Maite Lagrenade irakasle eta soziologoak 2011. urtean hasi zuen bere lanketa soziologikoa, eta 2018an defendatu zuen tesia: hain zuzen, ikertu du gurasoek zergatik erabakitzen duten haurrak euskaraz eskolatzea. «Ez da batere agerikoa. Zinez gogoetatua da, eta gauza anitzen ondoriozko erabakia», zioen orduan Lagrenadek. Urtarrilaren 28an aurkeztu zituen inkestaren ondorioak, Sohütako ikastolan. Goxoena «inkesta edo terrenoa» izan zaio ikerleari: ikastolako edo elebiduneko 35 gurasorekin hainbat bilkura egin zituen, taldeka bildurik, beren haurra euskarazko irakaskuntzan ezartzearen arrazoiez mintzatu eta eztabaidatzeko. Arrazoi multzo nagusiak identifikatu zituen, eta horien arteko zubiak ere bai.

Guraso haiekin, hamar bat lagunez osatu bost talde bildu zituen behin eta berriz, euskarazko irakaskuntzaren hautuan barnatzeko. Bilkura bakoitzetik landa, gurasoen erranak oro transkribatzen zituen, eta ondoko bilkurarako irakurria ukan behar zuten. Inplikazio handia galdetu zien gurasoei, Lagrenadek berak erran duenez: «Bilkura batera heltzean, gurasoek berrikusten zuten aitzinekoan erran zutena, bilduma irakurri eta gogoetatu ondoan; batzuetan ez zituzten erranak konfirmatzen, besteetan baieztatzen zituzten». Inplikazio emozional handia izan zen, batzuek negar egin izan baitute prozesu horretan.
Hautuen sailkapena
Pertsonen dimentsio soziala kontuan harturik aurkeztu du tesia ikerlariak, aurkezpenaren izenburuan agerikoa denez: Euskarazko eskolatzea, hautu indibiduala eta engaiamendu kolektiboa. Abiapuntu horretatik, eta gurasoekin ukan solas eta analisi luzeek lagundurik, haurrak euskaraz eskolatzeko hautuak hiru talde handitan banatu ditu: integrazioaren logika, subjektibo bilakatzearena eta arrazionalaren logika. Ondorioetara heltzeko, gurasoek adierazi motibazioak batzuetan kontraerrankorrak zirela zehaztu du Lagrenadek; bilkuraz bilkura eta talde dinamikak akuilaturik heldu ziren ondorio horietara denen artean.
Lehen logikaren barruan, euskararen ezagutza beharrak baditu loturak aldi berean nortasun pertsonalarekin eta lurraldean integratzeko nahiarekin, ikerlariak lanean jaso duenez. «Euskara hautatzen dugu gure nortasunaren parte delako, baina aldi berean zerbait egin nahi dugulako komunitatearentzat, kultura eta hizkuntza partekatuz». Guraso batzuen errana da. Subjektibo bilakatzearen logikan, berriz, balioek bultzatzen dituzte gurasoak haurrak euskarazko irakaskuntzara eramatera. Lagrenadek balio horietan, bereziki ondarea mantentzearena aipatu du: «Biodibertsitatea zaintzen denean bezala da. Hizkuntza babesteko, transmisioa behar da, guraso batzuen ustez».
«Haurra ikastolan edo elebidunean zergatik sartu zenuten? Ez da batere ebidentea. Zinez gogoetatua da, eta gauza anitzen ondoriozko erabakia» MAITE LAGRENADE Soziologoa
Logika arrazionalari tiraka ari direnek kontuan hartzen dute lan munduan euskara geroz eta gehiago baliatzen dela, ikerlariaren erranetan. Baina hortik harago ere, haurraren burmuina garatzeko elebitasuna interesgarria dela uste dute hautua logika horrek bultzaturik egin duten gurasoek. Pentsamolde horren ifrentzua da, Lagrenadek ohartarazi duenez, euskara ez dela beti zentrala: «Gazteleraz edo ingelesez izaten ahal balitz, hobe litzateke batzuentzat. Baina hemen eskaintza euskaraz denez, euskarazkoan ezartzen dituzte. Guraso batzuek argiki adierazi dute beste hizkuntza batean posible izanez gero, haurrak beste irakaskuntza horretan ezarriko lituzketela. Oso gogoeta logikoa da, estrategikoa».
Interkonexioak
Euskaraz eskolatzeko hautuak hiru talde nagusitan sailkatzeak, haatik, ez du erran nahi guraso bakoitzak arrazoi nagusi batengatik soilik egiten duenik hautu hori; «batetik eta bestetik elikatzen dira hautuetan», gehitu du Lagrenadek. Haurrak ikastolara eramaten dituzten guraso batzuen kasua hartu du interkonexio horien adibide gisa: «Guraso anitzek pedagogia sistema desberdin bat izanen dela sinetsirik ezartzen dituzte haurrak ikastolan; beraz, ikastolan ezartzen dituzte euskararentzat, bistan da, baina baita klase ttipietan izan daitezen ere, Montessori edo Freinet irakaskuntza sistemak ukan ditzaten».