Gorka Torre: «Frantziako eta Espainiako estatuek inposatzen diguten koadro legalean euskara hiltzen da»

Herribiltza kolektiboaren 'Euskal Herrian lehentasunez euskaraz' kanpainaren karietara egindako ekintza batzuen harira epaituko dute Torre, martxoaren 26an.

Gorka Torre
Gorka Torre, hilaren 12an, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Herribiltza kolektiboak Euskal Herrian lehentasunez euskaraz kanpaina abiatu zuen duela hiru urte. Karia horretara, ekintza desberdinak egin dituzte, eta, hain zuzen ere, bi ekintzarengatik epaituko dute Gorka Torre (Behorlegi, 1974). Donibane Garaziko osasun etxe publikoan euskarazko seinaleak egiteko tindaketak egin zituen Herribiltzak: andeatze arinak leporatzen dizkiote Torreri, baita hatz markak emateari uko egin izana ere. Epaiketaren egunean elkarretaratze bat eginen dute Baionako auzitegi aitzinean, 13:30ean; Euskal Konfederazioak deialdiarekin bat egin du.

Martxoaren 26an epaituko zaituzte Baionako Auzitegian. Zer leporatzen dizute?

Bi ekintzetan parte hartu izana: 2023ko irailaren 21ean eta 27an Donibane Garaziko ospitaleko kanpoko hormetan tindaketak egiteagatik. Zehazki, ekintza horretan seinaleetan lehentasuna euskarari eman genion.

Nola prestatzen duzu auzia, zer defentsarekin?

Abokatuaren bidez, auzia euskaraz egin ahal izatea galdegin diogu auzitegiari. Guk aldarrikatuko dugu Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugula, horrek erran nahi duen guziarekin; gure eguneroko ekintza guzietan, aktibitate guzietan, esparru guzietan euskaraz egiteko posibilitatea izan nahi dugula. Baita zerbitzu publikoetan ere, hala nola ospitalean.

Kanpaina orokorrago batean sartzen dira bi ekintza horiek.

Euskal Herrian lehentasunez euskaraz duela hiru urte abiatu dugun kanpaina da, eta hainbat ekintza egin ditugu horren karietara. Euskalgintzaren hainbat urtetako borrokaren ondorioz lortu dugu euskararen presentzia bat hainbat esparrutan; gehiago, beharbada, idatzian ahozkoan baino. Alegia, ospitalean berean, seinaleetan euskararen presentzia ikus daiteke pixka bat, paneletan gauza bera, erakunde edo elkarte ezberdinetan ere bai. Baina euskara hain kinka txarrean da, non gaur egun euskararen alde instituzioek egiten dutena ez den inolaz ere aski euskararen biziraupena bermatzeko.

Zer behar litzateke?

Kontua ez da euskara seinaleetan sartzea, edo euskararen irakaskuntza garatzea edo ahozko erabilpenean lau hitz euskaraz egitea. Kontua da euskarak bizirauteko zer behar duen argiki zehaztea. Gure abiapuntua hori da: euskarak bizirauteko zer behar du? Argi da hizkuntza batek lurralde bat behar duela bizirauteko, non herritarrek hizkuntza hori lehentasunez erabiltzen duten. Lehentasunez hitzak, euskaraz dituen bi erranahiekin: erran nahi du lehenik erabiltzen dela, eta erran nahi du gehienik erabiltzen dela. Biak. Hori bermatua ez den bitartean euskararen geroa ez da bermatua izanen.

«Argi da hizkuntza batek lurralde bat behar duela bizirauteko, non herritarrek hizkuntza hori lehentasunez erabiltzen duten»

Nolakoa da, zuen ustez, euskararen gaur egungo egoera?

Gu abiatu gara azken urteetan atera diren inkesta soziolinguistikoen emaitzetatik: argiki adierazten dute Euskal Herrian zortzi herritarretatik bakarrak euskaraz hitz egiten duela. Euskara galbidean da; gauzak argiki erran behar dira. Nahiz eta lan ikaragarria egiten den euskararen alde, ez da aski. Euskararen aldeko borrokaren izaera kualitatiboki aberastu behar dugu. Frantziako Estatuak eta Espainiakoak inposatzen diguten koadro legalean euskara hiltzen da. Koadro legal hori —konstituzioak eta beren legedi osoa— salatzen dugu, gure hizkuntzaren hiltzailea baita.

Ostiako lau kide epaitu zituzten iragan astean. Duela bi aste, berriz, sei gazte atxilotu zituzten; besteak beste, uztailaren 14an egindako ekintza batzuk leporatuta. Orain, zu epaituko zaituzte. Errepresio kasu horiek lotuak direla uste duzu?

Bidegabea den legezkotasunaren parean makurtzen ez direnek errepresioa pairatzen dute. Bagatoz hamarkada batzuetatik, non ikaragarrizko errepresioa izan den herri honetan. Euskal Herriak beti pairatu du errepresioa aurre egin dielarik estatuen lege bidegabeei. Gure legedia guhaurek herri independente gisa ez dugun bitartean, hala segituko du.

Herribiltzan zer balorazio egiten duzue zuen ibilbideaz?

Bi gauza atxikitzen ditugu, bereziki. Lehentasunez euskaraz kontzeptua sarrarazi dugula uste dugu, beste batzuek berriz erabiltzen duten kontzeptua baita. Euskararen aldeko borrokan, bestalde, orain arte egindakoarekin ikusi dugu salto kualitatibo bat beharrezkoa dela. Biziki argi da gaurko esparru legalarekin segituz euskararenak egin duela. Eta esparru legala aldatzea aipatzen dugularik, ez gara Frantziari enegarren aldiz konstituzioa alda dezan eskatzeari buruz ari. Aldatzea erraten dugularik, Euskal Herriaren independentziaren perspektiba batetik ari gara; herri gisa independentzia eraikitzeko perspektiban ezarri behar dugu.

Zer asmo duzue auzitik landa?

Aldaketa batzuk egitera goaz gure jardunean, beste era batera arituko gara; euskararen aldeko kanpainak forma berri bat hartuko du auzitik aitzina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.