Frantziak hegalaburraren kuotak gaizki partekatu zituela ebatzi du auzitegiak

Tolosako auzitegiak arrantzale txikiei arrazoi eman die. Frantziako Gobernuak hegalaburraren kuotak gaizki banatu zituen 2017an.

Atunaren artisau arrantza erakusketa
'Atunaren artisau-arrantza: jasangarritasun bermea' izeneko argazki erakusketako argazki bat. IÑIGO ONANDIA
Joanes Etxebarria.
2024ko apirilaren 19a
05:05
Entzun

Okzitaniako Tolosako Auzitegi Administratiboak arrazoia eman die arrantzale ttipiei martxoaren 28an hartu duen delibero batekin: 2017an, Frantziako Gobernuak atun hegalaburraren arrantza baimenak ez zituen Europak inposatzen dituen irizpideen arabera partekatu, eta kuotak gaizki banatu zituen. Mediterraneoan eta Atlantikoan biltzen diren arrantzale ttipien sindikatu eta plataforma desberdinek txalotu dute erabakia, 2021ean Montpelliereko (Frantzia) epaitegiaren deliberoa konfirmatzen duela oroitaraziz.

Arrantza eskubidea, hau da, espezie bakoitzeko zer kopuru arrantzatu daitekeen, Europak finkatzen du herrialde bakoitzarentzat. Atunaren kasuan, hegalaburrarentzat, hiru herrialderentzat da kuotarik handiena: Italia, Espainia eta Frantzia. Estatu bakoitzak, gero, libertate aski handia du partekatzea egiteko, betiere Europak finkatu arau batzuk errespetatuz. Europako araudia ez betetzea egotzi diote, preseski, Frantziako Gobernuari.

Parisek Mediterraneoa eta Atlantikoa bereizten ditu, lehenari kuota handiagoa emanez: estatuan 6.693 tona hegalabur arrantzatu daitezke, eta horietatik 5.957 Mediterraneoan matrikulatuak diren ontzientzat dira; 69 tona aisialdiko arrantzarako, eta arrastakoak, 669 tona, Atlantikoan ari direnentzat. Europako arautegiko Arrantzaren Politika Bateratuaren 17. artikuluan jasota dagoenez, kuotak banatzeko, «Europako Batasuneko estatu kideek irizpide objektibo eta gardenak baliatu behar dituzte, irizpide sozialak, ekonomikoak eta ingurumenarekilakoak kontuan hartuz». Frantziako irizpideak, berriz, hiru zutabetan oinarritzen dira: ontziek aitzineko urte batean harrapatu hegalabur kantitatean, merkatuaren orientazioan eta oreka sozioekonomikoan.

Frantziak aplikatzen duen arautegi hori 2006an moldatu zen; Europako arautegia, berriz, 2013an finkatu zuten egun duen forman. Donibane Lohizuneko Tximistarri arrantzontzian aritua da Xabi Martiarena, eta orain erretretan da; hark dioenez, «erran nahi du 2013tik 2017ra bederen, hori baita auzitegiak epaitu duen epea, gaizki egiten ari direla arrantza kuoten banaketa, eta batzuen abantailan egiten dela». Haren ustez, beti «ontzi handi eta indartsuenentzat, eta arrantzale ttipi eta artisauen kaltetan» egiten dute kuoten banaketa.

Hegalaburren populazioa

Ingurumenaren irizpidea, Martiarenaren ustez, ez da kontuan hartzen Frantziak kudeatzen dituen ontzietan. Alta, hegalaburraren populazioa lanjerrean izan da berriki arte. WWF Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, 1970eko hamarkadara arte «nagusiki arrantza artisaua» ibiltzen zen hegalaburraren gibeletik; gerora, munduan ukan zuen «arrakastarengatik», arrantza presioa azkartu zen; Mediterraneoan, bereziki. 1950 eta 2010 artean, WWFren arabera, hegalaburren %80 desagertu ziren. Horren ondorioz, nazioarteko arrantza kuotak apaldu zituzten 2007an, eta, horri esker, hegalaburren populazioa berriz emendatu da.

Horregatik, Europak finkatu dituen arauen artean, aholkatzen dute, Martiarenak erran duenez, «amuarekin ari direnak hobestea pelagikoak baino, sinpleki errateko». Hots, galdegiten dute hobesteko arrantza jasangarria. Baina Martiarenak esplikatu du Frantziako Gobernua auzitara eraman zutela alderantzizkoa egiten zuelakoan: «Hegalaburrari kalterik handiena egin diotenei ematen zaizkie kuota gehienak». Itsas hondoak karrakatzen dituen sarearen arrantzak kuoten parte handi bat izatea deitoratu du arrantzale ohiak: «Pelagikoei arrantza hori debekatu egin beharko liekete», Martiarenaren iritziz.

«2013tik 2017ra bederen, hori baita auzitegiak epaitu duen epea, gaizki egiten ari dira arrantza kuoten banaketak».

XABI MARTIARENAArrantzale ohia

Europak oinarriak ematen baditu ere, estatu kide bakoitzak badu bere antolaketa finkatzeko manera. Hala, herrialde batzuetan kuota indibidualak banatzen dira, eta horietatik zenbaitzuk arra saltzeko zuzena dute haien jabe direnek. Frantziako Estatuan ez da hala, kuotak estatuarenak direlako. Martiarentzat, aldiz, hori teoria hutsa da: «Frantziako kuota estatuarena da, baina praktikan pribatizatu da. Anitzek erosi dituzte arrantza eskubide horiek eta pilatzen joan dira».

Sinpleki, hegalaburrak hartzeko kuotak dituen itsasontzi bat erosiz, eroslea kuota horiez jabetzen dela esplikatu du Martiarenak, eta gehitu du armadoreek ahalak dituztela ontzi zaharrak erosteko beren arrantza eskubideekin. Mediterraneoan bezala Atlantikoan ere, armadore edo enpresa handiek, emeki-emeki, kuoten parte handi bat berenganatu dute gisa horrez, Martiarenaren arabera, arrantzale lapurtar artisauak kaltetzeraino: «Hegalaburra Donibane Lohizuneko badiara sartzen da urtero, gutxi edo gehiago. Beraz, interesgarria da hemengo ontzi ttipientzat. Baina beste batzuek kuotak hartu dituztenez, ttipientzat aukera oso gutxi gelditzen da», trenkatu du.

Ondorioak Lapurdin

Hegalaburra oraino ez zelarik prestigio handikoa, Donibane Lohizune eta Ziburuko portua erreferentziazkoa zen, Martiarenak zehaztu duenez: «Historikoki, Frantzia mailan hegalaburrak estimu komertzial ttipiagoa zuenean, Donibane Lohizuneko portuak zuen ekoizpen handiena Mediterraneoa eta Atlantikoa elkartuz». Garai hartako aztarnak badira argazki artxiboetan. Hegalaburraren «eromena» zabaldu zen gero, eta bereziki Mediterraneoan kopuru handiak ateratzen hasi ziren itsasontzi handiekin.

Atunak Donibane Lohizuneko portuan 60 harmarkadan
Atunak Donibane Lohizuneko portuan, 1960ko hamarkadan. JEAN VELEZ

Gaur egun kuoten banaketak ukan dituen eraginez ohartzeko, Tximistarri ontziko arrantzale ohiaren erranetan, «aski da ikustea Donibane Lohizune-Ziburuko portua zertan den». Uste du arrantza tradizionalean amuekin ari ziren ontzi anitzetatik bakarra gelditzen dela: Atalaia Berria ontzia. Lehen artisau arrantzan ari ziren beste ontzietatik batzuk erretretara joan ziren eta besteek ez dute gehiago hegalaburra harrapatzeko kuotarik, edo lauzpabost arrainetako kantitate sinbolikoa, gehienez ere.  

Tolosako epaiak, Montpellierkoak bezala, nolanahi ere, ez du kalte ordainik aipatzen 2017an kuotarik ukan ez eta ukan behar zituzketen arrantzaleentzat. Martiarenak uste du, dena den, kaltea egina dela: «Kaltearen parte handi bat, manera guztiz, egina da, bai Mediterraneoan eta bai hemen ere: ontzi ttipi anitz ez dira berritu, erretretak hartu dira, beren ontziaren balioa galdua zuten, ez baita gauza bera eskubiderik gabe saltzea. Eta gelditzen direnek, zaila dute mantentzea», ondorioztatu du. Hegalaburraz harago ere, erran du arrantza ttipiak beste zailtasunak ere bizi dituela.

Gehiago dena, arrantza jasangarriaren segidarako panorama beltz ikusten du arrantzale ohiak. Azaldu du gazteek arrantzan hasteko zailtasunak dituztela: «Orain arrantza hasi duen batek arrantza eskubideak dituen ontzi bat erosi behar du. Gure garaian galdetzea nahikoa zen lortzeko». Oso «zail» ikusten du gazteek arrantza profesionalerako urratsa egin dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.