Pantxix Bidart

Gure kondairaren zamaz

2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Pasai Donibanen dabilena, herriko ostatuen zepoa saihesten lortzen badu, itsasbazterretik badiaren puntara ibil daiteke. Han, bide erditsutan, Albaola fabrika uraz bestaldean duela, 1984an gertatu lau militanteen hilketaz oroitzeko zizel lana topatuko du. Horren ondoan, azalpen idazki bat hiru hizkuntzatan, hortik pasatzen direnei gertakizunaren berri emateko borondatez. Espainiako Poliziak zepoa antolatu eta nola hotzean lau militanteak erail zituen azaltzen du, gazteen lau izen eta adinak zehaztuz eta Poliziak erabilitako zepoa luze eta zabal erakutsiz.

Baina irakurri nahi duenak ez du errazki lortuko, testu guziak, hiru hizkuntzetan, sakonki marratuak, atzaparkatuak izanak baitira. Marrak ez dira ustekabean eginak izan, baizik eta argiki irakurtzen ez uzteko helburuarekin.

Gertakari latzetik harat, atzaparkadek dute ene arreta piztu.

Hau da gure memoriari egin nahi zaiona. Nahi dute ahantz dezagun, deus gertatu ez balitz bezala. Pentsa, garaiak ezagutu dituzten herritarrak hil ondoan, nehork ez du gertakari latz horren berri izanen eta turismoak lasai irauten ahalko du, pintxo eta itsasontzi ederren artean.

Gertakariak ahantziz, herri honetan zenbat jende borrokatu den ahantziko da emeki-emeki. Eta zertarako borrokatu den ere bai. Joan arau, uhinek arean egindako marrazkiak bezalaxe, populu bat izan zela ere ahantziko da. Herri bat? Hizkuntza bat? Ez..., ez dakit.

Isiltasunezko harlauza astun baten azpian ehortzi nahi gaituzte, ordura arte bakerik ez.

Oskorrik Amurizaren hitzekin kantatu zuena oroitarazten dit honek:

«Gure kondairaren zama haize arrotz batek darama».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.