Biolontxelo jolea

Maiana Lavielle: «Harremanean ezarri nahi dut herri zapalduetako musika herrikoia»

Maiane Laviellek Brasilgo, Kurdistango eta Egiptoko musikariak ezagutu ditu bidaiei esker. Munduko musika herrikoia bazka zaio haren «irudimena» zabaltzeko. Biolontxeloarekin bidaiatzen segitu nahi du, eta helburua du disko bat grabatzea.

Maiana Lavielle, Suitzan, iazko udan. MAEL LE GUEVAL
Maiana Lavielle, Suitzan, iazko udan. MAEL LE GUEVAL
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Kurdistanen zela, Martxa baten lehen notak kantua jotzen hasi zen Maiana Lavielle biolontxelo jolea (Milafranga, 1997), eta gizon bat joan zitzaion ttipitan amak kantu hori entzunarazten ziola kontatzera. Musikari gisa egin dituen bidaietatik iltzatua gelditu zaion oroitzapena da, «harriturik eta hunkiturik» utzi zuena. Tinka proiektuarekin hasi zen bidaiatzen, Suitzako fundazio baten diru laguntzari esker. Geroztik joan-jinka ari da, Bretainiako musika eskolaren, Milafrangako sortetxearen eta munduko hainbat herrialderen artean: helburua du disko bat grabatzea munduko herrialde «zapalduetako» eta Euskal Herriko musikaren arteko zubiak eginez. Horretarako, Brasilera, Egiptora eta Kurdistanera bidaiatu du; beste leku batzuetara joateko asmoa ere badu.

Musika herrikoia da zure proiektuaren ardatza, baina ez zinen horrela hasi musikan. Zein izan zen abiapuntua?

Ttipitatik Baionako kontserbatorioan egon naiz, musika klasikoa egin nuen han ene 15 urteetara arte. Ohartu nintzen arlo horretan segitu nahi nuela, eta Parisera abiatu nintzen irakasle eta ikasle onak ezagutzera. Parisen alde horretatik emultsio bat bada. Gazte-gaztea abiatu nintzen, beraz, arrunt beldurtua. Han ohartu nintzen biziki lehiakorra zela eta lan anitz galdetzen zuela. Musikari anitz ikusi ditut ttipitatik egunero bospasei orduko errepikak egiten zituztenak, eta argiki nik ez nuen batere hori egiten. Lan egin dut anitz, eta, gero, segitu ditut ene ikasketak klasikoan. Goi mailako ikasketak egin ditut Parisen, eta hiru konkurtso pasatu nituen segitzeko: Lausanen hartu izan naiz, Suitzan, irakasle on batekin. Bost urtez egon nintzen han, pedagogia masterra atera arte.

Zer izan da musika klasikoaren mundutik urrundu zaituena?

Pandemia garaian ohartu nintzen ez nekiela gehiago zertarako ari nintzen musikan. Musikarekin zerbait pertsonalagoa egiteko gogoa banuen; ez nuen orkestrarik egin nahi, ez nituen maite konkurtsoak... Musika klasikoa maite dut, baina publikoarekiko harremanean zerbait falta nuen. Musika klasikoa entzutera doan publikoa usu aberatsa da, antzoki handietan jotzen dugu eta ez dugu komunikaziorik publikoarekin. Pandemian, Suitzako irrati batean zuzeneko batean jotzeko galdetu zidaten, eta hasi nintzen pentsatzen zer egin ene izaera erakusteko. Euskal Herria ene herria da, betidanik hor bizi izan naiz, eta hor xerkatu behar nuela pentsatu nuen. Kantu zaharrak hartu nituen, eta jotzen hasi nintzen. Hasieran, gozatzeko parada zen, besterik ez, baina fundazio batek entzun zuen saio hori eta proposatu zidaten diru laguntza baterako lehiaketa batean parte hartzea. Haien aitzinean jo behar izan nuen, eta pixkanaka proiektu berri bat diseinatzen hasi nintzen. Diru laguntza irabazi nuen, potoloa zen, eta ez nekien ongi hainbeste dirurekin zer proiektu eraman. Emeki-emeki, bidaiak egitea erabaki dut, eta hasieran helburua zen loturak xerkatzea euskal musikaren eta beste herrialdeetako musiken artean. Dirua irabazi nuenetz, behartua izan nintzen joatera.

Nora joan zinen eta nola pasatu zen lehen bidaia?

Brasilera joan nintzen, eta han sortu zen Tinka proiektua. Hasieran, ene xedea zen Euskal Herriko instrumentuak eta beste herrialdeetakoak konparatzea; ohartu nintzen Brasilen atzematen dela panderoa, erritmo batzuk errepikatzen direla... Dantzak ere biziki antzekoak ziren. Afera da fite ohartu nintzela lotura horiek atzematen direla musika tradizional guzien artean, eta ez dela batere berezia. Denek egiten dute dantza, denek egiten dituzte perkusioak eta denek kantatzen dute... Lotura horiek sobera agerikoak dira, eta ez zuen sobera zentzurik horren inguruan lan egiteak. Hortaz, gauza politikoago bat egitea bururatu zitzaidan.

Maiana Lavielle
Maiana Lavielle, Kurdistango musikari batzuekin, agorrilean. HITZA
Nola?

Harremanean ezarri nahi dut herri zapalduetako musika herrikoia. Brasilen, adibidez, badira lurralde batzuk zeinetan musika estilo desberdinak badiren, beren musikaren historia propioarekin. Egipto aldean ere, Nubian, badira bi hizkuntza, eta musika biziki desberdina dute, ez da batere musika arabiarra. Haiek ere independentzia nahi dute, eta lotura bat bazen Euskal Herriarekin. Kurdistanera joaterakoan, helburu argiagoa nuen, eta ene proiektuaren muina zehaztu dut. Herri zapalduetako kantagintzara buruz bideratu nahi dut, aztertuz testuen arteko loturak, poesiaren ikuspegitik ere landuz eta lekuan leku loturak sortuz, musikaren bidez kolaborazioak sortzeko.

«Emazte bati kritikak egiten zaizkio berehala. Bidaietan gauza bera gertatzen da: nahiz eta jendeak jakin ni naizela proiektuaren eramailea, enekin ziren gizonekin ezartzen ziren harremanetan, ez zitzaizkidan mintzatzen. Beti borroka bat da horren kontra egitea, eta, nire ustez, bizi osorako izanen dudan zailtasuna da»

Musika politikoa da, beraz?

Musika tradizionala betidanik politikoa izan da: eremu baten izaera eta nortasuna ordezkatzen dituen ber, politikoa da, nahitaez.

Herri zapaldua izateak badu eragina musika egiteko maneran?

Poesiaren ikuspegitik, bai. Adibidez, Kurdistango testuak begiratzen badituzu, ohartzen zara Euskal Herrian bezalako gaiak lantzen dituztela: independentzia, elkarrekin zerbaiten kontra borroka egitea... Erabiliak diren metaforak mendiari, txoriei edo naturari buruzkoak dira, eta iruditzen zait egiazko lotura bat badela hor Euskal Herriarekin.

Maiana Laviellen potreta
Maiana Lavielle, urriaren 29an, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Zure bidaiak aipatzeko... Nola egiten duzu? Txeloa hartu, hegazkinean sartu eta abenturara zoaz?

Ez. Nik maite dut gauzak aitzinetik prestatzea. Ez dira bidaia ttipiak, gutxienez bost astez egoten naiz, eta joaten naizen herrietan ez dute hizkuntza bera mintzo, musikariak biziki okupatuak dira; beraz, bederen bizpahiru hilabete aitzin prestatu behar izaten ditut. Gero, bidaia batetik bestera aldatzen da prestaketa. Brasilera ez nintzen bakarrik joan, lagun musikari brasildar bat joan zen enekin, eta han kontaktu anitz bazituen. Dena antolatzeko lagundu ninduen, jadanik bagenituen kontzertu batzuk antolatuak, bagenekien norekin ikasiko genuen eta non egonen ginen. Gero, Egiptora joatean, gauzak prestatu nituen aitzinetik; eskola batekin harremanetan sartu nintzen: han, musikariak formatzen dituzte bi urteko ikasketa prozesu batekin, eta haur pobreentzako egina den eskola da, Kairon eta Assouanen badena. Astebetez ikastaro bat egin genuen; hiru musikari ginen, beste bi lagunekin joan nintzelako. Euskal kantuak hartu nituen, joan aitzin idazketa lanak egin nituen eta publikoaren aitzinean eman genituen gero. Kurdistanera joatean ez nuen pedagogiari lotutako zerbait egin nahi; erabaki nuen nik hartzea klaseak hango irakasleekin. Joan aitzin banekien norekin lan eginen nuen. Gero, aurreikusten duzuna eta bidaia denboran errealki egiten duzuna ez da sekula bera!

Bidaia horietatik zer ekartzen duzu etxera?

Ez dira gauza konkretuak. Ez dakit nola deskribatu, baina bidaiatzean ene irudimen musikala zabaltzen da. Janaria da. Sartzean ideia gehiago ditut, eta oharkabean nahasketak egiten ditut, gero eta estilo gehiago lantzen ditudalako. Ez da zehatza. Dena den, helburua litzateke disko bat grabatzea, baina ez dut berehala egin nahi; itxoin nahi nuke gauzak pixka bat argiago izatea ene baitan. 

Eta ondoko bidaia, nora izanen da?

Gogoa nuke Tunisiara joateko, hango musika tradizionala biziki aberatsa delako eta antzekotasun batzuk badirelako Euskal Herrikoarekin. Afera da zirkulu horietan gizonak ibiltzen direla, bereziki, eta emazteei ez zaiela bidea errazki irekitzen. Ez naiz segur jendeak utziko nindukeenik zirkulu horietan sartzen.

«Kurdistango testuak begiratzen badituzu, ohartzen zara Euskal Herrian bezalako gaiak lantzen dituztela: independentzia, elkarrekin zerbaiten kontra borroka egitea... Erabiliak diren metaforak mendiari, txoriei edo naturari buruzkoak dira, eta iruditzen zait egiazko lotura bat badela hor Euskal Herriarekin»

Emazte gisa sentitu duzu musika herrikoiaren inguruko zirkuluetara sartzea zailagoa zela?

Bai. Orokorki, proiektua hasi dudanetik sentitu dut jendeak ez zuela jasaten emazte bat izatea lider gisa. Eta hori edonon eta edonoiz. Kontzertutik ateratzen bazara eta beste jende batzuekin jo baduzu, jendea badoa gizonengana erratera «zer ongi jo duzun, zer azkarra, bikaina zen!». Aldiz, emazte bati kritikak egiten zaizkio berehala. Bidaietan gauza bera gertatzen da: nahiz eta jendeak jakin ni naizela proiektuaren eramailea, enekin ziren gizonekin ezartzen ziren harremanetan, ez zitzaizkidan mintzatzen. Beti borroka bat da horren kontra egitea, eta, nire ustez, bizi osorako izanen dudan zailtasuna da. Dena den, garrantzitsua da egiten dudana egiten segitzea; batez ere, alde pedagogikoari begira. Egipton sentitu nuen neska gazte batzuek ikusi nindutelarik jotzen eta proiektua eramaten, harrituak zirela, eta haientzat zinez zerbait pizten zuen, ikusten zuten nik erabakitzen nuela dena eta gizonek nik eskatzen niena egiten zutela. Alde horretatik, interesgarria da. Gero, bizimodu desberdinak dira, eta zaila da oreka atzematea, parean duzuna errespetatu behar baituzu, baita haren bizimodua ere.

MOTZEAN

Musika konpositore bat hautatzekotan, zein?
Galdera zailegia da! Ezinezkoa da bakarra hautatzea. Baina hautatzekotan, Mozart.

Munduko leku bat?
Euskal Herriko mendi bat, edozein, bistarekin.

Inspiratzen zaituen musikari bat?
Fatoumata Diawara maliarra.

Musikari ez bazina izan, zer lanbide eginen zenukeen?
Irratilari, dokumentalista edo etnologo.

Izan zaren azken kontzertua?
Jazz kontzertu bat, Parisen.

Bidaia bateko anekdota bat?
Kurdistanen, plateren gaineko grabadurak egiten zituen gizon baten dendara sartu nintzen, eta kontatu zidan Angelina Jolie egon zela denda horretan. Bien argazki bat erakutsi zidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.