Hemen gaindi oraindik ez dira sobera ikusten lurrean, baina Landetan berean 700 hektarea balitezke.
Bistan dena tentazio handia da laborari batendako eguzki panel horien ezartzea, bereziki etxaldean zailtasunak direnean ekonomikoki. Diru iturri berri bat eskainia zaie sobera indarrik egin gabe. Azken urteetan laborariok geldi-geldia ukaiten ditugu telefono bidez gisa horretako zernahi eskaintza.
Marrazoak bezala dabiltza hainbat enpresa prekaritatean diren etxaldeburuen gibeletik; edota —horietarik ere baita dudarik gabe— beti diru gose direnen liluratzen ere bai.
Erran behar da zoritxarrez legea alde dutela edo zehaztasun eskasez enpresa horiek ontsa baliatzen direla hutsune horietaz.
Ondorioak zein dira? Bihurrienetan aipa dezakegu, besteak beste, lurraren artifizializazio horrek lurrari kentzen diola bere lehen zeregina, jendarteari hazkurria eskaintzea. Bada espekulazio iturri bilakatzen dela ere lurra, harrapari horientzat. Eta nola ez aipa gure bazterren suntsitzea, gure pentze eta alorrak eguzki panelez betetzen uzten balira.
Ez gara laborariak energia berriztagarrien kontra, bistan dena, guk ere energia mailan gure etxaldeetan nolabaiteko autonomia bat eskuratzen ahal badugu! Haatik, ez lurrean! Fotovoltaikoak baluke aski eremu, hori segur, teilatuak eta gune jadanik artifizializatuak erabiliz, hala nola aparkalekuak. Ez ditzagun utz gure bazterrak energia sailtzaileen apetitu mugagabeari!