Ione Josie: «Funtsezkoa da hizkuntza politika tokiko eragileekin eta herritarrekin eramatea»

Filipe Aramendi auzapezarekin eta Pruden Sudupe hizkuntza politikarako hautetsi delegatuarekin, Urruñako marraztu duten euskara plana aurkeztu du herriko etxeak. Ione Josie euskara teknikariak eraman du planaren egituratze lana.

Ione Josie
Ione Josie, Urruñako herriko etxean, euskara planaren aurkezpenean, urtarrilaren 16an. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Urruña
2024ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun

Euskal Konfederazioan, Kontseiluan eta UEMArekin, hamabost urtez euskalgintzan ibili zen lanean Ione Josie (Donibane Lohizune, 1976). Gero, euskara teknikari bilakatu zen; lehenik, Errobiko garaiko herri elkargoan, eta ondotik, Euskal Hirigune Elkargo sortu berrian. Gaur egun, Urruñako Herriko Etxeko euskara teknikaria da, eta, esperientzia guzia metaturik bizkarreko zakuan, gaur egungo udal gehiengoarekin, buru Filipe Aramendi auzapeza eta Pruden Sudupe hizkuntza politikarako hautetsi delegatua direla, pikoan eman du aurkeztu berri duten ondoko bost urtetarako euskara plana.

Euskara planaren aitzinsolasean oroitarazten duzue euskara eguneroko komunikazio hizkuntza dela euskaldunentzat eta, aldi berean, integratzailea. Inportantea zen printzipio batzuen argitzea?

Atera behar dugu Europako hizkuntza zaharrenaren ikuspegi horretatik. Guk euskaraz bizi nahi dugu, euskara biziarazi nahi dugu; eguneroko hizkuntza bat da, eta nahi dugu hala izan dadin. Plazako hizkuntza da, eta eman behar diogu irudi hori. Integratzailea ere bada, zeren eta hizkuntza politika bat ez da bakarrik euskaldunentzako egina. Hitz egin behar dio euskara ikasten duenari, ausartzen ez den euskaldun zaharrari, euskaraz bizi nahi duenari, baita euskara ez dakienari ere, hark ere bere rola baitu hizkuntzaren berreskurapenean. Jende hori nahi dugu hurbilarazi, eta atera inposaketaren diskurtsotik. Hizkuntzak elkarbizitzarako gakoa izan behar du.

Oroitarazi duzue euskararen gaur egungo egoera politika baten ondorioa dela, eta ez naturala.

Badakigu bilakaera zein izan den. Bizkarsoro bi aldiz ikusi dut, eta oso ongi agertzen da XX. mendeko egoera, baina aitzinagotik heldu den erabaki politikoa izan da; hala nola Gregoire apaizaren manifestua. Frantziako Estatuaren edo konderrien historian gureak bezalako hizkuntzak desagerrarazteko erabakiak izan dira. Ondorioa hor da: prestigioa galdu du, ez da transmititu, eta bigarren planoan egon da. Beharrik, 1980ko hamarkada baino pixka bat lehenago euskalgintza mobilizatu da. Azkenean, beti egiten da hizkuntza politika: euskararen alde egiten denean, baita euskararen aldeko erabakirik hartzen ez delarik ere, eta holakoetan kontra egiten du.

Gogoratu duzue, bestalde, Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu norabideen barnean ari zaretela. Zergatik?

Bakarrik ezin dugu aritu. Urruñak baditu bere berezitasunak: biziki hedatua da, baditu sei auzo oso desberdinak —itsasaldekoak, mendialdekoak, mugaldekoak—, herritar mota desberdinak eta bizimolde desberdinak. Arras desberdina baita Zokoan edo Pausun bizitzea; Olhetan edo hiri barnean. Bi erakunde nagusi baditugu: Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa. Biek hizkuntza politika bat definitua dute, eta guk bat egin behar dugu. Sinisten dut dinamika bakar batean aritzen ahal garela. Lurraldeko erronka hori aipatu dugu, baina, zabalago, Euskal Herrikoa ere bai. Azken urteetan, mugaz gaindiko harremanak erori dira arlo horretan. Gure erronka da harreman horiek berriz bultzatzea. Azkenean, hizkuntza bera eta bakarra dugu, eta herri egiten gaituena hizkuntza da.

«Hizkuntza politikak hitz egin behar dio euskara ikasten duenari, ausartzen ez den euskaldun zaharrari, euskaraz bizi nahi duenari, baita euskara ez dakienari ere, hark ere bere rola baitu hizkuntzaren berreskurapenean».

Nola berriz bultzatu harreman horiek?

2023an, jadanik, Udalbiltzako Geuretik Sortuak proiektuan sartu ginen auzoko herriekin: Bera eta Lesaka [Nafarroa]. 2024ko, Euskarabentura txiki baten proiektua dugu: mugaldeko gazteendako egonaldi ibiltari bat Oiartzun [Gipuzkoa}, Sara, Bera eta Lesakarekin. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariekin berriz harremanetan sartua naiz esperientzien trukatzeko.

Euskara plana zutik ezartzeko urratsetan, frankotan aipatu duzue «kontzertazioak» izan duen lekua.

Alde batetik, bada herriko etxeko talde honen hari nagusia demokrazia parte hartzailea dela. Bestetik, bi aldeak ikusi ditut: hamabost urtez euskalgintzan egon naiz —batzuetan, administrazioaren jarrera kritikatzen—, eta orain mirailaren beste aldean naiz, administrazioaren parte. Nahi izan dut konplizitatetik lan egin, hizkuntza politika bat ezin baita bakarrik eraman, berriz erranik. Funtsezkoa da tokiko eragileekin eta herritarrekin eramatea.

Nola egin duzue?

Herriko etxeko zerbitzu guzietara joan naiz buruz buruko bilkuren egitera. Sinesten dut landako lanean; energia da, baina joan behar da jendearengana. Harriduraz hartu dut zer harrera ukan dudan: zenbat euskaldun baden eta zenbat proposamen igo diren. Denak sartu ditugu planean. Bestalde, tailer bat egin dugu hautetsiekin; inportantea zen, uler dezaten zer den hizkuntza politika bat. Plazara-rekin eraman dugu eta biziki emankorra izan da. Oposizioa ere gomit zen, euskara denena baita, herritar guziena; euskarak ez du kolore politikorik, eta hainbat hobe oposiziokoek bat egiten badute, nahiz ez diren denak etorri. Hirugarrena izan da eragileekiko lana. Galdetegi bat egin dugu, eta hortik diren atera beharrak bildu ditugu. Hurbilenak diren elkarteak ikusi ditugu, eta helburua da denengana joatea ekaina bitartean. Eta eskolekin badugu harreman aski erregularra.

Euskara zerbitzuetan garatu, ikusgarri egin eta aldeko giro bat sortzea aipu duzue planean. Nola heldu horretara?

2021ean Urruñako Herriko Etxeak, beste berrogeita hamar bat herrik bezala, Euskal Konfederazioak bultzatu tokiko kolektibitateen ituna izenpetu zuen. Gure asmoa ez da sinbolikoa gelditzea. Euskal Elkargoarekin ere badugu hitzarmena euskara zerbitzua sortzeko. EEPren hizkuntza politika, gure kasuan, gehiago hezkuntzari lotua da. 2023ko sartzean kasik zortziehun ikasle genituen, sei eskoletan eskolatuak eta %72k euskaraz ikasten dute —bi eskola murgiltzean dira—. Klase idekitzeak baino gehiago, gure erronka burasoen sentiberatzea da, haur horiek guziak eskolatik kanpo ere erabilerara pasatzeko. Hor dugu akats bat; ez dugu eskaintza handirik aisian.

Helduen erabilerarako zer pentsatu duzue?

Alde batetik, gure zerbitzuen eskaintzan lehentasunetan eman dugu herritarrenganako zerbitzuetan euskara garatzea, ahozkoan zein idatzian. Horretarako, gaur egun hamabost bat langile baditugu formakuntzan. Baina aise gehiagok galdegin dute. Ari gara aterabide bat xerkatzen beste langileei ere eskaintza bat proposatzeko. Diagnostikoa egin zelarik, langileen herenak galdegin zuen formakuntza [150 langile dira orotarat]. Zinez behar batetik heldu da galdea, agintaldi erdian gaudenez. Gero, badira eragile pribatuen erabilera espazioak. Hor dugu zailtasun nagusia, arlo pribatuan ez baitugu eskumen handirik. Sakonkiago landuko dugu gai hori.

11.000 biztanle ditu Urruñak. Hein interesgarria da halako euskara plana esperimentatzeko?

Bai. Maila orotako herriekin lan egin izan dut. Beti aholkulari gisa aritu naiz orain arte, eta erraza da kanpotik plan bat egitea. Falta zitzaidan alde operazionala: aholkatzen nuena nola praktikan ezarri? 11.000 biztanlerekin Urruña herri gotorra da, soziologikoki herritar mota desberdinekin, baina, horrez gain, bada babes politiko osoa —herriko etxe honek zinez nahi du euskararen alde lan egin—, eta badira baliabideak. Esleitu zaio aitzinkontu bat euskarari, eta hori beste herri batzuetan ez da gertatu. Enetzat, aukera izan da hutsetik kasik abiatzeko, sortzeko eta esperimentatzeko, esperimentaziorako askatasun eta babes horrekin. Plangintza lehen epealdi batekoa da.

Zuhurki, baina urrats sendoz aitzinatzeko?

Erraten dugu ez dugula euskara bost urtez salbatuko. Beharbada bost urteren buruan lehen fruituak ikusiko ditugu. Hori ere ikasi dut: denbora behar dela. Segur aski, akatsak eginen dira eta berriz hartuko dugu zuzentzeko. Hori ere interesgarria da herri ertain horretan praktikara pasatzean.

«Enetzat, aukera izan da hutsetik kasik abiatzeko, sortzeko eta esperimentatzeko, esperimentaziorako askatasun eta babes horrekin».

Nahi izan duzue herriko etxeko zerbitzu guzietan zeharkako politika izan dadin?

Zehar-lerrokotasuna garrantzitsua zaigu. Barnean, zerbitzu guziek integratu behar dute hizkuntza politika. Ez naiz ari bakarrik. Komunikazioko lankideek zaintzen dute edozein euskarri beti ele bitan ateratzea. Eskakizun bat bakarrik frantsesez baldin bada, berehala abisatzen dute. Baditut beste zerbitzuetako nire zaindariak, eta proiektuak ere beste zerbitzuekin betan sortzen ditugu.

Lehen helmuga 2028ra artekoa jarri diozue planari. Engaiamendua ez dadin agintaldi honetako gobernantzarekin geldi?

Hori da. Hizkuntza politika batek behar ditu plangintza bat, erabaki bat, baliabideak eta epeak. Usu egin dira eperik gabeko politikak, eta hortik ikasi da. Epe ertain baterako begirada inportantea zen. Lauzpabost urtekoa jarri dugu, preseski deslotzeko agintaldi honetatik, hizkuntza politikak behar duelako epe luzeagoa. Ez da gelditzen hauteskundeekin.

Horri loturik da urrats bakoitza jarraitzeko betekizuna.

Horretarako badugu gehiengo eta oposizioko hautetsiz osatu misio talde bat. Ber denboran neurgailuak finkatzen ditugu. Neurgailu horiek findu nahi ditut aurten. Helburuak izan behar dira beti neurgarriak eta lorgarriak. Amestu behar da euskara, baina neurtu ere bai zertan garen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.