Azaroaren 15ean ez da Ipar Euskal Herriko Hitza-rik izanen. Kasu. Baina ez da hori hilberri bat, aldi berri batentzat formatua berrituta plazaratzeko urrats bat baizik. Azaroaren 22an Ipar Euskal Herriko Hitza itxura berrituta plazaratuko baita, magazin formatuan, eta 24 orrialderekin. Horregatik du Hitza-ren eta BERRIAren erredakzioak astebeteko pausa bat hartuko hilaren 15ean, 22an asteroko martxara itzultzeko, azalberrituta. Ostiraletan segituko du argitaratzen, orain arte bezala, eta harpidedunek etxean jasoko dute, astero.
Oihana Teyseyre Koskarat Ipar Euskal Herriko Hitza-ren zuzendariak esplikatu du astekaria bisualagoa izanen dela. «Magazin formatua izanen du hemendik aitzina. Egungo gizartean, irudiak garrantzi handia du, eta magazine horretan irudiek izanen dute leku gehiago. Orain egunkari formatua du Hitza-k, eta magazin formatuarekin, nolabait esateko, edukiak eta formak bat eginen dute hobekiago». Joanes Etxebarria kazetariak erantsi du «magazinetik hurbilago den paperezko formatu ttipiagoa» ukanen duela irakurleak, eta, beraz, erabilerrazagoa ere izanen dela.
«'Hitza'-k ekartzen ditu besteetan atzematen ez diren gauza batzuk ene gustuko: batetik, euskararen aldetik zorroztasuna; bestetik, distantzia pixka bat eta denbora doi bat gehiago gai batzuetan barnatzeko»
JOANES ETXEBARRIA'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ko kazetaria
Etxebarria hatsarretik ari da Ipar Euskal Herriko Hitza-n, eta argi ikusten du astekariaren ekarpena: «Hitza-k ekartzen ditu besteetan atzematen ez diren gauza batzuk ene gustuko: batetik, euskararen aldetik zorroztasuna, parte handiz BERRIAko zuzentzaile taldeari zor zaiona; bestetik, aktualitatearen ohiko segipenaz gain, distantzia pixka bat, eta denbora doi bat gehiago gai batzuetan barnatzeko. Eguneroko aktualitatearen errotaren bazter batean baita astekaria».
Bertako intxaurrak hamalau
Irakurleak eta harpideak orain arte eskura izan dituzten edukiak izanen ditu Hitza berrituak, Teyseyrek azaldu duenez: «Gure heinean, gibelapen batekin, baina aktualitatea lantzen dugu, bigarren denborako begiratu bat proposatzen zaio irakurleari, eta segituko du horrek izaten astekariaren muina, baina gaiak barnatzeko leku gehiago ere izanen dugu». Horretan gelditu gabe, baina: «Aniztasun handiagoko edukia proposatzeko xedea dugu. Ikusten dugu aukera bat dela Ipar Euskal Herrian euskara hutsean ari den prentsari ekarpen bat egiteko».
Hamalau urteko bidea egin berri du Ipar Euskal Herriko Hitza-k, 2010eko azaroan baitzen sortu. Iñaki Etxeleku kazetaria ia hamarkada batez izan da Hitza-ren zuzendari, eta Kultura gaietan ari da orain, BERRIAn. Astekariaren bilakaera ikusi du bertatik bertara: «2014an iritsi nintzen BERRIAra, eta berehala Hitza-ren ardura hartzeko izan zen. Hitza-k lau urte zeuzkan ordurako, eta BERRIAk apustua egin nahi zuen: Hitza-k benetan astekari izaerarekin funtzionatzea. 2014tik aitzinera, Ipar Euskal Herriko astekari gisa nahi izan du ibili, irakurleei harpidetza bidez etxean jasotzeko aukera eskainiz. Ondorioz, lanaldi osoko kazetari bat eta lanaldi erdiko beste bat osoki astekariari dedikatzen zaizkio geroztik».
Hats luzeko gaiak, beste modu batez landu aktualitatea, egunkari nazionalean agertzen ez diren Ipar Euskal Herriko gaiak, baita tokikoagoa ere, horiek guziak uztartzen ditu Hitza-k. Horrez gain, beste ekarpen baliotsu bat ere du egiten, Etxelekuren esanetan, «Ipar Euskal Herriko euskara batu landu bat» garatzen ahalegindu baita.
«Saiatu nahi dugu gure eremuan loturak egiten. Adibidez, ikusten dugu Ipar Euskal Herriko elkarteen sareak leku bat ukaitea 'Hitza'-n»
OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ko zuzendaria
Hitza berriak eutsiko die osagai horiei, baina eduki berri batzuk ere emanen ditu, Teyseyrek gehitu duenez: «Saiatu nahi dugu gure eremuan loturak egiten. Adibidez, ikusten dugu Ipar Euskal Herriko elkarteen sareak leku bat ukaitea Hitza-n. Bestalde, aukera izanen dugu BERRIAn argitaratutako aktualitateko gai batzuk ere harrapatzeko Hitza-n».
Astekaria bera ez ezik, webgunea ere berrituko du Hitza-k azaroaren 22an. Diseinu sinple eta argiagoa edukiko du, artikuluetara errazago iristeko eta aiseago irakurtzeko. «Webgunean ere edukiak eta formatuak bat eginen dute», Teyseyrek zehaztu duenez. «Baliabide falta argia dugu. Ez gara hedabide hegemonikoen heinean. Baina arlo digitalak sekulako garrantzia du, eta ezinbestekoa da webgune funtzionalago bat edukitzea. Eta horrek publiko berri batzuengana iristeko aukera emango digu».
580
'Hitza'-k astero banatzen dituen aleak.Ipar Euskal Herriko Hitza-ren 580 ale banatzen dira astero-astero. Norbanako askok etxean errezibitzen dute, eta harpidedun dira dozenaka leku publiko ere. Azaroaren 22tik aitzina, harpidetza kanpaina bat eginen du, babesle gehiago lortzeko Hitza-rentzat. Magazin berriaren urteko harpidetza 40 eurokoa izanen da.
Inaugurazioa eta kanpaina
Azaroaren 22an berean, magazin berria aurkezteko ekitaldi bat eginen dute BERRIAk eta Hitza-k. Baina ez hori bakarrik: Baionako bulego berria ere inauguratuko dute, euskalgintzako eta hedabideetako kideek lagunduta. Hiru urtez berritze lanetan aritu dira, eta ospakizun ttipi bat eginen dute. Egun berean, harpidetza kanpaina bat hasiko du Hitza-k.
Egun, Ipar Euskal Herriko Hitza-k 580 ale banatzen ditu astero. Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin iaz egindako zabalkunde kanpainarekin, 250 pertsona eta leku publiko gehiago egin ziren Hitza-ren harpide. Astekaria eta webgunea berrituta, euskaldun gehiagorengana heltzea da helburua orain, harpidetzetan «jauzi bat» egiteko eta euskarazko hedabideen komunikazio sistemari indar berritu bat emateko. Hitza berrituaren harpidetzak urtean 40 euro balioko du, eta Internet bidez eskaera egiteko aukera ere izanen da.
«Hiztun kopurua murriztuz doa, eta harekin, euskara maila. Horregatik, euskal prentsa idatziak munta handia du hizkuntza mailari begira ere»
IÑAKI ETXELEKUBERRIAko kazetaria
Etxelekuk gogorarazi du Hitza-k balio handia duela euskararentzat ere: «Begi bistakoa da euskarak Ipar Euskal Herrian duen gainbehera. Egoera larrian da, eta larritzen ari ere zaio. Euskal prentsak, oro har, funtsezko betekizuna du euskarari bizia emateko eta euskaldungoak munduaren berri bere hizkuntzan har dezan. Hiztun kopurua murriztuz doa Ipar Euskal Herriko gizartean, eta harekin, euskara maila. Horregatik, euskal prentsa idatziak munta handia du hizkuntza mailari begira ere, eta baita alfabetatzeari begira ere». AEKren eta euskara tituluen ikasleek eta sail elebidunetako irakasleek maiz erabiltzen dituzte Hitza-ko artikuluak, adibidez.
Prentsa idatzia gero eta guttiago irakurtzen omen den garai hauetan, zaila da irudikatzea «paperarekin oraino apustua egiten duen astekari batek zer biziraupen eta hedadura izanen duen», Etxelekuren erranetan, baina BERRIAk egindako apustuak indarrean segitzen du, eta berrindartzeko aukerekin: «Hitza-ren harpidedunen kopurua bikoiztu egin da, harpidetza kanpainen eta eskaintzen medioz. Eta harpidedunen adina ere interesgarria da: 25-30 urteko irakurleak baditu, 60 urtetik gorakoak, eta arteko andana ere bai. Adin tarte zabala hunkitzea lortzen du Hitza-k». Eta erronka hori zabaltzeari lotuko zaio, Etxebarriaren arabera, azaroaren 22tik aitzinera: «Hitza berritua arrazoi ederra izan daiteke astekariaren irakurle bilakatzeko».