Hendaiako Enbata gaztetxean hasi zen Kaneta garagardoaren proiektua. Gaztetxeko garagardo industriala pixkanaka ordezkatzeko asmoz hasi ziren kide batzuk garagardoa ekoizten. Eñaut Jauregi garagardogileak erran du «ahal bezala» hasi zirela. Garagardo dupa batzuk erditik moztuz eta garagardoa ekoizteko lagunarteko tailerrak eginez hasi ziren edaria ekoizten.
COVID-19aren pandemia garaian gaztetxean elkartzen zen lagun talde batek garagardoa egiteko ideia ukan, eta Hendaian lokal ttipi bat lortu zuten dohainik, ekoizten hasteko. Orain Hendaian bertan lokal «handiago» bat alokatu dutela jakinarazi du Jauregik. Geroz eta garagardo gehiago ekoizten dutenez, lokal handiago baten beharra zuten. «Gaztetxean 50 litro ekoizten genituen. Ondotik, gure lokal txikian, 150 litro ekoizten hasi ginen, eta orain, lokal handiagoa dugula, seiehun litro ekoizten ditugu».
Alokatu duten lokala Kaneta portuan da. Ofizialki enpresa gisa deklaratua da Jauregiren eta haren bi lagunen egitura. Zehaztu du lau garagardo mota ekoizten dituztela. Ohiko garagardo horia egiteaz gain, beste hiru mota berezi ekoizten dituzte. «Garagardo gorrasta, IPA motako bat, eta garagardo beltza proposatzen ditugu».
Garagardo horia da gehien edaten dena, eta, beraz, gaztetxeek eta elkarteek gehien galdegiten dutena ere bai, Jauregiren arabera. Berriki, Hazparneko eta Azkaineko gaztetxeekin hitz egin dute, eta Kaneta garagardoa erosten hasi zaizkie. Dupetan ez ezik, latetan ere hasiko dira saltzen, baina salmenta ahalik eta zuzenena izanik.
Mementoko, inguruko eskaerak ukan dituzte garagardogileek. Jauregik adierazi du Hendaiako ostalari batzuekin lan egiten hasi direla. «Bada lekuko garagardoaren galdea. Hor, berriki, gure lagun batek ostatu bat ireki du Hendaian, eta garagardoak eskatu dizkigu. Iruditzen zaigu bikaina dela hendaiar batek Hendaian egina den garagardoa erabiltzea».
Ostatu herrikoi bat
Jauregik jakinarazi du Kaneta portuan duten lokala utzi eta Hendaian ostatu herrikoi bat sortu gogo dutela, uste baitute halako bat «falta» dela herrian. Ostatua ez ezik, garagardoa ekoizteko tokia ere garatu nahi dute han. «Garagardotegi baten gisako zerbait nahi genuke egin. Pintxoak eta jateko aukera ematearekin batera, bertan saldu nahi ditugu gure garagardoak».
Garagardotegia euskarari eta herri mugimenduari atxikia izatea nahi dute. Izan ere, gaztetxean sortu proiektua euskaraz sortu zuten, eta lortu nahi duten ostatu hori euskalduna eta herriari lotua izatea nahi lukete. «Hendaian falta dugu ostatu herrikoi bat. Nahi baino denbora gehiago hartzen ari da proiektua aitzinera eramatea, baina gustatuko litzaiguke herri mugimendutik hurbil den gune bat izatea».
FUTBOL 7 TXAPELKETA ekainaren 14an
Ekainaren 14an eginen dute aurtengo Futbol 7 zazpiko futbol txapelketa, Hendaian, eta antolatzaileetan da Hendaiako Enbata gaztetxea. Txapelketaren XX. aldia dute aurtengoa, eta balioa eman nahi diote orain arteko ibilbideari, Aitzol Gil de San Vicente antolatzailearen arabera. Azken urteetan, 30 futbol talde inguruk parte hartu dute. Taldeak nagusiki Bidasoaldetik eta Oiartzualdetik (Gipuzkoa) etortzen dira, eta, kirola egiteko aukeraz gain, orotariko jarduerak eskaini nahi dizkiote jendeari. Zazpiko futbol txapelketaren bidez bildu dirua Ipar Euskal Herriko Harrera elkarteari ematen diote. Nahiz eta presoen egoera «franko» aldatu den, kartzeletan «dozenaka» lagun daudela oroitarazi du Gil de San Vicentek. Iruditzen zaio «beharrezkoa» dela euskal preso ohiei ere elkartasuna helaraztea.