Europako tokiko moneta garatuena da Ipar Euskal Herriko euskoa: 4.200 partikularrek dute eusko kontua, eta 1.400 profesionalek. 2013an ezarri zituzten lehen euskoak zirkulazioan; hamabi urte berantago, Europan gehien erabiltzen den tokiko dirua da. «Ekonomia lurraldean birkokatzea» du helburu diru alternatibo horrek, erabiltzaileek ohar daitezen «non eta nola erosten» duten, Nikolas Blain egiturako koordinatzailearen hitzetan. Finean, uste du erabiltzaileen artean komunitate bat osatzea lortu dutela. Orain, bi erronka nagusi dituzte: epe laburrera begira, zerbitzu publikoetan erabilgarri izatea nahi dute; epe luzean, Euskal Herri osoan erabilgarria izanen den moneta bat izatea dute xede.
Aberastasuna sortu ordez «tokiko zirkulazio bat» sortzeko balio du moneta alternatiboak, Blainen arabera. «Ez gara ohartzen, baina, Amazonen zerbait erosten dugularik, lurraldearen kontrako ekintza bat egiten ari gara». Horregatik, hain zuzen, inportantea zaio ekonomia lekuan-lekuan bideratzeko hautuak egitea. Iruditzen zaio pandemia garaian jendeak galderak egin zizkiola bere buruari kontsumo hautuen inguruan, baina emeki-emeki usaia horiek desagertu direla. «Hor ikusi dugu jendeek denbora bazutelarik kontsumoa bestela irudikatzen eta egiten zuela, baina, egunerokora itzultzean, ez du iraun». Saiatu nahi dute ohitura horiek aldatzen, eta iraunkor egiten, nahiz eta ez den «egunetik biharamunera» egiten.
4,3Zenbat milioi eusko diren zirkulazioan. 2013an sortu zuten euskoa, eta, aurten, 4,3 milioi eusko dira zirkulazioan. Europako tokiko moneten artean gehien erabiltzen dena da.
«Burujabetzari begirako ekarpen bat ere bada» euskoa, Blainen ustez. Alde horretatik, uste du hasierako helburuak «betetzen» ari direla; batez ere, partikularrei eta enpresei begira. Pixkanaka, instituzioetan ere sendotzen ari da euskoaren erabilera: partaide dira bai Ipar Euskal Herriko 37 herriko etxe eta bai Euskal Hirigune Elkargoa. Hautetsiek beren sarien parte bat euskoz har dezakete, eta zenbait zerbitzu euskoz paga daitezke. Oraingoz, aisialdiari lotuak dira gehienak: igerilekua, mediateka... Baina ondoko hilabeteetan entseatu nahi dute herritarren «egunerokoan» gehiago sartzera: garraio publikoa, ura eta elektrizitatea euskoz pagatzeko akordioak lortu nahi dituzte.
Instituzioen interesa
Anne Laure Federici RTES Ekonomia Solidarioaren Aldeko Kolektibitateen Sareko lehendakariak ongi ezagutzen du euskoaren ibilbidea. Eusko Eguneko mintzaldi batean parte hartu zuen, iragan astean, eta tokiko diruak ekintza publikoetan izan dezakeen eragina aipatu zuen. Lurraldeen aniztasunari eta bakoitzak dituen erronkei erantzuten ahal die ekonomia sozial eta solidarioak, haren arabera. «Lurraldean errotua den ekonomia mota bat da zinez, lurraldeko baliabideekin ari dena eta biztanleen beharrei erantzuten diena», xehatu du Federicik. Tokiko moneta, beraz, tresna interesgarria da instituzioentzat, haren erranetan. Krisi denboretan, gainera, interes berezia sortzen da horien inguruan. «Tokiko monetek modua ematen dute tokiko merkataritza eta eskulangintza garatzeko, eta instituzioek hori nahi dute. Pandemiaren ondoren eta etor daitezkeen krisi handiez jabetu ondoren, are gehiago», gehitu du.
Bestalde, tokiko monetak krisi demokratikoari erantzuten ahal diola pentsatzen du Federicik. «Herritarrak bizi demokratikora berriz lotzeko balio dute. Aukera ematen die tokiko ekonomia beren gain hartzeko, eta, beraz, demokrazia pixka bat biziberritzeko faktore ere badira».

Ipar Euskal Herriko instituzioetan euskoa zerbitzu gehiagotara zabaltzeko zailtasunak, mementokotz, «teknikoak eta juridikoak» dira, Blainen arabera. «Muga gehienak Frantziako sistemari lotuak dira. Europako tokiko lehen moneta izateak baditu abantailak, baina baditu desabantailak ere: berritasun guziak gure gain dira, eta arlo instituzionala ez da fite mugitzen», deitoratu du. Federicik esplikatu du anartean instituzioek beste gisa batez laguntzen ahal dutela tokiko monetaren garapena: komunikazioa eginez eta partaide izanez, «herritarren konfiantza» sendotzen ahal dute, eta, horrela, proiektuak «sinesgarritasuna» irabazten du.
Euskal Herri osora
Ipar Euskal Herrian sortu zen euskoa, baina Euskal Herri osora hedatzeko xedea izan dute hastapenetik: «Bagenekien goiz ala berant Euskal Herri osoan garatzeko bidea eginen genuela, baina, lehenik, Ipar Euskal Herrian garatu nahi genuen», erran du Blainek. Oraingoz, Baztango (Nafarroa) eta Oiartzualdeko (Gipuzkoa) eskualdeekin eginen dute Hego Euskal Herrira zabaltzeko esperientzia pilotua.
Otsailaren 8an, mugaz gaindiko moneta osagarria sortzeko egitasmoa aurkeztu zuten Baigorrin. Esperientzia horretatik abiatuz, aztertu nahi dute tokiko moneta hori nola deklinatu Euskal Herri osoan erabiltzeko. Argi dute, ordea, eskualde batetik bestera beharrak aldatzen direla, eta egokitu beharko dutela. «Eragile bakoitzak definitu beharko ditu bere ibilmoldea eta bere araudia», erran du Blainek. Horregatik, bakoitzak bere tokiko dirua garatzea izanen da lehen urratsa, eta, ondotik, bateratuak izatea. Hiru urteko plangintza bat diseinatua dute, eta langile bat hasia da lanketa teknikoa egiten.
«Ez gara ohartzen, baina, Amazonen zerbait egiten dugularik, lurraldearen kontrako ekintza bat egiten ari gara»
NIKOLAS BLAINEuskal Monetako koordinatzailea
Ez luke «zentzurik» Ipar Euskal Herriko eredua beste lekuetan bere horretan aplikatzeak. Adibidez, euskoaren erabiltzaile bilakatzen diren enpresei afixaketa bi hizkuntzetan egiten dio Euskal Monetak, baina horrelako neurri batek Baztanen ez luke interesik, Blainek esplikatu duenez.
Euskal Herriko moneta alternatibo bakarra sortzeko bidean, beharrezkoa dute instituzioen laguntza. Nafarroako Gobernuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin ari dira lanean, baina oztopo juridikoak badituzte: «Frantziako eta Espainiako banku zentralek ez dituzte ber arauak, eta ikusi behar dugu hori nola kudeatu», adierazi du Blainek.
Poctefa laguntza bat galdetua dute, bestalde, proiektua gauzatzen laguntzeko, lantaldea osatu nahi dute, eta, halaber, lanketa bat hasia dute Hego Euskal Herriko garapen ekonomikorako agentziekin. Orain, hainbat eragilerengana eta elkarterengana hedatu nahi dute proiektua, gisa horretako eginkizunek «herritartze» prozesu bat behar baitute, Blainen arabera. Besteak beste, euskalgintzako eragileekin, mugimendu feministarekin eta pentsiodunen mugimenduarekin harremanetan dira. «Tokiko moneta batek ez du zentzurik tokiko jenderik gabe», trenkatu du Euskal Monetako koordinatzaileak.