Belaunaldi guzien arteko nahasketa segurtatzea izan da Ezpeletako Ezpela dantza taldearen helburu nagusia Amalur ikusgarria muntatzeko tenorean. 55 urte bete izana ospatuko du aurten elkarteak, 1969an sortu baitzen, Ezpeletako dantzari gazteen talde bat Normandiara dantzatzera joan ondotik. 55. urteurrena markatu nahi izan dute, eta, horregatik, kasik bi oreneko ikusgarria prestatu dute. Belaunaldien arteko nahasketa hori «hunkigarria» izanen dela segurtatu du Marie Hegi-Urain taldeko dantzariak. Bi aldiz emanen dute ikusgarria, bietan Ezpeletako merkatu estalian: gaur 20:30ean eta bihar 17:00etan.
Euskal mitologia da Amalur ikusgarriaren ardatza: Mondarraingo laminen istorioa kontatuko dute dantzariek, irudikatuz Euskal Herriko pertsonaia mitologikoengana nola joaten diren. Istorio horrek «belaunaldien arteko loturak indartzeko» balio du, Hegi-Urainentzat, eta azpimarratu du lan berezia egin dutela adin tarte guziak elkarrekin dantza daitezen. «Usaian, urtebetetzeen karietara, belaunaldi bakoitzak bere dantza ematen du; aurten, denak nahasi nahi izan ditugu», esplikatu du.
Horren ondorioz, dantza batzuetan hiru belaunalditako ahaideak izanen dira taula gainean. «Adibidez, matelot bat emanen dugu 32 neskak, eta hor badira ahizpak, kusiak, ama-alabak, ttantta-ilobak...». Hegi-Urainek uste du adin desberdinetako jendeek elkar ezaguturik ere «lotura apala» dutela, eta ikusgarriaren bidez loturak «sendotu» dituztela.
Tradiziora itzuli
Ezpelako dantzariek osatu dute ikusgarria hastetik buru, eta, gehiena beren baitarik muntatu badute ere, bizpahiru dantzatan kanpoko koreografoen laguntza izan dute, Hegi-Urainek erran duenez. «Gure xedea zen dantza tradizionaletara berriz hurbiltzea, dantza herrikoiak emanez, jendeak plazera har dezan dantzatzean, eta ez beharbada gauza hain teknikoak eginez». Nolanahi ere, sorkuntza batzuk ere sartu dituzte ikusgarrian, baina betiere «tradizioan oinarrituz, eta hura berrituz».