Hizkuntza bat ikasteko errezeta magikorik ez da, baina osagarri batzuek laguntzen dute. Klaseak hartzea da osagarrietako bat, eta praktikatzea beste bat. Justuki, euskara praktikatzeko aukerak falta dira, eguneroko bizian oro har urriak baitira paradak. Horri aterabide bat eman nahi dio AEK-k, eta horregatik abiatu zuen Praktikatu egitasmoa. Ipar Euskal Herrian iaztik plantan da, eta astean behin ordu batez euskaraz mintzatzeko taldeak sortzea da xedea.
Ikusi gehiago
Kostaldeko lau herritan esperimentatu dute, oraingoz, iragan ikasturtean: Urruñan, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Getarian. Aurten Ipar Euskal Herri osora hedatu nahiko lukete proiektua, eta deialdia zabaldu dute horretarako. Euskara praktikatu nahi duen orori irekia zaio, eta urririk da izen ematea. Egitasmoari atxiki diren herrietako gau eskoletara joanez edo Emanizena.praktikatu.eus webgunearen bidez egin daiteke. Iazko esperimentazioan, Iparraldean 35 lagunek parte hartu zuten, bost taldetan.
Kopuru hori azkarki emendatuko dutela espero dute; Euskal Erakunde Publikoaren (EEP) 20.000 euroko diru laguntza lortu dute Praktikatu garatzeko. Maider Behotegi EEPko lehendakariaren arabera, Praktikatu programak «bete-betean erantzuten dio euskararen egoerari», espazio goxo batean biltzeko aukera ematen baitu, «euskara praktikatzeko, gerora bizitza sozialean erabiltzeko».
Esperimentazioan parte hartu zuen iaz Donibane Lohizuneko mintzalagun taldeak, eta irailetik berriz hasiak dira astero elkartzen. Ostiralero juntatzen dira, 10:00etan, Bordatxo trinketean. Kafe bat manatu eta hasten dira eleketan. Taldean biltzeko arrazoi bezainbat kide dira: batzuek haur ttipiekin euskaraz «ongi» egin nahi dute; beste batzuek euskaraz mintzatzeko zuten jariotasuna berreskuratu nahi dute, eta beste batzuek, AEKn euskara ikasirik, praktikatzeko aukerak falta dituzte. Denek espazio goxo bat atzeman dute, eta pixkanaka konfiantza irabazi dute.
Hizkuntza berreskuratu
Robert Elgar Ttober da Donibane Lohizuneko taldera joaten diren horietako bat: haurtzaroan, etxean jaso zuen euskara, eta helduaroan galdu zuen. Euskaraz mintzo den haur ttipiarekin euskaraz aritu nahiko luke orain. AEK-ko klaseetara joaten hasi zen, baina zaila zitzaion lotzea. «Nor-nori-nork irakasten hasi zirelarik, sobera konplikatua zen!», aitortu du. Mintzalagun taldea, hala, lehen urratsa izan da hizkuntza berreskuratzeko prozesuan, eta orain Lazkaora (Gipuzkoa) joateko izena emana du bi hilabetez euskara ikasteko barnetegian ibiltzeko.
Michel Idiartegarai kideetako batek aholku zenbait eman dizkio Elgarri, Idiartegarai bera ere egona baita Lazkaoko barnetegian. «Ikusiko duzu, egunero bost orduz klaseak badira, baina irakasle desberdinekin, eta, gero, arratsetan pintxo-potea!». Idiartegaraik uste du «murgiltzea» dela hizkuntza ikasteko biderik eraginkorrena. Eta klaseak hartzeko beharra sentitzen du, gainera. Klaseen ordutegiengatik, haatik, ez daki Donibane Lohizuneko mintzataldera etortzen segitzen ahalko duen, baina hasia da begiratzen inguruko herrietakoetara joaten ahalko denetz.
35Praktikatu egitasmoan parte hartu dutenak. Iaz abiatu zen Praktikatu egitasmoa Ipar Euskal Herrian, eta 35 lagun bildu ziren Lapurdi kostaldeko lau herritan, bost taldetan banaturik.
Kattin Solaberrietak «etxeko euskara» mintzo du, eta zaila zaio hurbilekoa ez duen euskalkietakoa ulertzea. Gogoa du praktikatzeko, eta talde ttipian elkartzea egokia zaio, «ausartzeko». Hark ere haur ttipiekin euskaraz aritu nahiko luke aise. Mintzatzeko jariotasuna hobetu nahi du Jacques Balangerek ere: Parisen ikasi zuen euskara, Euskal Etxean, andrea Euskal Herrikoa duela eta. Ikasita, klaseak eman zituen han, baina etxeko hizkuntza ez dutenez euskara, mintzatzeko leku baten bila zebilen.
Ez da klasea
Paulo Arzelus Hendaiako AEK-ko langileak egiten du Lapurdi kostaldeko taldeen jarraipena, eta argi utzi du klasea eta mintzalagun taldea bi gauza desberdin direla: «Mintzalagunen bidez lortu nahi duguna da naturalki gertatzen ez diren lagunarteko espazio batzuk sortzea euskaraz manera goxoan mintzatzeko. Guztiz aldentzen dira klaseetatik, eta helburua ez da hutsak zuzentzea edo gramatika lantzea, euskaraz aritzeko espazio goxo bat sortzea baizik». Arzelusek uste du «arras libreki mintzatzeko» espazioa direla mintzataldeak, eta konfiantza irabazteko balio izan behar dutela. «Norbaitek huts bat egiten badu, gehienetan badaki egin duela, eta ez da beharrezkoa norbait izatea gibeletik errateko huts bat egin duela. Hori eginez gero, batzuk ez dira gehiago ausartzen», esplikatu du.
«Mintzalagunen bidez, naturalki gertatzen ez diren lagunarteko espazio batzuk sortu nahi ditugu, euskaraz manera goxoan mintzatzeko»
PAULO ARZELUS Hendaiako AEK-ko langilea
AEK-ko langileak zehaztu du bi rol direla mintzalagun taldeetan, komunikazioa bermatzeko «hierarkiarik izan gabe»: bidelariak —euskara praktikatzeko beharra dutenak— eta bidelagunak —euskarazko komunikazioa bermatzen dutenak— . Jon Zubeldia eta Kattalin Totorika, Donibane Lohizuneko taldeko bidelagunak dira, biak AEKn euskaldunduak: «Euskaldun berri zaharrak».
Hasieran gai zerrenda batzuk prestatuak zituzten Zubeldiak eta Totorikak solasaldiak sustatzeko, baina, taldea trinkotu ahala, bat-bateko elkarrizketek hartu dute lekua. Aldi honetan, euskarazko hedabideei buruz mintzatu dira: nork ikusten duen Kanaldude telebista, nork ezagutzen duen Ipar Euskal Herriko Hitza, nork harpidetza duen Herria astekarian. Zubeldiari eta Totorikari begi bistakoa zaie helburuak betetzen dituela egitasmoak.