Zientzia Politikoan doktorea

Graxi Irigarai: «Ez da merkatuaren esku utzi behar euskal zinemaren garapena»

Joan den abenduan defendatu zuen Irigaraik doktore tesia Bilbon, EHUn. Ipar Euskal Herrian euskal zinemaren azken urteetako garapena eta politika publiko baten hastapenak aztertu ditu lanean.

Graxi Irigarai
Graxi Irigarai, Baigorriko plazan, urtarrilaren 12an. PATXI BELZAITZ
Xalbat Alzugaray
Baigorri
2024ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Tesia defendatu berri du Graxi Irigaraik (Baigorri, 1990). Historian lizentziatua (2011) eta masterra politika kulturalen arloan eginik (2013), azken lau urteetan eramaniko ikerlanean hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezkoak jorratu ditu.

Zergatik hautatu zenuen zinema ikergai gisa?

Kasualitatea izan da. Ikasketak egin nituen kulturaren arloan lan egiteko. Masterraren ondotik, AEKn sartu nintzen klaseak emateko, eta 2018an nahi izan nuen kulturaren arlora berriz itzuli. Bere garaian, kultur elkarteetan sartu berria nintzen, eta ezagutza batzuk egin nituen. Gastibeltza ekoiztetxea sortu berri zuten, eta ni hasi nintzen arlo horretan lanean. Horrela hasi ziren lehen galderak azaleratzen.

Nola definitzen duzu euskal zinema terminoa?

Euskal zinema terminoaz hainbat eztabaida izan dira. Funtsean, euskal zinema definitu daitekeelako zinemagilearen jatorria kontuan harturik eta, batez ere, ekoiztetxearen kokapena ikusiz. Argi nuen ideia hizkuntzari lotua izanen zela, euskaraz denari. Euskarazko ikus-entzunezkoetan ohar gaitezke aukera guti ditugula, nolabait hizkuntza hegemonikoek hartzen baitute leku handia. Euskaraz sortzen denari eta euskarazko edukian arreta jarri dut, euskal zinema izan daitekeelako, ene kasuan, Eugene Greenen Atarrabi eta Mikelats filma ere, nahiz eta filmaren egilea euskalduna ez izan, euskaraz delako edukia.

Zer garrantzi luke hizkuntza minorizatu batentzat zinema industria sendo bat ukaiteak?

Ikus-entzunezkoak eta zinemak ikaragarrizko lekua hartzen dute gure gizartean. Batez ere, irudiak. Biziki garrantzitsua da, batez ere hizkuntza gutitua delarik, esparru guzietan izatea. Gaur egun nolako kontsumoa den ikusirik, eta beti eta leku gehiago hartuko duenez, oraino garrantzi handiagoa hartzen du euskarazko zinema garatzeak. Lan hau erronka kultural gisa ere ikusi nuen. Hazkunde handiko arloan, gure hizkuntzan ekoizpenak ikusteko oztopoak eta garapenerako tresnak ere ikertzea izan baita ene eginkizuna.

Nolako sarea sortu da Ipar Euskal Herrian?

Sistema oso bat sortu da. La Fidele Production ekoiztetxea sortu zen lehenik, eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxea 2018an. Ez da bat-batekoa izan; lanketa sakona izan da gibeletik. Kanaldude telebistak ere hitzarmena sinatu zuen Akitania Berriarekin. Ondorioz, dokumentalak eta fikzio laburrak ekoizteko gaitasuna lortu du. Bata bertzearen gibeletik, gauzak hobetzen joan dira, nolabait sektorea profesionalizatuz. Hala ere, momentuz biziki urrun gara Hego Euskal Herriko sormen eta ekoizpen gaitasunetik edota Bordeleko edota Parisko ekoizpenaz. Gauzak hobetu dira, baina ez da batere egoera egonkortua, ene ustez.

«Presentzia handia du merkataritzak zineman. Banaketa eskubideak estatu bakoitzean negoziatzen dira»

Ipar Euskal Herrian nolako garapena ukan du euskarazko zinemak?

Ipar Euskal Herria filmaketa lurraldea izan da, gehienetan kanpoko film egileek eramaniko proiektuen bidez. Ez zen sekula sortu lekuan lekuko ekoizpenik, edo modu amateurrean noizbehinka, baina guti. Beste arazoa da Hego Euskal Herrian ekoitzitako filmak ez direla errazki heltzen Ipar Euskal Herriko pantailetara. Banaketaz gogoeta aunitz eramanak izan dira. Zinema aretoen eta Euskal Kultur Erakundearen artean [EKE] Gabarra proiektua sortu zen. Saiatzen ziren euskarazko film bat edo bi proposatzera. Gastibeltza Filmak sortu zelarik, banaketa lana eraman genuen. Hala ere, arazoa beti hor da. Irati filma adibide gisa harturik, Hego Euskal Herriko aretoetan arrakasta handia ukanik, oraindik ez da Ipar Euskal Herriko pantailetara heldu.

Nola azaldu daiteke banaketaren arazoa?

Biziki komertziala da gaia. Presentzia handia du merkataritzak zineman. Banaketa eskubideak, nolabait, estatu bakoitzean negoziatzen dira. Irati-ren kasuan, Frantziako banatzaile bat xerkatzen da, zeinetan diru kopuru handia jokoan emana den. Ipar Euskal Herrian bakarrik nahi bagenu zabaldu, ez litzateke batere errentagarria. La Fidele Production ekoiztetxearen kasuan, koprodukzioak egiten ditu. Horrek bideak irekitzen ditu: Akelarre filma hartuko bagenu, La Fidele Production zein Bretainiako ekoiztetxe batek rol handia jokatu dute filmaren banaketan. Kasu horretan, lanketa bat eraman baitzen, Frantziako Estatuan banatzaile bat atzemateko. 

Nolakoa da Hego Euskal Herriko zinemagintza?

Zaila da konparatzea. Ez dut maite konparazio egitea, ez baikara egoera eta lurralde beraz mintzo. Izan da egiazko politika bat zinemaren alde. Ez bakarrik sormena bultzatuz, industria ikuspegitik ere politikoki eragin da: ekoiztetxeak erakarri eta egonkortu dira. Horrez gain, EITB ere aktore garrantzitsua da, ontsalaz sistema hori guzia sostengatzeko.

Ikerketa-ekintza metodologia erabili duzu. Zertan datza?

Esperimentazio lan bat eraman dut terrenoan. Helburua zen problematika bati aterabidea atzematea eta, esperimentazioaren bidez ikerketarako datuak ere sortzea. Gastibeltzarekin banaketa esperimentazio bat eraman dut hiru urtez, Hego Euskal Herrian ekoitzitako filmak Ipar Euskal Herriko zinemei proposatuz. Orotara, hamaika film banatu ditugu: dokumentalak eta fikzioak, besteak beste.

Zer aberastasun ekarri dizu landa lanak?

Biziki aberasgarria izan da, teoriatik ateratzen zaituelako. Banaketaren kasuan, ikusi dut zer zen film baten eskubideak negoziatzea. Biziki argiki ikusi dut gauzak ez direla jendeak uste duen bezain erraz. Bakoitzak bere erronka ekonomikoak ditu: ekoizlea behartua da bere eskubideak saltzera nahi badu filma zabaldu eta ekoizten segitu. Ondorioz, horregatik zaila da Ipar Euskal Herriarentzat eskubideak negoziatzea. Zinema aretoekin negoziatu izan dudalarik, haien arazoekin ere topo egin nuen, banatzaile handien eskakizunei erantzun behar baitiete. Gainera, behar dute ekonomikoki bermatu sartze minimo bat izanen dela: film bakoitzarentzat behar izan dira konbentzitu. 

Orduan, zinemak ez du mugaz gaindiko politikarik?

Euskal zinemaren kasuan, espero bada merkatutik jinen dela erantzuna, hots, berez erregulatuko dela sistema, ezinezkoa izanen litzateke. Honi aurre egiteko, politikoki beharko da eragin. Koprodukzioak bide interesgarriak irekitzen ditu aterabidea atzemateko. Nahi bada Ipar Euskal Herrian zinema garatu, bide biziki ona izan daiteke koprodukzioak garatzea. Ez dira merkatuaren esku utzi behar problematika horiek.

«Urrunago joan behar dugu. Bide arruntetik ere filmak egitea posible bihurtzeko laguntza beharko da»

Eraman dituzun elkarrizketetan, zer problematika amankomun ateratzen dira?

Elkarrizketak ekoizle, teknikari, filmegile, zinema aretoen kudeatzaile eta mediatzaileekin egin ditut. Euskal filmen sortzean eta banaketan aurkitu dituzten arazoak eta Hego Euskal Herriarekiko harremana zein den ulertzea zen helburua. Ohartu naiz Ipar Euskal Herriak indarguneak dituela, Frantziako Estatuko zinema politikaren eraginez. Nola protekzionista izan den salbuespen kulturalaren harira, horren ondorioz ditugu hainbat zinema gela Ipar Euskal Herrian. Frantziako sistema ez bada baztertzailea paperean, eta filmegile berriei filmak egiteko aukera uzten badie ere, ez da inklusiboa. Oligopolio mugatu baten esku da. Era berean, biziki zentralista da eta ez du aniztasuna islatzen. Pantailetan biziki guti agertzen dira gutiengoak. Filmegileek etengabe behar dute haien hautu linguistikoa justifikatu. Oztopo glotofoboak badira.

Frantziako Estatuko beste hizkuntza gutxituetan zinema ekoizten da?

Bretainian Brezhoweb webtelebista badute eta, beraz, ekoiztetxeak badira telebistarako, baina ez da zinemarik. Korsikan, ez dut lortu hainbeste informaziorik ukaiten, baina Korsikako deialdi publikoetan nabarmentzekoa da korsikeraz eginiko filmek diru kopuru gehigarria ukan dezaketela. Berriki, La Seria atera da okzitanieraz, France TVk ekoitzia. Azpimarratzeko berritasuna da.

Nola ikusten duzu euskal zinemaren etorkizuna Ipar Euskal Herrian?

Aldaketa garrantzitsuak eman dira: ekoiztetxe batzuk badira, Bizkarsoro atera berri da, Itziar Leemansek bere film laburra estreinatu berri du... Urrunago joan behar dugu. Bide arruntetik ere filmak egitea posible bihurtzeko laguntza beharko da. Azkenean, gaitasun gorakada handia izan dugu, eta ez dugu dinamika hori erretzen utzi behar.

motzean

Film bat? Brainwashed (Nina Menkes, 2022).

Aktore bat? Lea Campistron.

Filmaketarako toki apropos bat? Arrola mendia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.