Kronika hau idazteko egunean ama hizkuntzen nazioarteko eguna da. Horrek berriki entzun irrati elkarrizketa bat oroitarazi dit, Ingalaterran bizi den zuberotar batena. Ingelesa nola ikasi zuen galdeturik, hona erantzuna: «Eskolakoarekin ez nuen aski, baina, harat iritsi orduko, hauturik ez, denbora gutian ikasi behar izan nuen ingelesez komunikatzen».
Hauturik ez? Zer da atzerritarrak bere mugetan bere hizkuntzarat derrigortzen dituen herri hori? Hauxe da irekidura gutiko ikuspegia! Nolaz inposatzen ahal zaio hizkuntza berri bat jadanik bere ama hizkuntza duen bati? Zer herri motak molde horretan funtzionatzen ote du? Ezin da herri demokratiko irekia eta unibertsala izan! Separatista zerbaiten egiteko moldea, seguru. Oinarrizko eskubideen urraketa hutsa!
Hauturik ez... Bizilekutzat hautatzen duzun herriko hizkuntzaren ikasterat behartua... Lekukotasun bortitza, zinez...
Zorionez, Euskal Herrian halakorik ez da. Herritar berri guziak (hemen atzerritarrik ez) haien hizkuntzarekin onartzen ditugu. Haatik, nahi duenak, prezio aski merkean, euskara ikas lezake. Baina, gaurko bizimoldearekin, ulertzen dugu ez dela lehentasuna. Ez, gure herria bizilekutzat hautatzen duten guziei ez diegu karga mental hori gehituko. Ez dute beti bide erraza gure artean integratzeko. Haurrei bederen irakas liezaieketela diotenei erantzunen nieke haur horien ama hizkuntza bestelakoa dela; ezin ditugu heien ama hizkuntza galtzeko arriskuan ezarri.
Zinez, hona etorri berriak euskarara derrigortzea ezinezkoa zait.
Ez gara Ingalaterra, Frantzia edo nik dakita zein herri separatistatan bizi!