Euskararentzat eta euskaldunentzat «arnasune eta arnasgune» izanen da Ziburuko liburu eta disko azoka; hala izatea nahi lukete, behintzat, antolatzaileek. Bosgarren aldia izanen du bihar euskarazko ekoizpenen azokak, Baltsan elkarteak eta Argia astekariak partaidetzan antolaturik. Plazan izanen da azoka. 10:00etan hasiko da, eta 19:00ak arte iraunen du —13:00etatik 15:00etara hetsia izanen da—. Aurten, Daniel Landart idazlea omenduko dute, «euskararen etengabeko militantea». Ladix Arosagarai azokaren antolatzaileetarikoak argi du «euskarak galdutako plaza berreskuratzeko» parada izanen dela azoka. «Denen agerian izateak laguntzen gaitu ausartago izaten, euskararen eremua errekupera dezagun».
Programazio trinkoa izanen da: sei liburu aurkezpen eta lau kontzertu, baita haurrentzako tailerrak ere. Denbora eta espazio aldetik mugatuak zirelakoan, aurten lehen aldiko Azokaldia egin dute maiatzean, inguruko herrietako elkarte batzuekin batean, azoka denboran hedatzeko asmoz. «Inguruko herrietako euskaldunek azokari ekarpen handia egiten diote. Azoka euskaraz arnasa hartzeko parada bat da, frantsesaren edo espainolaren inposaketaren interferentziarik gabe; aukera hori zabaldu nahi genien inguruko herriei ere», esplikatu du Arosagaraik. Lau topaketa egin dituzte maiatzean, eta heldu den urtean errepikatuko duten oraindik ez badakite ere, uste dute «baikorra» izan dela.
Landart, «ebidentzia bat»
Azokak, euskarazko sortzaileentzat erakusleiho izateaz gain, euskararen aldeko jardunean ibiltzen den jendea omentzea du helburu. Aurtengo omendu Landart «ebidentzia bat» izan da, Ipar Euskal Herrian «euskalgintzan eta herriaren alde» ari delako, Arosagarairen hitzetan. «Kantagintzan eta antzerkigintzan sekulako lana egin du, idazlea da, Euskal Kultur Erakundearen zuzendari izandakoa... Militantzia handia badu euskalgintzan, eta espanturik gabekoa da. Argi genuen ohoratu behar genuela egin duen ekarpena», zehaztu du.
«Azoka euskaraz arnasa hartzeko parada bat da, frantsesaren edo espainolaren inposaketaren interferentziarik gabe». LADIX AROSAGARAIZiburuko azokaren antolatzailea
Azokaren irekitzearekin batean eginen diote omenaldia Landarti, goizeko hamarretan. Diskurtso bat irakurriko diote lehenik, eta hitza utziko diote ondotik. 10:10ean, mahai ingurua eginen du Landartek, Arantxa Hirigoien antzerkilariarekin batean. «Transmisio lan bat egiten saiatu nahi dugu mahai inguru horren bidez; horretarako, gazte belaunaldiko norbaitekin elkartuko dugu Landart. Euskal antzerkigintzaz ariko dira solasean, lehengoaz eta oraingoaz, bien arteko loturak egiteko», erran du Arosagaraik.
Musikari leku berezia
Liburu azokek idazleei lekua egiteko xede dute, baina Ziburukoa disko azoka ere baden heinean, musikariei eta diskoetxeei leku berezia egiten die. Erraterako, Euskal Herriko lau diskoetxek izanen dute lekua: Xofaldiak, Mukuruk, Usopopek eta Balio Dutek. «Hasieratik gure azoka liburu eta disko azoka da. Diskoarentzat garaiak ez dira biziki onak; jende anitzek musika kontsumitzen du — ez entzuten, baizik eta kontsumitzen —, eta musika Interneten deskargatzen dute», deitoratu du Arosagaraik. Sortzaileentzat «izugarri zaila» dela uste du, «bizitzeko baldintza duinik ez badute, sortzetik gelditu beharko» dutelako. «Euskara hizkuntza zapaldua den heinean, gainera, erosle potentzialak gutxiago dira. Arriskuan da kultur sorkuntza mota hori. Baina herri izan nahi badugu, kultur sorkuntza orotarikoa behar dugu», trenkatu du Arosagaraik.
Ekhi Lambert kantari eta gitarristak, hain zuzen ere, bere diskoak salduko ditu bihar Ziburun. Inbasioak lana plazaratu du aurten, eta diskoa erosteko aukera izanen da bihar. Lambertek «maite» du diskoa objektu gisa, baina duda du ez ote zaion «pasatua den formatu bati atxikia». Nolanahi ere, argi du ekonomikoki interes urrikoa dela disko salmenta, eta uste du «promoziorako tresna» bat dela gehiago. «Bisita karta bat bezala da: ez dugu dirurik irabazten horrekin, baina balio du promozio lana egiteko».
Lambertentzat, azokak «ikusgarritasun» bat ematen die sortzaileei, eta leiho bat da «diskoaren lana agerian ezartzeko». Azoketan bereziki gustuko duena jendearekilako harremana da: «Publikoarekin eta beste artistekin mintzatzeko parada ematen digute azokek; kontzertuetan, normalean, distantzia handiagoa bada, baina hor parada izaten dugu trukatzeko».
EGITARAUA
- 10:00. Irekitze ekitaldia eta Daniel Landarten omenaldia.
- 10:10.Zubiburu mahai ingurua: Daniel Landart eta Arantxa Hirigoien.
- 11:00.Kiribil iturri zaharrean, haurrentzako ipuin kontaketa.
Pelaxen kontzertua.- 11:30.Irritaia. Mattin Martiarena, komiki aurkezpena.
- 12:00.Etxe bat norberarena. Yolanda Arrieta, liburu aurkezpena.
- 12:30.Zirriborroka, bertso marrazkien dema. Mattin eta Amane Apalategi; Maddi Ane Txoperena eta Maddi Sarasua.
- 13:00etatik 15:00etara hetsia izanen da azoka.
- 15:00. Bloñ, kontzertua.
- 15:30. Umore saioa. Ion Martinez Txiki. 40 urte eta maldan behera niek.
Haiku idatz tailerra, 7 urtetik goiti.- 16:00.Mikroipuinak. Idoia Torregarai eta Zaldieroa.
- 16:30. Hegazkinen kontzertua.
- 17:00.Riqfa. Mohammed El Kurd, liburu aurkezpena.
- 17:30.Manttalingo alaba. Mikel Etxaburu, liburu aurkezpena.
- 18:00.Mesfida zaitez. Bea Salaberri, liburu aurkezpena.
- 18:30. Lumiren kontzertua.