzaileen ordutegiak kudeatzeko. «Enetako, biziki inportantea da jendea laguntzea. Jatekoa erostea posible ez duten jende anitz badira, eta, egiten dugun lanari esker, ahalbidetzen dugu supermerkatuek ez dezaten janaria xahutu», erran du Aranberrik. «Igortzen diguten guzia bereizten dugu, gehiena elkarteei ematen diegu, eta gaineratekoa, laborari batzuei, kabalentzat edo konpostagailurako. Errezibitzen dugunetik, ez da deus galtzen».

2,5

Banatutako apairuak, milioitan. Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak iaz 1.172 tona janari banatu zituen hazkurri prekaritateari aurre egiteko, hau da, 2,5 milioi otordu egiteko bezainbat. 2022ko datuei konparaturik, urtebetez %7 emendatu da banaturiko janariaren pisua. 

«Ekintza on» bat egiteko parada da Hazkurri Bankua, Aranberrik dioenez. «Hemendik joaten garelarik, uros goaz, zerbait on egin dugulakoan. Laguntzaileen artean ere sekulako elkartasuna bada, jendearekin harremana atxikitzeko modu bat da, erretretan sartzen garelarik kolpez bakarrik garelako, etxean kokaturik... Beharrezkoa zaigu jendearekin harremanak egiten segitzea». Laguntzailearen ustez, beraz, elkartasun sarea «denentzat aberasgarria da». Halere, badaki prekaritatea ez duela «parez pare» ikusten, eta «begiak tapatzen» dituela «miseria» ez baitu begipean. «Ez ikusiarena egiten dut, baina biziki sentikorra naiz, eta ezingo nuke bestela, bortitzegia litzateke; distantzia hori beharrezkoa dut».

Ikusezinak 

Elkartasun katearen puntan prekarioenak dira, baina Hazkurri Bankuak ez ditu horiek zuzenean ikusten. Hala eta guztiz ere, partaidetzan dituen elkarteen datuak eskura ditu Labedanek, eta, haren ustez, prekaritatea ez da «jendeak uste duen lekuetan bakarrik». Diskurtso erreakzionarioak «uste faltsu» batzuetan oinarritzen direla azaldu du. «Batzuek etxegabeak eta migranteak dituzte jomugan, erranez ez direla lagundu behar, baina laguntzen ditugun etxegabeak eta migranteak, denetara, laurehun bat direla erranen nuke. Orotara, 12.800 pertsona laguntzen ditugu, pentsa». Horietarik anitz guraso bakarreko familiak dira; gehienetan, ama bakarrak. Erretretadun anitz ere laguntzen dituzte, «bizi guzian lan egin baina sari apala dutenak».

34

Elkarte partaideak. Hazkurri Bankuak Ipar Euskal Herriko eta Landetako 34 elkarterekin egiten du lan: elkarte horiek beharretan direnen eta biltegiaren arteko bitartekariak dira. Hazkurri Bankuak egunero segurtatzen die elikagai banaketa elkarteoi.

Azken hiruzpalau urteetan profil berriak agertu dira, hala nola ikasleak: «Pandemiaren eraginez, ikasleak laguntzen hasi gara, eta erranen nuke orain astero 50 bat laguntzen ditugula». Langile prekarioak ere, «geroz eta gehiago» dira. «Pentsatu behar da prekaritate heina hilabetean 1.200 euro azpikoa dela. Langile pobre geroz eta gehiago badira, etxebizitza eta garraioa pagaturik, jateko dirurik ez dute», jakinarazi du Ipar Euskal Herriko Hazkurriko Bankuko lehendakariak.

Datu zehatzik ez badute ere, elkarteek diotenaren arabera, geroz eta emazte gehiago dira laguntzen dituztenen artean. Labedanek uste du guraso bakar anitz amak direla, eta horrek esplikatzen duela, partez, emazte gehiago lagundu behar izana. Horren ondorioz, hilekoei loturiko prekaritatea emendatu da. Luzaz «tabu» izan den gaia dela uste du, baina, edonola ere, segurtatu du horri aurre egiteko «prest» direla. Erraterako, aurten, lehen aldiz, hilabetekoentzako higiene produktuak biltzeko bilketa egin zuten maiatzean: bi tona eta erdi bildu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.