Ostia sareko kidea

Xabier Hegi: «Guk ez dugu Ostiako kideen epaiketa egin nahi, baizik eta Bouyguesena»

Ostiaren kontrako errepresioa salatu du Hegik, eta argi utzi du Marieneko laborantza lurretan Bouyguesek duen eraikuntza proiektuaren kontrako borrokan segituko dutela.

Xabier Hegi
Xabier Hegi. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Kanbo
2024ko martxoaren 4a
05:00
Entzun

Ostiako kidea da Xabier Hegi (1968, Miarritze), Kanboko Nahi Dugun Herria oposizio taldeko hautetsia ere bada, eta badu hamar urte Marieneko eraikuntza proiektuaren kontrako borrokan engaiatua dela. Ostia sareko lau kide epaituko dituzte Bouyguesen bulegoan Marieneko proiektuaren maketa bat lurrez estaltzeagatik. Hegiren ustez «ez du zentzurik». Auziaren prestaketa lanetan dira.

Ostiako lau kide epaituko dituzte martxoaren 12an. Nola prestatzen ari zarete epaiketa?

Hasteko, egun horretan jendea deitu dugu auzitegira etortzera: animazioak izanen dira, mahai inguruak, baita jatekoa eta edatekoa ere. Bestalde, badugu izenpe bilketa bat martxan, zeinetan jendeari galdetu diogun Marieneko lurren defentsaren alde engaiatzeko. Guk ez dugu Ostiako kideen epaiketa egin nahi, baizik eta Bouyguesena.

Zer leporatzen diete zehazki?

2022ko abenduan ekintza bat izan zen Bouyguesen bulego batean, Marieneko proiektuaren maketa bat baitzen, eta sinbolikoki lurrez estali zuten erakusteko nahi dugula lur horiek laborantzako lur geldi daitezen. Horren ondotik, jende batzuk konbokatuak izan ziren polizia etxera, baina ez ziren joan. Iazko azaroan, gero, Polizia azkarki armaturik jin zen lau kideen bila, eta komisariara eraman zituen egun oso batez. Andeatzeak leporatzen zaizkie.

Nola kokatzen duzue errepresio ukaldi hori?

Neurriz kanpokoa izan da. Zehaztu behar da bi maila izan zirela: atxiloketa eta atxiloaldia. Atxiloketak ikaragarriak izan ziren; CRS anitz etorri ziren, azkarki armaturik... Iduri zuen terrorismoaren kontrako operazio bat zela. Baina ekintza ttipi batendako zenez, gero, komisarian polizia anitzek ez zuten ulertzen, eta arrunt neurriz kanpokoa zela iruditzen zitzaien. Kanbon, badakit jende guziak ikusi zituela kide baten etxeko auzoan bost edo sei Polizia kamioi. Arrunt kriminalizatuak izan dira, baina ikusiz zer zen ekintza, zinez ez du zentzurik.

Okzitanian eta Frantzian Lurraren Altxamenduen kontrako errepresioa handia izan da. Uste duzu lotura egiten ahal dela?

Zernahi gisaz, errepresioa biziki azkarra izaten ahal da nornahiren kontra, salbu beharbada laborarien kontra. Frantziako Gobernuak Lurraren Altxamenduak desegin nahi izan zituelarik, haien sostenguz tokiko talde gisa agertu ginen. Baina guk badugu gure agenda, eta haiek haiena. Haien kontrako errepresioa biziki handia izan zen Sainte Solinen eta A69 autobidean; ez dakit ea gure kontrakoa horretan kokatzen ahal den, baina ikusi beharko da zer gertatuko den gerora. Ostiako beste bi kide komisariara deituak dira Bouyguesen panel batean egindako tindaketa batengatik. Argi da Bouyguesek duela presioa ezartzen.

«Ostiako beste bi kide deituak dira Bouyguesen panel batean egindako tindaketa batengatik. Argi da Bouyguesek duela presioa ezartzen»

Marieneko eraikuntza proiektua zertan da? Auzi bideak oraino irekiak ote dira proiektua juridikoki oztopatzeko?

Laster dei auzia izanen dugu Paueko Auzitegi Administratiboan. Afera da Tokiko Hirigintza Planaren kontrako dei auzia dela, CADEk, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herriak salatu baikenuen hori Auzitegi Administratiboan. Lehen auzia galdu genuen, eta orain iragatekoa da dei auzia. Erran behar da Kanboko Herriko Etxearen abokatuak Elkargoak pagatzen dituela, Tokiko Hirigintza Plana Elkargoak baitu bozkatzen, eta alde bozkatu baitzuen. Haien abokatuek zernahi gezur erran dituzte, frogarik gabe: ez direla laborantza lur onak, ez dela ardirik ibiltzen...  Auzapezak dio ez dituela obrak hasiko auzi hori pasatu aitzin, baina aldi berean eraikitzeko baimena emana du. Nahi balute, obrak orain hasten ahalko lituzkete.

Ostiak errana du obrak hasiko balira egin ahalak eginen dituela oztopatzeko. Nola ikusten duzue?

Aipatzen ari gara. Gauzak ez dira finkatuak. Ostia okupazio batetik sortu zen, beste okupazio bat lagundu zuen Senperen... Ikusi beharko da zer eginen dugun Marienean, jakinez ez duela Ostiak erabakitzen. Tokiko talde batek eramaten badu borroka bat, Ostia hor da laguntzeko, elkarrekin egiteko. Orain arte izan diren ekintzak, dena den, arrunt pazifikoak izan dira: okupazioa edo lur pixka bat botatzea maketa baten gainera. Dena den, argi da ez dugula proiektu hori nahi, badu hamar urte eraikuntza proiektuaren kontra ari garela, eta ez dugu hola utziko.

Marienekoaz aparte, Ostia beste borroka batzuetan ari ote da?

Ostia sare bat da, eta hor parte hartzen duen jende gehiena lekuko borroketan ari da. Ostiatik segitzen ditugu leku desberdinetako borrokak: joan den udan Senpereko etxea izan zen, orain Aiherrakoa, Luhuson beste proiektu bat behatzen dugu... Momentuan gauzak aski kalme dira; afera handia Marienekoa da. Halere, besteak ez ditugu batere baztertzen, eta aktualitatearen arabera, prest gara mobilizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.