Hala nahi izanik ere, Ipar Euskal Herriko guraso anitzek ezin dituzte beren haur ttipiak —0 eta 3 urte artekoak— euskarazko murgiltzean diren haurtzain etxeetan edo haurtzaindegietan ezarri. Eskaintza biziki urria da: Konkolotx sarearen arabera, Ipar Euskal Herrian haurrak atxikitzeko diren leku guzietarik %5 baino gutiago dira euskara hutsean. Egoeraz arrunt kezkatua da Konkolotx euskarazko haurtzaindegi eta haurtzain etxeen sarea, eta, gainera, baliabide eskasia jasan behar du sareak berak ere: euskarazko lehen haurtzaroko eskaintza garatzeko kontratupean zuen langilea saririk gabe gelditu da, instituzioen «behar bezalako» diru laguntzarik ez baitute ukan.
«Euskarazko lehen haurtzaroaren egoera euskalgintzaren irudiaren parekoa da: prekarioa da, eta larrialdiko egoeran da». Horrela laburbildu du egoera Elorri Arinek, Konkolotx elkarteko langileak. Elkarteak EEPri diru laguntza galdetu zion iaz, langilearen saria pagatzen laguntzeko, euskarazko eskaintza handitzeko xedez. Ezezkoa ukan zuten, eta, aurten, ezohiko diru laguntza bat ukaitekotan direla jakinik ere, ez dute oraino diru hori eskuratua.
Horiek horrela, iaz, behartuak izan ziren herritarren eta tokiko enpresen laguntza galdetzera: behar zuten diru zama lortu zuten, baina hori agortu da, eta Arin kanporatzera behartua da elkartea, arrazoi ekonomikoengatik. «Ikusiz egoera biziki larria dela, Euskal Hirigune Elkargoari, EEPri eta Pirinio Atlantikoetako departamenduari gutun berezi bat bidali diegu, eta itxoiten ditugu haien erantzunak. Konkolotxek langilea galduko du, eta dirurik ez deino xedeak aitzinera eramateko langilerik ez dute hartzen ahalko. Gure elkartearen errealitate gordina hori da», zehaztu du Arinek. Haren ustez, lehen haurtzaroko euskararen gaiari heltzeko «politikariek bata besteari pilota botatzen» diote, eta «gauzak ez dira fite aitzinatzen».
Bidea urratzen
Instituzioen laguntza beharrezkoa dutela argi ukanik ere, Konkolotx elkarteko kideek beren bidea egiteko beharra azpimarratu dute. Baxenabarren, Lakarrako Ttinka haurtzaindegia da euskara hutsean den haurtzaindegi bakarra, eta Leire Bidart langileak uste du instituzioen eta elkarteen abiadura ez dela bera. «Instituzioak guri lotu artean, gauzak egin behar ditugu. Haiekin lan egitea beharrezkoa da, baina sustut herrigintzaren lana eta elkarteen lana funtsezkoa da. Gu beste erritmo batera goaz, badugu terrenoaren ezagutza eta mugimendua gutarik abiatuko da. Beste arloetan bezala, gero lotuko dira instituzioak; ez dugu horien beha egon behar», aldarrikatu du Bidartek.
«Hizkuntzaren egoera ikusita, behar-beharrezkoa da 0 eta 3 urte arteko haurrak euskaraz heztea. Gaur egun, Iparralde osoan 110 leku dira soilik haurrak euskaraz hezteko; egoera oso txarra da». ELORRI ARINKonkolotxeko langilea
Euskararen egoera kinka txarrean dela ikusirik, lehen haurtzaroa larrialdiko egoeran dela uste dute Konkolotxekoek; alta, iruditzen zaie hizkuntza politikak ez duela «lehentasunetan» finkatzen. 0 eta 3 urte arteko haurrei euskarazko harrera egitea hizkuntzaren transmisioaren baitezpadako katebegia dela erran du Arinek, eta, zeregin hori bermatua ez delakoan, kezkaturik da: «Hizkuntzaren egoera ikusita, behar-beharrezkoa da 0 eta 3 urte arteko haurrak euskaraz heztea. Gaur egun, Iparralde osoan 110 leku dira soilik haurrak euskaraz hezteko; egoera oso txarra da. Badakigu hizkuntza baten transmisioa hortik hasten dela eta hori dela lehen beharra. Hori gabe, gure geroa kinka larrian da».
Gisa berean, lehen haurtzaroa lehentasunetan dela uste du Bidartek ere. Iparraldeko euskaldunen proportzioa beheiti ari den honetan, ardatz estrategikoa da lehen haurtzaroa, haren arabera: «Ikusten dugu euskarazko murgiltzean diren egiturak sartze bat direla euskararen mundura; beraz, euskararen transmititzea garatu nahi badugu, hortik abiatu behar dugu, eta eskaintza hori garatzen eta egonkortzen hasi behar dugu berehala. Kanpotik jende anitz heldu da, eta erakutsi behar zaie haiei ere, nahiz eta ez hemengoak izan, beren haurrei euskara eskaintzen ahal dietela».
Bidartek argi utzi du «larrialdiko» zeregina dela eta «gaurdanik» hasi behar dela lan horretan. Erraterako, egunerokoan ikusten duenaren arabera, haurra Ttinkan duten guraso batzuentzat euskara hutsean izateak haurraren eskolatzeari buruzko gogoetak pizten ditu, eta batzuentzat ahalbidetzen du gerora haurra elebidunean edo murgiltze sisteman ezartzea, hastapenean frantses elebakarreko sisteman ezartzea pentsatua zutelarik.
Gurasoen buruhaustea
Konkolotxek iazko irailean diru bilketa abiatu zuenean, Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak argiki erran zuen «haurren eta familien hizkuntza eskubideak urratuak» zirela lehen haurtzaroko harrera euskaraz egiten ahal ez duten familia anitzentzat. Elorri Algalarrondo Beskoitzen bizi da, eta bizilagunarekin semearentzat harrera sistema bat xerkatzen hasi zirenean, argi zuten euskarazkoa izatea nahi zutela. Semearen ama hizkuntza euskara da, eta harekin euskara hutsean komunikatzen dira ingurukoak; hortaz, hizkuntzaren irizpidea ezinbestekoa zen Algalarrondorentzat: «Euskarak gure semearen nortasuna eraikitzen duenez, ezinbestekoa zen gure haurra errespetatzeko, bere ongizatea errespetatzeko eta bere garapena segurtatzeko, euskarazko atxikitzeko sistema bat atzematea». Errealitateak, ordea, beste egoera batera eraman du Algalarrondo, ez baitu euskara hutsezko harrerarik atzeman.
110Euskarazko harrera lekuak. Ipar Euskal Herrian euskarazko harrera segurtatzen duten 110 leku badira haurtzain etxe eta haurtzaindegietan. Horiek horrela, haurrak atxikitzeko egituretan orotara diren lekuen %5 baino gutiago dira osoki euskarazko sisteman. Beste guziak sistema elebidunean ala frantses elebakarrean dira.
Bilaketa prozesua ez da erraza izan: Beskoitzen bertan euskaraz izanen zen egitura bat edo ofizioko haurtzain bat atzeman nahi zuten. Hazparneko eskualdean lehen haurtzaroa kudeatzen duen Laguntza Etxerat elkarteari galdea egin zioten, erranez baldintza euskaraz izatea zela. Erantzuna ez zen esperotakoa izan: «Erran ziguten Beskoitzeko haurtzaindegian ez zela euskaldunik, eta kudeatzen zuten ofizioko haurtzainen sarean bakarra zela euskalduna. Argi utzi ziguten gure semea euskarazko atxikitze sistema batean izateko aukerak biziki apalak zirela». Horrela, beste bide batetik xerkatzen hasi ziren, eta inguruko batzuek aipaturik, Hazparneko haurtzain etxe elebidun batengana jo zuten. «Elebiduna izanik ere, sistema horrek segurtatzen zigun atxikitze sistema partez euskaraz izanen zela gure semearentzat eta bere segurtasun afektiboa errespetatua izanen zela».
Haatik, Algalarrondok argi du elebiduna denez gero, ardura frantsesak hartzen duela gaina, jendartean ere hala delako: «Ospitalean, egunerokoan, arta sisteman ere hola da, gehien-gehiena frantsesez da, puntualki antolatzen diren ekimen batzuez aparte ingurumena frantsesez delako».
«Erran ziguten Beskoitzeko haurtzaindegian ez zela euskaldunik, eta kudeatzen zuten ofizioko haurtzainen sarean bakarra zela euskalduna. Argi utzi ziguten gure semea euskarazko atxikitze sistema batean izateko aukerak biziki apalak zirela».
ELORRI ALGALARRONDO Gurasoa
Leire Bidartek esplikatu du Ttinkara guraso anitz urrundik heldu direla, preseski, euskarazko harrera eskaintzen dutelako. Eta, gainera, anitz dira errefusatzera behartuak diren familiak, leku eskasagatik. «Euskarazko harrera ukaiteko galde aski badira beste hiru haurtzaindegi betetzeko», trenkatu du.
Trebakuntza helburu
Galdea eskaintza baino aise handiagoa denez, garatu ahal izateko instituzioen inplikazioa premiazkoa bazaie ere, beste arlo batean ere eragitea ezinbestekoa da Konkolotx elkartekoentzat. Izan ere, haurtzain euskaldun falta handia da Ipar Euskal Herrian. Elkarteak bere buruari finkatu zizkion zereginetan da kanpora begirako trebakuntza garatzea. «Iparraldean eskola oso gutxi bada lehen haurtzaroaren inguruan; edo joan behar da Frantziara, edo joan behar da Hegoaldera, baina gero diplomak baliozkotzeko beti badira trabak. Gure helburua lehen haurtzaroko langileak euskaraz trebatuko dituen formakuntza bat sortzea da».
Lehen hezkuntzarako diplomak prestatzeko eskoletan, gainera, euskarazko eskaintza emendatzea nahiko lukete: besteak beste, Donibane Garaziko Frantsesenea lizeoarekin eta Uztaritzeko Etxarri hezitzaileen eskolarekin proiektua lantzen ari dira. Bestalde, Baionako Etxepare lizeoak ofizioko haurtzainak trebatzeko saioak egin ahal izateko zertifikazioa galdegin dio Greta formakuntza zentroari eta erantzunaren beha dira. Asmoa litzateke Seaskak haurtzainak euskaraz formatu ahal izatea.
«Behar gorria dugu haurtzainak eta haur hezitzaileak euskaraz formatzeko. Nolanahi ere, krisia orokor bat bada gure sailean: baldintzak txarrak dira, langileak ez dira ezagutuak eta anitzek mundu hori uzten dute. Langileak atzemateko jadanik zaila da; beraz, langile euskaldunak atzematea, are zailagoa». LEIRE BIDART Haurtzaina
Bidartek ongi ezagutzen du langile eskasiaren arazoa, eta uste du lehen haurtzaroko sailak pairatzen dituen zailtasunekin lotura baduela, gainera. «Behar gorria dugu haurtzainak eta haur hezitzaileak euskaraz formatzeko. Nolanahi ere, krisia orokor bat bada gure sailean: baldintzak txarrak dira, langileak ez dira ezagutuak eta anitzek mundu hori uzten dute. Langileak atzemateko jadanik zaila da; beraz, langile euskaldunak atzematea, are zailagoa».
Erraterako, Ipar Euskal Herriko lehen haurtzaroko egitura bat baino gehiago dira zailtasunetan. Horien artean, Senpereko Maitetxoak haurtzaindegi elebiduna egoera ekonomiko larrian da, eta Senpereko Herriko Etxearen laguntza beharrezkoa du aitzina segitzeko. Langileek eta zuzendaritzak salatu dutenez, herriko etxeak ez ditu aski laguntzen. Egoera kezkagarrian da Hazparne inguruan zaintza egiturak saretzen dituen Laguntza Etxera elkartea ere: lehen haurtzaroko egiturak ere kudeatzen dituzte, eta langileek protesta bat egin zuten beren egoera ekonomikoa salatzeko. Pirinio Atlantikoetako departamenduari beren alde ekonomikoki engaia dadin galdetu zioten ekainaren 6an egin zuten protesta batean.
Hendaiako haurtzain etxe euskaldunak, 10 urte
Haurtzain etxeak sortzen hasi ziren garaian sortu zuten Txiki Txoko, Hendaian, 2014an. Lehen haurtzain etxeetarik izan zen Ipar Euskal Herrian; euskarazko lehena, dena den. Euskarazko harrera segurtatzen dute osoki, eta ofizioko hiru haurtzain bilduak dira proiektuan hamar ttipiri harrera egiteko. Izan ere, haurtzain etxeetan, ofizioko haurtzainak biltzen dira eta zuzenean gurasoak dira beren enplegatzaile. Txiki Txoko sortu zutenen artean da Peio Urriza Txiki Txokoko lehendakaria, eta, haren ustez, garaian beharrezkoa zen murgiltzean izanen zen haur ttipientzako harrera gune bat sortzea hizkuntzaren transmisioa segurtatzeko. Hendaiako Herriko Etxeak lokal bat prestatzen die proiektua hasi zenetik, eta asteburu honetan hamar urteak ospatzeko besta eginen dute, Gaztelu Aretoan. «Lehengo eta oraingo» gurasoak eta haurrak biltzeko parada izanen da, Urrizaren arabera.