Filosofia gaiak euskaraz hausnartzeko gomita gaur, Baionako Biltxokon

Filo Txoko kafe filosofikoa gaur eginen dute, 18:30ean. Aipagai izanen den lehendabiziko testua, Simone Weilena izanen da.

Beñat Castorene eta Lucien Etxezaharreta
Beñat Castorene eta Lucien Etxezaharreta, Filo Txokoren aurkezpenean, apirilaren 25ean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2024ko maiatzaren 3a
05:05
Entzun

Bilboko kafe filosofikorako gomita ukan zuelarik ezagutu zuen formatua Beñat Castorenek. Simone Weilen Askatasun erroak euskaratu zuen Castorenek, eta kafe filosofikoaren proposamena aitzina eraman dute Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharretarekin. Lehen hitzordua gaur izanen da, 18:30ean, Baionako Bil Txokon. Lekuaren izenarekin hitz jokoa eginez, Filo Txoko deitu dute eztabaidarako lekua.

Formatuaren interesa bikoitza zaio Castoreneri. Batetik, publiko zabalari filosofiara hurbiltzeko manera «ederra» zaio, Bilbon ikusi baitzuen «adin eta klase guztietako jendea, giro sinpatikoan, libreki hitz egiten, eta gustua hartzen zuten ariketa horretan», haren erranetan. Bestalde, gai filosofikoak euskaraz jorratzeko urratsa aipatu du idazleak: «Iduritzen zaigu euskarazko filosofiaren praktika beharrezkoa dela euskaraz pentsatzen berriz ikasteko».

Filosofiak jende anitz uzkurtzen duen jakitun, izua gainditzera gomitatu nahi du Castorenek: «Egia da filosofia hitzak jendea izutzen duela, baina pena da, zeren azkenean denak gara filosofo. Bizi guztia pasatzen dugu filosofia egiten, ohartu gabe. Aldiz, interesgarria da sakontzea». Gaur iraganen den lehen hitzorduan, preseski «beldur hori kentzeko» mintzatuko da, gaia bera jorratzen hasi aitzin, filosofia irakasle izana den Piarres Aintziart. 

Aipagai nagusia, aldiz, Castoreneren itzulpenetik jalgia izanen da, Simone Weilen testu batekin. «Testu sakona da, interesgarria, eta euskaraz. Testua sakonduko dugu, eta hori filosofiara hurbiltzeko manera bat da, nahiko erraza eta interesgarria», zehaztu du itzultzaileak. Charles de Gaullek, Frantziako estatuburu izan aitzin, Weili manatu zion testu baten zati bat da Castorenek Filo Txokora eraman nahi duena, «oinarri filosofiko bat emateko erresistentziari eta eraiki nahi zuen gobernuarentzat». 

«Iduritzen zaigu euskarazko filosofiaren praktika beharrezkoa dela euskaraz pentsatzen berriz ikasteko».

BEÑAT CASTORENE Filo Txokoren antolatzailea

Erreforma desberdinak egin beharraz ari da Weil idazki horretan, eta Castorenek makina industrialak aipagai dituen zatia hautatu du: «Makina industrialen kontzepzioa aipatzen du: makina horiek eginak dira etekin gehiago ateratzeko, prezioa beheititzeko kontsumitzaileentzat, baina ez dira pentsatuak lana bihurtzeko atsegingarri langilearentzat». Filosofiak gauza «konkretuetara» eraman dezakeela erakutsi nahi du Castorenek testu hori hautatuz lehen hitzordurako.

Ondokoak libre

Egitasmoaren abiarazleek lehen hautua egin dute, testua zabaldu ahal izateko lehen juntarako. Baina ondoko aldietarako parte hartzaileen araberako hautuak eginen direla uste du antolatzaileak. «Nik anitz maite ditut akzioaren filosofoak, baina hori gustu pertsonala da. Sail horretan bada anitz egiteko Simone Weilekin, baina atzematen ahal dira akzioaren filosofoak Euskal Herrian ere», erran du Beñat Castorenek.

Kafe filosofiko bat abiarazi dute, halere, «nahi duenak bere ikusmoldea eman dezan», eta horregatik uste dute gaurtik aitzina aipatuko direla ondokoetarako gogoeta iturri posibleak. Filosofiaz euskaraz mintzatzeaz gain, ez dute baztertzen Euskal Herriko filosofo euskaldunak hautatzea ondoko hitzorduetarako. Castorenek izen bat bota du airean: Joxe Azurmendi. «Behar genuke Azurmendiren lana aipatu, ene ustez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.