Oraino ere guti dira Ipar Euskal Herriko zinema geletan euskarazko filmen emanaldiak, eta luzaz anekdotikoa izan da euskarazko filmen presentzia. Azken hilabeteotan, halere, film bat baino gehiago zabaldu dira geletan, eta, bakoitzak bere heinean izanik ere, arrakasta ukan dute denek. Adibiderik adierazgarriena da Josu Martinezek egin Bizkarsoro filma, markak hautsi baititu, 12.500 sarreren heina gaindituz. Beste film batzuek ere beren bidea egin dute Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako geletan: Negu Hurbilak, Irati, Bañolet... Sektoreko eragileek «aldeko haize» bat sentitzen duten arren, argi dute oraindik urrats anitz egiteko direla. Bide horretan, lehen keinuak egin dituzte instituzioek: Euskal Hirigune Elkargoan lanpostu erdi bat sortu dute euskal zinema egituratzeko xedez. Eragileek euskarazko zinemaren aldeko «egiazko pario bat» nahi dute.
Katti Poxelu Gastibeltza euskal zinema ekoitzi eta banatzeko egiturako langileak behako orokor bat egin dio egoerari, eta, garapen bat ikusten badu ere, tentuz mintzatu da: «Euskal zinema garatzen ari da, nahiz eta oraino hastapenetan izan». Zehazki, azken urteetan Iparraldean «aldaketa» batzuk izan direla uste du Poxeluk, eta sektorea emeki-emeki garatzen ari delakoan da; besteak beste, film sortzaileentzako Kanaludek plantan ezarria duen laguntzari esker.
«Aldeko haize» hori sentitzen du Josu Martinez film egileak ere. «Lehen aldiz historian baldintza batzuk betetzen dira, beharbada, Iparraldean ere bertako zinema bat egin ahal izateko». Ordura arte, Ipar Euskal Herria zinema lurralde izan dela uste du, «anitz filmatu» baita, baina «usu Parisko begiradarekin». Orain, nahiz eta tokiko euskal zinemaren garapenerako urratsak ikusten dituen, ez du pentsatzen oraindik «loraldi bat gertatzen» ari denik. «Kontua da zerekin konparatzen duzun: zerorekin konparatzen baldin baduzu, 0,1 izugarri handia da...», erran du Martinezek.
«Sektorearen garapenarekin batera, zinema herrikoia ere garatzen ari da: 'Bañolet', 'Bizkarsoro'... Horrek sektoreari gainbalio bat ekartzen dio». LEIRE OILLARBURU Baionako Atalante zinemako langilea
Iparraldeko zinemaren garapen hastapen hori «zinema herrikoiaren garapenarekin» lotu du Leire Oillarburu Baionako Atalante zinemako euskal zinema saileko bitartekariak. «Sektorearen garapenarekin batera, zinema herrikoia ere garatzen ari da: Bañolet, Bizkarsoro...». Oillarburuk erran du horrek «sektoreari gainbalio bat» ekartzen diola, herritarrak gisa horretako proiektuei lotzea «lagungarria» baita.
Zinema herrikoiaren garapena goraipatu du Martinezek ere: «Denek erraten ziguten ez zela posible euskal zinema egitea: ez zela aktorerik, ez zela teknikaririk, ez zela publikorik... Baina Euskal Herrian beste askotan bezala, deus ez da posible, egiten den arte», aldarrikatu du. Iritzi dio Euskal Herrian gisa bereko hainbat adibide izan direla: «Euskaldunon Egunkaria-rekin ere gauza bera gertatzen zen: erraten zen ez zela irakurlerik, ekonomikoki ez zela posible, eta egin zen, hala ere. Iparraldean, zinemarekin ber gauza da: erakutsi da, eginez gero, jendeak erantzuten duela». Bere filma Bizkarsoro «herri proiektu» bat izan dela dio, eta «euskal zinema egitea posible» dela erakutsi duela emaitzak.
Zubi lanak
Filmak ekoizteaz gain, Hego Euskal Herrian egin filmak Ipar Euskal Herriko zinema geletara hedatzea zinezko erronka da Gastibeltzarentzat. Erraterako, anitzetan gertatzen da Hego Euskal Herrian egin filmak berantago heltzea Ipar Euskal Herrira, Negu Hurbilak filmarekin gertatu bezala. «Ez ditugu lan egiteko manera berak Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian. Baimenak lortzeko ez dira epe berak; guk denbora gehiago behar dugu arrazoi administratiboengatik. Bederen, hiru hilabete behar baitira Hegoaldeko film bat Frantziako Estatuan erregistratzeko», esplikatu du Poxeluk. Gastibeltzak ekoitzi filmen kasuan, halakoak saihesten saiatzen dira, estreina Euskal Herri osoan aldi berean eginez, Bizkarsoro-rekin egin zuten moduan.
«Gu xinaurri batzuk gara banaketaren eremuan, gure lurraldea Iparraldea delako, eta parean baditugulako Frantziako alimaleko mastodonteak. Ez ditugu ahal berak». KATTI POXELUGastibeltza egiturako langilea
Zinemaren industriaren funtzionamenduaren menpeko izatea deitoratu du Poxeluk: «Frantziako Estatuan filmez beteak dira zinema gelak, banatzaile handiek pusatzen baitute ahal bezainbat proiekzio ukaiteko beren filmekin; beraz, behar dugu goizik galdetzen hasi toki baten segurtatzeko». Ipar Euskal Herriko ekoizle eta banatzaile gisa, uste du parean Frantziako Estatuko «mastodonteak» dituztela: «Gu xinaurri batzuk gara banaketaren eremuan, gure lurraldea Iparraldea delako, eta parean baditugulako Frantziako alimaleko mastodonteak. Ez ditugu ahal berak. Horren aitzinean, gure ereduen asmatzen ari gara. Gauza bera gertatzen da ekoizpenarekin ere».
Sostengu beharra
Eragile guziek argi dute borondateak «mugak» badituela, eta, aitzinatzeko, politika publikoen beharra ukanen dutela. Anartean, Gastibeltzak Ipar Euskal Herriko zinemetan euskarazko filmak banatzeko egin duen lana eskertu du Martinezek —egiturako kidea da—. «Banatu ditugu beharbada urtero hiruzpalau filma gure gain hartuz, instituzioetatik euro bakar bat ere ukan gabe. Nik erraten nuen beti: zinemetan euskarazko filmak izatea Gastibeltzari zor zaio, lan egin dutelako horretarako, laguntza publikorik gabe. Alta, zerbitzu publiko bat egiten ari dira».
«Denek erraten ziguten ez zela posible euskal zinema egitea: ez zela aktorerik, ez zela teknikaririk, ez zela publikorik... Baina Euskal Herrian beste askotan bezala, deus ez da posible, egiten den arte». JOSU MARTINEZFilm egilea
Instituzioetan gauzak doi bat aldatzen ari dira, halere: Euskal Hirigune Elkargoak kultur sailean lanpostu erdi bat sortu berri du zinema eta ikus-entzunezko jardueretarako. Atalante zinemako langile Oillarbururentzat, Zukugailua elkartea sortu izanak bide horretan lagundu ditu instituzioak. Erraterako, elkarte hori zinema munduko eragile eta norbanakoek sortu zuten, arloa egituratzeko asmoz. Nolanahi ere, Poxeluk uste du «denbora administratiboa nahiko poliki» doala, eta oroitarazi du, oraingoz, buxetarako lerrorik ez zaiola zuzendua zinemari. Hala, «gauzak mugiarazi» nahi dituzte, erakundeek zinema sorkuntzentzat diru laguntza poltsa bereziak sor ditzaten; «bereziki», euskarazko sorkuntzentzat. «Espero dut, baina pentsatzen dut hala izanen dela, hizkuntza politikarekin ere lotuko dutela, ikus-entzunezkoa laguntzea ezinbestekoa delako hizkuntza politika bat martxan jartzeko», erran du Poxeluk.
Harekin bat egin du Martinezek, eta ikus-entzunezkoek egungo gizartean duten lekua ikusirik, pentsatzen du «arrunt baztertua» dela euskarazko ikus-entzunezkoen arloa Ipar Euskal Herrian, «euskaldunek beharko luketenari» ez baitio erantzuten. Azken hilabeteetako joerari jarraikitzeko, instituzioei dei egin die: «Behar-beharrezkoa da instituzioek zinemaren arloa beren gain har dezaten, eta ohar daitezen lurralde guziek, gaur egun, beharrezkoa dutela beren ikus-entzunezkoak sortzea». Oraingoz, arlo horretako eragileak «oxigenorik gabe» ari dira, Martinezen arabera, eta laguntza publikoa «hatsa hartzeko» manera bat litzateke.
12.500'Bizkarsoro' filmerako sarrerak. Gastibeltzak dituen datuen arabera, euskarazko film bakoitzeko saltzen den sarrera kopurua biziki aldakorra da: 500 eta 12.500 artekoa. Bizkarsoro filma da markak hautsi dituena, 12.500 sarrera lortu baititu Ipar Euskal Herriko zinema geletan.
Diru laguntza publikoek, bestalde, zinema arloko eragileen «formakuntza» eta «profesionalizazioa» indar lezakete, Poxeluren arabera. «Eguneroko borroka eta lana da instituzioekilako harremana. Film bat ez da egiten ahal autofinantzaketan; egiten ahal duzu proiektu bat edo beste, baina erran nahi du ez duzula profesionalki egiten, jendea ez duzula pagatzen, eta hori ez da batere sartzen gure egiteko maneretan». Gainera, baliabide eskasiagatik, Poxeluk azaldu du fikzio luzeak egiteko bidea ez dutela oraino ireki. «Egin ditugun proiektu gehienak fikzio laburrak eta dokumentalak dira».
Erronken artean, haur eta gazteentzako euskarazko zinema garatzea lehentasuntzat dauka Oillarburuk. «Eskolekin egiten dugun lana inportantea da, baina hortik kanpo ere haur eta gazteentzako eskaintza emendatu nahiko genuke, euskarazko zinema ez izateko soilik eskolako gauza bat».