MARTTA IRIGOIEN

Hautu ez hain sinplea

2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Herriko plazan, frantses elebakar batekin kafea edaten ari ginela, bere haurraren eskolatze aukerak aipatu genituen.

Parean dudan pertsona Frantziako eskualde batetik etorria da Amikuzera bizitzera. Badu urte pare bat hemen plantatua dela, laketzen da eta euskal komunitate indarraz interesatua da. Adibidez, Euskal Herria Zuzenean festibalaren antolaketaz eta giroaz positiboki harritua eta kurios egon zen, baina zehazten du, gehiago inplikatu nahi badu ere, hizkuntza eskas zaiola, eta beraz, ez dela zilegi sentitzen.

Argi du: hemen egoten baldin bada, bere haurrak euskara ikasiko du.

«Ikastolan ematea kontseilatzen didazu?», galdegin zidan. Erantzun baten emateko denbora ukan aitzin ere: «Baina euskaldun batzuek erran didate aspertuak direla ikastolan diren elebakarrez, giroa aldatzen duela, eta hondarrean, frantsesa biziki presente dela. Nik ez dut hori ekarri nahi». Isiltasun pixka bat utzi nuen, ongi jakin gabe nola segitu. Hondarrean, gehitu zuen: «Eskola publikoan elebidunean ari dira, haurra han ere eman nezake».

Zer ihardetsi holakoetan? Ez naiz ausartu erratera... eskola elebidunetan euskara ikastea ez dela arras bermatua.

Nahiz eta zure haurra ikastolan eman, ez baduzu zuhaurek euskara ikasten edota ez bazara euskal ingurugiroan murgiltzen, eskolako hizkuntza bilakatzen dela eta orduan kanpoan ez duela erabiliko.

Hots, kafe bat edatean, haurraren eskolatze aukera sinple bati buruzko galdera bat adieraztean, erantzuten ahal ote da haurra ikastolan emateak bizi aldaketa konplikatuago eta erradikalago bat ekartzen duela?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.