URTEKARIA: EUSKARA

Euskararentzat «helburu ausartak» eta «tokiaren araberako baliabideak» eskatu ditu euskalgintzak

Azken inkesta soziolinguistikoak erakutsi euskararen egoerak arranguraturik, Ipar Euskal Herriko euskalgintzak erakunde publikoei dei egin die zinezko hizkuntza politika baten plantan emateko.

Euskal konfederazioaren prentsaurrekoa
Euskal Konfederazioko kideak, urri bukaeran, Behotegik kargua hartu duen egunean egin prentsaurrekoan. PATXI BELTZAIZ.
Iñaki Etxeleku.
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Martxoaren hondarrean atera zituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskararen inguruko azken (VII.) inkesta soziolinguistikoaren emaitzak: Ipar Euskal Herriko euskaldunen proportzioa gero eta txikiagoa da. Azken hamar urteetan, 1,3 puntu apaldu da euskaldunen proportzioa, eta euskara dakitenak %20,1 dira. Egoera «kezkagarria» dela onartu zuen Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak, eta hizkuntza politika «indartsuago» baten beharra aipatu du.

Bestalde, inkestan euskaldun direla diotenen artean, erdal elebidunen proportzioa emendatzen ari da azken urteetan. Ipar Euskal Herriko euskaldunen %46,2 sartuko lirateke kategoria horretan. Hobeki moldatzen dira erdaraz euskaraz baino.

Hilabete berean, Uda Leku haur eta gazteen euskarazko abusagailuetarako elkarteak deiadarra jo zuen. Zenbait hilabete lehenago AEK-ko langileek egin zuten gisan, Uda Lekukoek bizi duten prekaritatea salatu zuten, eta haurrak errefusatzera eta jarduera murriztera behartuak direla baliabide faltagatik. Herriko etxeei dei egin zieten dagokien diru ekarpena egin dezaten hartzen duten haur bakoitzeko. 2022an, Ipar Euskal Herriko 64 herritako haurrei egin zien harrera Uda Lekuk, baina herri horietako hamalauk baizik ez diote diru laguntza eman. Galera 200.000 eurokoa dela esplikatu dute. EEPk salbuespeneko laguntza bat dela medio tapatu behar izan duen zuloa.

Hortik laster etorri zen, apirilaren 22an, euskalgintzak deitu manifestazioa Baionan. Euskararen aldeko egituren kinka gaiztoarekin bukatzea eta azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea betetzea galdegiteko, Orain baxoa euskaraz! Euskarak trabarik ez lelopean. Ehunka jende agertu ziren, eta euskalgintzatik euskararentzat «aro berri bat» zabaltzeko aldarrikatu zuten.

ORAIN BAXOA EUSKARAZ - MOBILIZAZIOA
Euskalgintzak apirilaren 22an deitu manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.

Jardunaldiak

Urte hondar honetan ez bada, 2024ko hastapenetan EEPk jakin behar luke daukan egitura juridikoarekin segituko duen eta zer epetarako. Horrez gain, udaberrirako trenkaturik behar luke buxeta berriak. Hain zuzen, inkesta soziolinguistikoak erakutsi egoeraren aitzinean, Euskal Konfederazioak tirrinta jo zuen urriaren hondarrean, Maider Behotegi Bardozeko auzapez eta departamendu ordezkariak Kurutxarriren lekua hartu zuen egunean EEPko lehendakaritzan. Gaur egungo erritmoan eta oraingo baliabideekin segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» litzatekeela erran zuen euskalgintzak.

Oroitarazi zuenez, Unescok dio hizkuntza batek bizirik irauteko gutienez biztanleen %30ek mintzatu behar dutela, eta araberako politiken marraztea eskatu zien erakundeei hemendik 2050era bitartean. «[EEPko] Lehendakari berriari eskatu nahi diogu ausarta izan dadin, helburu ausartak finka ditzan, eta tokiaren araberako baliabideak ezar ditzatela estatuak, eskualdeak, departamenduak eta elkargoak».

Euskal Konfederazioak bere deia berretsi zuen joan den abenduaren 16ko jardunaldietan. EEPri argiki galdegin dio ikerketa bat bidera dezala, jakiteko nola egin 2050ean euskaldunen kopurua %30ekoa izateko, munduan zehar gertatu diren hizkuntza politika batzuk adibidetzat harturik. Helburu hori erakunde publiko guzien erantzukizuna dela azpimarratu du: «Ez gaitezen engainatu: euskararen etorkizuna ez da euskaltzaleon afera bakarrik: jendarte gai bat da». Horretan EEPk «akuilu» izan behar duela dio Konfederazioak, «politika ausartaren bultzatzaile», eta ez gutxienekoetara mugatzeko «kontsentsu gunea» edo bakoitzak egiten duenaren «zuritzailea».

Beskoitzeko ikastola

Urtarrilean, Beskoitzeko ikastolak herriko etxeak egin «diskriminazioa» salatu zuen. Ikastolako hiru urteko haur batek jantegian jasan bazterketaren berri jakinarazi zuen, besteak beste.

Urri hastapenean, burasoak prentsa aitzinean agertu ziren, Beskoitze: Ikastola baten garapena blokeatzen duen herri bakarra banderola zeukatela. Herri lurretan ikastola berria eraikitzeko baimen galdea utzia zuten Seaskatik, baina herriko etxeak «etengabeko oztopoak» jartzen dizkiela deitoratu zuten. Hamar urte ditu ikastola prefabrikatuetan egiten dela eta ikasle andana 50era heldurik; burasoek erran eta errana dute ezin dela hola segitu. Herriko etxearekin ikastola berria eraikitzeko egitasmori buruz mintzatzeko ezintasunaz etsiturik agertu ziren burasoak. 54 urteko esperientziarekin, Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak erran zuen «lehen aldia» dela «herri batek uko egiten diona Seaskako kideekin eta arkitektoarekin biltzeari».

Deus aldatu ez zenez ondoko asteetan, euskaltzale guziei mobilizatzera dei egin zieten burasoek, azaroaren 18rako, Beskoitzen. 2.500 lagun elkartu ziren manifestazioa egiteko Lapurdiko herrixkako karriketan. Geroztik, Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etxegaraik hitzemana zuen bitartekaritza egingo zuela bere sorterriko hautetsiekin korapiloa deslotzeko.

Azken gertakaria, astelehen honetakoa da, Fabienne Aientza auzapezaren kontseiluak erabaki baitu ikastolarekin zuen alokatze kontratua gelditzea. Ikastolak uztaila arte du beste aterabide baten atzemateko, Herriko Etxearen erabaki horren ondorioz kanpoa izanen baitu.

Beskoitzeko ikastolaren aldeko manifestazioa
Beskoitzeko ikastolaren aldeko manifestazioa, azaroaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.