'Familion egonaldia', hizkuntza ohituretan eragiteko

Familia barneko hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko bi egonaldi antolatu dituzte Plazara-k, AEK-k eta Udalekuk partaidetzan. Denetara, berrogei familia hartuko dituzte, eta izena emateko epea martxoaren 15era arte izanen da zabalik.

(ID_14701873) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Familientzako egonaldien aurkezpena, Plazaren \
'Familion egonaldia' egitasmoa aurkezteko agerraldia, otsailaren 21ean, Baionako On Piztu lokalean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hizkuntza gaitasunean eta ohituretan eragitea izanen da Familion egonaldia egitasmoaren helburua: Plazara elkarteak, AEK-k, Udalekuk, Ebete kooperatibak eta Dindaia fundazioak parte hartu dute proiektuan. Ipar eta Hego Euskal Herriko berrogei familia bildu nahi dituzte bi egonalditan, familiako kideen artean euskararen erabilera sustatzeko. Lehena euskarazko B1 eta B2 maila duten gurasoentzat izanen da, eta apirilaren 21etik 25era iraganen da, Baigorritik Lesakara (Nafarroa). Bigarrena euskarazko maila apala duten gurasoentzat izanen da, apirilaren 28tik maiatzaren 3ra, Arbonatik Gipuzkoako herri batera —zehaztekoa dute zeinetara—. Lehen astean barnetegia izanen da, bertan lo egin dezaten haur eta gurasoek; bigarrenerako, berriz, eguneko eskaintza antolatu dute. 3 eta 11 urte arteko haurrak dituzten familientzat pentsatua da. Martxoaren 15era arte irekia izanen da izen emateko epea (Baionako AEK-ko egoitzara deituz: 06 03 20 50 10).

Eneko Gorri Plazara-ko kideak esplikatu duenez, helburua da «familien arteko oreka» bat bermatzea: «Profil desberdinak dituzten familiak bildu nahi ditugu, hizkuntza maila desberdina dutenak, haurrak eskola sistema desberdinetan dituztenak eta lurraldea bere osotasunean ordezkatzen dutenak». Egonaldi denboran, gurasoentzako euskara klaseak segurtatuko ditu AEK-k, eta haurrendako euskarazko animazioak eginen ditu Udaleku elkarteak. «Egunero gai baten inguruan lan eginen dugu, eta helburua da horren bidez familia barneko hizkuntza ohituretan eragitea», erran du Mikel Pomadere AEK-ko langileak. 

Egonaldia ibiltaria izanen denez, Hego Euskal Herriko partaideekin plantan ezarri dute programa. Lehen egonaldia Nafarroako Dindaia fundazioarekin landu dute. «Lesakara joango gara elkarrekin, eta herria ezagutzeko parada izango dute familiek, baita herritarrekin harremanak sortzeko ere», segurtatu du Dindaiako kide Esther Lakastak. Bigarren egonaldia Gipuzkoako Ebete kooperatibarekin antolatu dute; Maddalen Aristegi Ebeteko kidearen arabera, proiektu horrek «zubi lana egitea» ahalbidetuko du. Gorrik oroitarazi du Plazara «lankidetzak eragiteko» sortu zela, eta, preseski, halako egitasmoek hori egiten dutela.

Instituzioen babesa

Proiektua diruz laguntzeko, instituzioen beharra izan dute euskalgintzako taldeek. Familion egonaldia-ren aurtengo esperimentaziorako bi partaide nagusi izan dituzte: Euroeskualdea eta Euskal Hirigune Elkargoa. Geroari begira, Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko eta Euskarabidea institutuarekiko partaidetzak egonkortzea espero dute —Nafarroan euskara sustatzeko erakunde publikoa da Euskarabidea—. 

Euroeskualdearen izenean, Mathieu Bergek azpimarratu du hizkuntza politikak «gisa horretako proiektu berritzaileen» beharra duela, eta erronka askotarikoei heldu behar diela; besteak beste, hizkuntzaren erabileran eragiteko. «Galde sozial bat bada gizartean euskarari begira, eta horri erantzun behar diote instituzioek. Euskalgintzak ez du tentsiorik berrezartzeko interesik; behar duena zera da: gisa horretako proiektu berritzaileak garatu», erran du. Euroeskualdeak 30.000 euroko laguntza eman dio Familion egonaldia egitasmoari. 

Euskal Hirigune Elkargoko mugaz gaindiko hautetsi Joseba Erremundegik ere proiektuaren «berritasuna» txalotu du. «Euskararen kinka larriak berritasuna behar du», segurtatu du. Euskarazko eskolatzea «handitzen» dela baieztatu du, baina kasu gehienetan lehen mailatik bigarrenerako jauzian apaltzen dela euskaraz ikasten dutenen proportzioa. Horren arrazoia usu «familiek duten beldurrari lotua» zaiola uste du Erremundegik, kezkatuak direlako hizkuntzaren ondorioz beren haurrak ez lagundu ahal izateagatik. Familion egonaldia bezalako proiektuek kezka hori apaltzen «laguntzeko» balio dutela adierazi du. Elkargoak 15.000 euroko laguntza ezarri du proiekturako. 

650

Zenbatekoa den egonaldiaren gehienezko prezioaFamilion egonaldia egitasmoko Baigorriko egonaldiarentzat, haur bat eta guraso bat izanez gero, 525 euro ordaindu behar da; guraso bat eta bi haur izanez gero, 650 euro. Arbonako ikastaldirako, guraso batek eta haur batek parte hartzeko 300 euro ordaindu beharko dira, eta guraso batek bi haurrekin parte hartzeko, 400. Dena barne izanen da: gurasoentzako 20 oreneko euskara ikastaldia, haurrendako animazioak, otorduak, barnetegia Baigorriko egonaldiaren kasuan, garraioak eta materiala.

Nafarroako Euskarabidearentzat eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, aurtengo edizioa laguntzeko «epeak laburregi» izan dira, baina geroari begira interesa agertu dute bi erakundeek. Euskarabideko Jabi Arakamak espero du «egonkortuko» dela. «Gure helburua euskara plazetan ikusgarriago izatea da; partaideen arteko batasun bat ikusten da horretarako, eta babestu nahi ditugu horrelako proiektuak. Mugaz gaindiko egitasmoek muga adminisitratibo eta juridikoak izan ditzakete, baina horiek elkarrekin gainditu behar ditugu», erran du Arakamak. Familien hizkuntza ohituretan eragitea erronka zaila da, haren ustez: «Horretan eragitea ezinbestekoa da, familiak erdigunean nahi ditugulako, baina eremu intimoan eragitea ez da erraza». 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Iker Goiriak, halaber, proiektua geroan laguntzeko asmoa erakutsi du. «Familia batentzako plan ederra da, eta hizkuntza politikan esperientzia goxoek balio handia dute». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.