Egin zituen ikasketek ez zuten baitezpada laborantza mundura bideratu behar Laura Lumale (Akize, Landak, 1994). Ingeniaritza eskolan ibili zen Okzitaniako Tolosan, eta matematiken arloan berezitu zen. Aeronautikaren sektorean hasi zen lanean, enpresa multinazional batean. Fite ohartu zen hura ez zela egin nahi zuena. Lana utzi, eta ingurumenaren inguruko animazioa egiten duen elkarte batean hasi zen lehenik. Orain, laborariak desmartxa administratiboetan laguntzen dituen elkarte batean egiten du lan, Afog-en, Izuran. Laborariak autonomo izateko tresnak plantan ezartzen dituzte. Lumalek uste du laborantza dela gizartearen «oinarria».
Nolakoa izan da Afog elkartera arribatu aitzineko zure bidea?
Ingeniaritza eskola batean ibili nintzen Tolosan. Nahiko orokorra zen, eta matematiketan berezitu nintzen. Biziki zabala da, eta, adibidez, ikastaro bat egin nuen minbiziaren ikerketaren arloan. Ikasketak bukaturik, Thales Alenia enpresa multinazionalean hasi nintzen lanean, Tolosan hori baita logika: ingeniaritza ikasi eta hegazkingintzan lan egitea. Urte bat eta erdiz lan egin nuen han, baina ohartu nintzen diruak ez duela ekartzen zoriona. Gizarteari begira, ez nion zentzurik ikusten egiten nuenari, eta ez nuen ikusten zein zen egiten nuenaren interes publikoa. Denbora pixka bat behar izan dut, baina orientazioa aldatzea erabaki nuen. Urtebeteko lanuzte bat galdetu nuen, eta herritar zerbitzu bat egin nuen ingurumenaren inguruko animazio elkarte batean. Zinez gustatu zitzaidan, eta erabaki nuen lehengo lanera ez itzultzea. Lana bilatzen hasi nintzen gero, eta, Afog elkartean norbait bilatzen zutenez, hara igorri nuen galdea.
Laborantza mundua ezagutzen zenuen?
Ez, biziki urrun nintzen. Ez nuen laboraririk ez familian, ezta bizi nintzen leku inguruan ere. Baina kuriositate handia nuen; arlo biziki garrantzitsua da laborantza. Horretaz ari garelarik, elikaduraz eta bizidunez ari gara: gizartearen oinarria da. Hortaz, kuriositate handia nuen, eta interesgarria zitzaidan mundu hori deskubritzea.
Zer moduz moldatu zinen Afog elkartean hasi zinenean?
Lan elkarrizketatik, jadanik, aitzin gustu bat izan nuen. Afog elkartea laborariek eta langileek osatzen dute, eta ene lan elkarrizketan laborariak ere baziren. Bikaina izan zen, hasieratik ikusi ahal izan bainuen haiek nola ikusten duten elkartea, zer funtzio ikusten dioten... Egunerokoan, gero, egin arau ikasi dut. Lehen urtean, aspaldi hor den langile batekin aritu nintzen, eta horrela formatu ninduten. Anitz transmititu zidaten lehen urtean, bai lan taldeak, baita laborariek ere.
Nola funtzionatzen du elkarteak?
Formakuntzarako eta kudeaketarako elkartea da. Berrogei urte bete ditu, eta Ipar Euskal Herriko Afog elkartea lehenetarikoa izan da. Orain beste leku batzuetan ere badira. Autonomia da elkartearen oinarria: laborantza munduan, kudeaketa administratiboa berezia da, eta egokitzapenak egiten badituzu etxaldean, horren ondorioak ez dira zuzenean ikusten, denbora behar da. Laborariek kudeaketa norbaiti eginarazi behar izan diote luzaz, eta kontularitza ez zuten autonomoki kudeatzen. Laborari batzuek horren inguruan gogoetatu zuten, eta sentitu zuten beharra beren kabuz kudeatzeko hori, eta horrela sortu zen Afog elkartea. Baina kudeaketa ez da bakarrik kontularitza: etxaldean zer egoeratan lan egiten duten, zein diren lurraldearen ezaugarriak, klimarenak... Anitz gauza kontuan hartu behar dira etxalde bat kudeatzeko tenorean, eta inportantea da azpimarratzea hori ere gogoan dugula. Laburbiltzeko, erranen nuke autonomia eta lan kolektiboa direla elkartearen norabideak. Proposatzen ditugun formakuntza ikastaroak horretan oinarritzen dira.
«Kudeaketa ez da bakarrik kontularitza: etxaldean zer egoeratan lan egiten duten, zein diren lurraldearen ezaugarriak, klimarenak... Anitz gauza kontuan hartu behar dira etxalde bat kudeatzeko tenorean»
Nola egituratzen da zuen lana?
Urte guztian aitzinetik aurreikusia den egitarau bat betetzen dugu. Helburua da laborantzaren testuinguruari kasu egitea, fiskalitate aldetik, ikuspegi sozialetik, juridikotik... Eta horren arabera egiten ditugu lan jarduerak. Konkretuki, adibidez, Laborantza Politika Bateraturako diru laguntzen garaia delarik, horri erantzuteko formakuntza ikastaroak proposatzen ditugu, ikusteko galdea nola egin, nola egiaztatu, kontrolei begira nola prestatu... Eta entseatzen gara azterketak egin ahal izateko tresnak plantan ezartzen ere, laborariek ikus dezaten ea beren etxaldearen funtzionamendua egokia den, edo, norabidea aldatu nahi badute, hori nola egiten ahal duten. Gero, batzuetan, beste galde batzuk heldu zaizkie, eta halakoei udan erantzuten diegu. Adibidez, 2022an, Ipar Euskal Herrian bazen idorte handi bat, eta, aldi berean, Ukrainako gerrak anitz emendatu zituen kostuak. Krisi garaia zen, eta laborari talde bat muntatu zen horri nola aitzin egin ikusteko.
Zuek ere etengabe eguneratu behar duzue.
Anitz ikasten dugu formakuntza ikastaroetan. Langile bakoitza 70 bat laborarirekin aritzen da, eta bakoitzaren problematiketatik anitz ikasten dugu. Bakoitzak baditu bere arazoak, eta ahal bezain hobeki ihardukitzen entseatzen gara: transmisioa, elkarlana, erretretara joatea... Beti badira egoera bereziak eta egoera berriak, beti zerbait ikasten dugu. Ez da errutinarik, laborantza mundua aldakorra baita.
Laborariek nola ikusten dute Afog?
Azpimarratu izan dute laguntza humanoa dutela guregana jotzen dutenean. Ez zaizkio ordenagailu bati mintzo, eta hori biziki preziagarria da. Hurbiltasuna bada. Galderak dituztelarik, saiatzen gara erantzuten, eta ez manera bertikalean, manera partekatuan baizik.
Laborarientzat protesta urtea izan da. Salatu dute lan administratiboak pisu handiegia duela.
Ideia denez laborariek autonomia lortzea alde horretatik ere, iruditzen zait badakitela zer egin behar duten, halere. Afera da azken urteetan edozertarako behar dutela dosier bat egin, batzuetan epe biziki laburrekin. Presioa sentitzen dute, eta guk behar dugu antolatu laguntza eraginkor bat emateko. Helburua ez da bakarrik dosierra betetzea: helburua da ulertzea zertarako bete behar den, nola bete behar den... Baina ematen dugun laguntza ez da bertikala, autonomiara gidatzeko baizik.