Djeride Jean-Baptiste: «Frantziaren hizkuntza politika basatia eta bortitza da»

Haitiarra da Jean-Baptiste, kreolera hiztuna. Ipar Euskal Herrian ikusi duen egoerak «baieztatu» dio Frantziako Gobernuaren hizkuntza politika «atzerakoia» dela.

Djeride Jean-Baptise, Baionan, urriaren 11n. PATXI BELTZAIZ
Djeride Jean-Baptise, Baionan, urriaren 11n. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Azken egunetan Ipar Euskal Herrian ibili da Djeride Jean-Baptiste (Bombardopolis, Haiti, 1992). Garabidek eta Plazarak antolatu duten munduko hizkuntza gutxituen aktibisten topaketan parte hartu zuen urriaren 10ean, Baionan. Hilabete eta erdi bat pasatu du Euskal Herriaren itzulia egiten, euskararen inguruko hainbat egitasmo ezagutzeko. Deigarria zaio Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko diferentzia, eta Ipar Euskal Herrian euskararen egoera Haitin kreolerak pairatzen duen egoerarekin parekatu du; Frantziako Gobernuaren hizkuntza politika ezarri du jomugan.

Hona etorri aitzin, Euskal Herria ezagutzen ote zenuen?

Ez. Enetzat, Espainia, Espainia zen, eta Frantzia, Frantzia. Futbolzale amorratua naiz, eta Euskal Herriko taldeen izenak ezagutzen ditut, baina gehiagokorik ez. Hegoaldean egonez, ohartu naiz Espainia ez dela bloke bat eta bakarra; badira euskaldunak, eta biziki inportantea zaie espainiarretatik desberdintzea.

Eta Iparraldea, ezagutzen zenuen?

Batere ez. Ez nekien Euskal Herriaren parte bat Frantziaren menpe denik.

Zein da Haitiko egoera soziolinguistikoa?

Bi hizkuntza badira: kreolera eta frantsesa. Herritarren %90ek hitz egiten dute kreoleraz; kreoleraz bakarrik, gainera. Hortaz, Haiti ez da gizarte elebiduna, munduari kontrakoa sinetsarazi nahi badiote ere. Frantsesdun kopurua %3 eta %5 artekoa da, baina afera da botere guneetako hizkuntza frantsesa dela. Ulertu behar da nondik datorren kreolera: azukre kanabera zelaietan sortu zen, esklabotza garaian. Haiti Frantziako kolonia aberatsena zen. Esklaboak erosi behar izan zituzten Afrikan, eta, hainbat herrialdetatik zetozenez, ez zuten elkar ulertzen. Kreolera bat sortu zutenafrikarren artean komunikatu ahal izateko. Kreolera Afrikako hainbat hizkuntzaren arteko nahasketa da, beraz, eta badira frantsesezko hitz batzuk ere. Laburbiltzeko, kreolera esklaboen hizkuntza da, eta haiei esker sortu da komunikaziorako hizkuntza bat.

Zer leku du kreolerak gizartean?

Argiki, gizartearen hizkuntza kreolera da. Historian zehar ere hala izan da. Haitiko Iraultzarentzat eta Independentziarentzat balio izan duen hizkuntza da; iraultza bat egiteko komunikazio tresna bat behar da. Hori horrela, Haitiko independentziaren ondotik, bi taldetan banaturik segitu du gizarteak: esklabo ohiak —kreolera soilik mintzo zutenak—, eta mulatoak —kolonen oinordeak, frantsesa soilik mintzo zutenak—. Mulatoek botere politikoa eta ekonomikoa zutenez, frantsesa mantendu dute administrazioaren, prestigioaren eta hezkuntzaren hizkuntza gisa. Eta hala segitzen du: frantsesa prestigioaren hizkuntza da; bankuak frantsesez funtzionatzen du, gobernuak gehienik frantsesez komunikatzen du, Konstituzioa luzaroan frantsesez bakarrik izan da, eskolan frantsesez ikasten da...

«Haurra zarenean, joko horretan sartzen zara; sinetsarazi didate kreolerak ez ninduela nehorat ere eramanen eta frantsesa zela hitz egin beharreko hizkuntza»

Euskaldunek anti deitzen duten eta eskolan euskaraz mintzatzeagatik zigortzeko erabiltzen zen lepokoaren erabilera ezagutu duzu zuk, Haitin.

Bai, guk symbole edo pion esaten diogu. Lepoko txiki bat da, eskolan erabiltzen dutena kreoleraz mintzatzea debekatzeko. Nik hori ezagutu dut, bai eskolan, baita etxean ere. Gure gurasoek bulta batez nahi izan zuten frantsesez bakarrik hitz egin genezan. Egia erran, hilabete bat ere ez zuen iraun, baina gogoan iltzatua dut aitak debekatu zigun eguna. Symbole bat eman zigun, eskolan bezala. Eskolan, gero, kreoleraz mintzatu baginen eta egun bukaeran symbole gure soinean bazen, bi hautu genituen. Edo lerroak kopiatu, berrehun, bostehun, mila...; zigortzen gintuenaren bihozberatasunaren arabera. Edo, bestela, poesia ikaragarri luze bat ikasi; usu, La Fontainena.

Zer eragiten du zigor horrek pertsona batengan? 

Haurra zarenean, joko horretan sartzen zara; sinetsarazi didate kreolerak ez ninduela nehorat ere eramanen eta frantsesa zela hitz egin beharreko hizkuntza. 2020an, MIT Haiti ezagutu nuenean, ulertu nuen bortizkeria linguistikoa dela. Bortizkeria sistemiko baten biktima izan naiz, eta horrek konplexu bikoitza sortu du enegan. Batetik, nagusitasun konplexu bat, frantsesa mintzo nuenetz, kreolera hiztun elebakarrekiko. Bestetik, gutiagotasun konplexu bat, frantsesa ama hizkuntza duten haitiarrekiko.

Ipar Euskal Herrian ikusten duzun egoera linguistikoak badu antzekotasunik Haitiko egoerarekin?

Bai: bietan Frantziako politika zentralistaren errepresio mekanismo berak aplikatzen dira. Hego Euskal Herrian ginelarik, euskaldunak zoriondu ditut euskara biziberritzeko prozesua biziki eraginkorra baita; lortu dute hein handi batean hizkuntza biziberritzen eta euskara euren hizkuntza gisa aldarrikatzen. Baina Ipar Euskal Herrira heltzean, ohartua naiz ez dela batere gauza bera. Hemen, euskara ez da ofiziala, Haitin kreolera ez den bezala. Eta ez dut uste Frantziako Gobernuak diru laguntzarik ematen duenik euskara biziberritzeko, ez hezkuntzan, ezta eragileei ere... Frantziaren hizkuntza politika —izan lehengo kolonietan hala bere menpe dituen lurraldeetan—, basatia eta bortitza da. Frantziaren hizkuntza politikak ez du obratzen hizkuntzen aniztasunaren alde; alderantziz, aniztasun hori suntsitzen du. Iparraldean izan dudan esperientziak baieztatu dit Frantziako hizkuntza politika basatia dela hizkuntzen kontra. Oso atzerakoia da. Halere, ikusten dut erresistentzia handia badela, eta horretan segitu behar da. Desberdintasunak ere badira, halere: Haitin kreolera ez da biziberritu beharrik; 11 milioi hiztun ditu. Lortu behar duguna da administrazioetan, botere guneetan eta hezkuntzan kreolera sartzea. Baina herrialde pobrea da Haiti eta atzerritarren laguntza ekonomikoa behar du; besteak beste, Frantziarena. Horrek blokeatze bat eragiten du hizkuntza politika eraginkorrak martxan ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.