Aines Hariztoi

Greba feminista orokorra

2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Azaroaren 30ean Hego Euskal Herrian jendarte osoa grebara deitua da. Karrikara jaustera deituak dira denak: emazteak, gizonak, ez-binarioak. Langileak, ikasleak, erretretadunak, langabeak. Urte beteko hausnarketa eta lanketa gogor bat behar izan da greba orokorraz erditzeko, Euskal Herriko Mugimendu Feminista osatzen duten eragileen esku sartzeari esker.

Karrikara aterako dira zainketa-sistema publiko eta komunitario baten aldarrikatzeko, zainketarako. Karrikara aterako dira emazteak egoera onartezinean mantentzen dituzten pribatizazioaren eta merkantilizazioaren salatzeko. Karrikara aterako dira zainketa-lanak, musu truk ala bi sosen kontra, osoki emazteen gain uzten dutenei kontuak galdegiteko. Ororen buru, greban jarriko dira bizitza duinen alde: bizitza osoan zehar edonor behar bezala zaindua izateko eskubidearen alde, baita zaintza lanak bermatzen dituztenen lan baldintza zuzenen alde ere.

Azaroaren 6az geroztik, emazteok doan lan egiten dugu urte bukaera arte. Kalkulua emazte eta gizonen arteko soldata-ezberdintasunari buruzko Europako estatistiketan oinarritzen da: batez beste, %15eko aldea. Bi sexuek okupatzen dituzten lanbideek eta maila hierarkikoek azaltzen dute ezberdintasuna. Soldata arrakalak amei eragiten die bereziki, arraila handitu egiten da haur kopuruarekin.

Azaroaren 30ean Ipar Euskal Herriko emazteok ez gara greban jartzen ahalko, Frantzian ez dagoelako greba abisurik. Baina egun horretan, ahal dugunok, Donostiara joanen gara. Karriken betetzera, greba feminista orokorrari gure ekarpena egitera, eta hortaz elikatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.