Haize berriak Gamere-Zihigan

'Ligetx koblakaria(k)' pastorala emanen dute Gamere-Zihigako herritarrek, Beñat Larrorik idatzia eta Xantiana Etxebestek zuzendua; biak lehen aldiz ariko dira lan horietan.

Gamere-Zihigako pastoralaren mustraka edo errepika, 2024ko otsailaren 2an
Gamere-Zihigako pastoralaren mustraka edo errepika, joan den otsailaren 2an. HITZA
Joanes Etxebarria.
Gamere-Zihiga
2024ko otsailaren 9a
05:05
Entzun

Junes Casenaveren Eñaut Elizagari pastorala izan zen Gamere-Zihigako azkena, 2007an. Aurten berriz pastorala bat taularatzeko lanetan hasi dira laurogei herritar, eta antolatzaileek berritasunen xerka joan dira: idazle berria eta errejent berria. Iragan urtean pastoral idazle berria plazaratu zen Urdiñarben; duela bi urte, errejent berria Muskildin. Aurten biak berriak izanen dira: Beñat Larrori iruritarrak idatzi du Ligetx koblakaria(k) pastorala eta Xantiana Etxebest sohütarra izanen da taula jokoa zuzenduko duen errejenta. «Antolatzaileetan, zuzendaritzan direnak gazteak dira, 30 eta 40 urte artekoak. Errejent izateko egin zuten zerrendan ere gehienak gazteak ziren», Beñat Ager Zoe antolatzailearen arabera.

Gamere-Zihigako pastoralaren mustraka edo errepika, 2024ko otsailaren 2an
Gamere-Zihigako pastoralaren mustraka edo errepika, otsailaren 2an. HITZA
 

Xiberoko Botza irratiko kazetaria da Larrori. 2023an, Xilaba taldekako bertsolari txapelketan parte hartu zuen lehen aldiz. Azken elementu horrek agerian uzten du bertsogintza edo koblarekiko duen interesa, Luis Ligetx koblakari larraintarraren biziaz pastoral bat idaztera bultzatu duena: «Bazuen aspaldi koblari interesatzen nintzela, baina COVID-19aren denboran Xiberoko Koblakarien Alkarteak atera zuen Ligetxi buruzko liburu-diskoa arra behatu nuen. Hitzei haboro interesatu, eta atzeman nuen izugarrizko hitz interesgarriak zirela». Lagunartean, «arrailerian» erraten omen zuen pastoral bat idaztea ez dela «konplikatua», eta azkenean berea gamerearrei proposatu zien. 

Larrainen sortua da Luis Ligetxe, 1901ean, eta Gamere-Zihigan ezkondua; haren izena baino ezagunagoak dira beharbada haren kantuak; horietan dira Buneta eta txapela, Oihan beltzean edo Espos esposen kantorea.. Bere bizian barnatuz ondu zen Larroriren pastoral ideia: «Zerbaitek hunki nau hor. Buneta eta txapela kantatzen dut txipitik baina ez nekien Ligetxek zuela egin. Gero irakurri dut gauza anitz, Zuberoako historian koblakari hoberena izan dela, eta euskaldunen artean ere denbora horietan hoberenetan zela. Horrek interesa piztu dit anitz», zehaztu du. 

Idazketan, Larrorik uste du bere nortasunaren «herexa» batzuk utzi dituela, eta gogoko dituen erran batzuk ere bai: «Entseatu naiz isurtzen hitz elibat, usu etxean entzuten nituenak edo entzun ditudanak ezker-eskuin eta gustuko ukan ditudanak... Allande Sokarrosenak ere bai; usu harekin nintzen eta haren erranmoldeak ere sartu ditut». Pastorala mezu bat iganarazteko tresna denez galdeturik, ihardetsi du espero lukeela «jendeek koblaka gehiago maita dezaten».

«Zerbaitek hunki nau hor. ‘Buneta eta txapela’ kantatzen dut txipitik, baina ez nekien Ligetxek zuela egin». BEÑAT LARRORIPastoral idazlea

Errejenta, «zentzuarekin»

Idazle bezala, errejenta ere lehen aldiz ariko da taula zuzendaritzan; idazlea bezala, Xantiana Etxebest ere pastoral desberdinetan aritu da: 2004an Maulen, 2006an Mauleko San Frantses ikastetxeko pastoralean, 2012an Arrokiagan eta 2013an Xiru festibalean eman zen Ederlezi pastoralean. Azken horretan, Nicole Lougaroten zuzendaritzapean, errejent karguaz interesatzen hasi zen Etxebest: «Gure artean genituen jelkaldiak asmatu eta hark erraten zuen bai ala ez. Zentzuarekin ari da. Zinez, hori anitz maitatu nuen, pentsatzen hasi nintzen zertarako hola egiten zen». Gamere-Zihigako lagun batek galdetu ziolarik bere burua errejent gisa ikusten zuenez, baietz ihardetsi zuen, «arrailerian» berak ere.

Azkenean Larrorirekin bildu eta baiezkoa eman zuen, baldintza batzuk betetzen zirela ikusirik: «Gauza batzuk kanbiatzeko galdegin nion; gauza batzuk onartu ditu, besteak ez, azkenean haren idatzia baita, haren hautua da». Aldarazi dizkion elementuen artean da emazte kargu gehiago ezartzea. Larrorik berak onartu du Madalena, Luis Ligetxen arrebaren rola moldatu duela errejentaren eraginez: «Ez nuen kanpoko sorik, eta Etxebestek ekarri dit. Banuen Ligetxen arrebaren pertsonaia hori, baina Xantianak ikusi du ez zela aski emazte kargurik». Arreba ere koblakari gisa agertuko da tauladan azkenean, fikzio zerbait gehituz artxiboetan ageri ez den kontakizunari. Horregatik eman dio izen hori pastoralari: Ligetx koblakaria(k).

Idazleak behin eta berriz dio pastorala «trajeria bat» dela, eta bere testuan bat baino haboro elkartu dituela. Madalena Ligetxen trajeria, batetik: «Asmatu dut enbeia duela koblaka aritu, baina ez duela ahal». Euskararena, bestalde, Larroriren erranetan, «hartako baita desagertu koblaka Zuberoan, ez baita aski euskaldunik». Irratiko eguneroko lanean ikusten duen panoramak arrunt ikuspegi ezkorra eman dio: «Ez da entzuten euskararik serios den guneetan. Irri egiteko delarik ez gara euskaraz ariko! Errugbian aritzeko euskaraz ez, errugbian ari gara. Ez da sekula gune ona».

Iragan ostiral gauean, gamerearren mustrakan, euskara zen hizkuntza bakarra errejentaren ahoan. Banaka ala talde ttipian makilarekin ibiltzea eta bertsetak kantatzea galdegiten die arizaleei azken aldietan; martxoan jakinaraziko du taula zuzendariak nor ariko den kargu edo rol bakoitzean, baina «denbora hartuko» du hautu horien egiteko. Gero antzerkiari zer forma emanen dion aldiz, jadanik pentsatua du, eta Etxebestek badaki «asumitzea» dela «gaitzena»; «hargatik egiten ditudan hautu guztiak ene buruari esplikatu behar dizkiot».

«Asumitzea da gaitzena; hargatik, egiten ditudan hautu guztiak ene buruari esplikatu behar dizkiot».

XANTIANA ETXEBESTErrejenta

Kargu emateak martxoan

Oraino joanen dira zenbait mustraka iragan ostiral gauekoaren parekoak. Gamere-Zihiga herri ttipia izanik ere, laurogei arizaleetan gehienek elkar ezagutzen badute ere, bada tentsio zerbait airean. Aitzineko pastoral batean sujeta edo pertsonaia nagusia izan zena edo boz apalarekin kantatzen duenak, bakoitzak bere rola ukanen du. Errejentak du azken hitza ukanen, eta jokoan da parametro «soziala» ere, Etxebesten hitzetan: «Zinez, horko ez direnak guti dira, baina gaitz da kanpoko norbaiti kargu handi bat ematea eta herria biziarazten duen norbaiti ez ematea. Sozialki zerbait jokatzen da». Beste parametro bat hizkuntzarena da, errejentak ez baitu uste euskaldun ez den bati kargu «handirik» ematen ahalko diola, ez baitzaio «galdegiten ahal bost kantu eta hogei bertset gogoz ikastea» hizkuntza ukan gabe.

Errejentaren ondoan ariko da, kantuen zuzendaritzan, esperientzia handiko bikotea: Pascale Aranburu eta Jean-Louis Bidabe. Dantza irakasle lanetan, berriz, Bettan Ager eta Petti Etxegoihen. Ostiral iluntze oroz elkartuko dira herritarrak, heldu den uztailaren 28an prest izateko lehen emanaldiarendako. Bigarrena eta azkena, agorrilaren 3an emanen dute, Gameren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.