Pantxix Bidart

Halimi, lotsagabea

2025eko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Duela zenbait egun, Interneteko sareetan kuxkuxeatzen ari nintzela, «Gisèle Halimi, lotsabakoa» zioen frantses irrati handi bateko erreportajeak arreta piztu zidan. Kuriositatea asetzeko, klikatu nuen, bost minutu inguruko erreportajearen entzuteko.

Erreportajeak Halimiren engaiamendu guziak laburbiltzen zituen: antikolonialismoa, feminismoa, abortatzeko eskubidearen aldeko borroka, bortxaketaren kriminalizazioaren aldekoa, herio zigorraren kontrakoa. Hori guzia aipatuta, bideotxoak Panteoian sartzea eskatzen duen talde baten berri ematen zuen.

Erreportajean agertzen zen, bestalde, borroka antikolonialistan engaiatu zela Tunisiako eta Aljeriako independentisten abokatua izanez. Baina zer sorpresa!... Sorpresa ote?... Hitzik ez euskal independentisten aldeko borrokaz.

1970eko Burgosko auziaz hitzik ere ez. Alta, Giza Eskubideen Federazio Internazionalak igorri zuen hamasei euskaldunen kontrako auzi horren segitzera, entzule gisa. Liburu bat idatzi zuen, ondotik, Le procès de Burgos izenekoa, auzi hori zer maskarada izan zen erakusteko eta akusatuek jasan torturak eta abokatuen kontrako presioak agerian uzteko. Interesatua denak liburu hori Baionako liburutegietan aurki dezake (besteak beste). Liburuaren aitzinsolasa Jean-Paul Sartrerena da; hark ere euskaldunen askapenerako borroka defendatzen zuen.

Baina ez, frantses irrati famatu horrek ez du horretaz aipamen bat ere egiten, haren engaiamenduetan hau aitor ezina balitz bezala.

Panteoian sartzekotan denari euskal gatazkarekin zerikusirik izatea ez ote zaio on? Hemen ere badugu halakorik, ez dea hala, Txillardegi?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.