Ehunka pertsona elkartu dira Baionan euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatu eta Euskararen Errepublika aldarrikatzeko EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak deitutako mobilizazioan. 1.500 herritar inguruk parte hartu dute Baionako Auzitegian hasi eta herriko etxe aitzinean bukatu den manifestazioan, «justizia euskararentzat» eta «independentzia» oihuen artean. Erran dute euskararen zapalkuntzari desobedientziaren eta intsumisioaren bidez erantzun behar zaiola, eta, hala, bat egitera eta antolatzera deitu dituzte euskaltzaleak. «Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugulako, eta justizia nahi dugulako: justizia euskararentzat».
Ikusi gehiago
Apirilaren 11n epaituko dituzte Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHEko kideak, abenduaren 3an Baionako Auzitegian egin zuten desobedientzia ekintzagatik. Epaiketa aitzin, 14:00etan, bi ekintzaileei babesa erakustera deitu du mugimendu euskaltzaleak. Igande honetan, manifestazio nazionalaren bidez adierazi diete elkartasuna. Euskal Herriko eragile anitzetako ordezkariek eta pertsona ezagunek parte hartu dute, hala nola Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak, Peio Dufau EH Baiko diputatuak eta Pantxoa Bimboire EAJko Ipar Buru Batzarreko lehendakariak.
Manifestazioa bukatzean, ekitaldia egin dute Baionako herriko etxe aitzinean, bertsolari, abeslari eta rap kantariekin. Gurrutxagak eta Torrek hartu dute hitza ondoren, eta Euskararen Nazioarteko Egunean egindako ekintza defendatu. «Ekintza hori egin genuen, besteak beste, bi konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko, epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko, eta euskararen biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko», adierazi du Gurrutxagak. Erran du euskararen egoera kezkagarria argitara emateko xedea zutela.
«Ekintza hori egin genuen, besteak beste, bi konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko, epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko, eta euskararen biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko»
INTZA GURRUTXAGAEHEko kidea
Izan ere, azken hilabeteetan behin baino gehiagotan azpimarratu dute hori euskalgintzako eragile anitzek, hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko beharra azaleratuta. Helburu horrekin deitu du Kontseiluak abenduaren 27an mobilizatzera, «euskarari arnasa berri bat emateko». Baieztatu dute milaka euskaltzale mobilizatuko direla orduan.
Debekuak euskarari
Egunerokoan euskarari ezartzen dizkioten debekuekin lotu du Torrek larrialdi linguistikoa. Hiru adibide aipatu ditu; horietan lehena, euskaraz ikasten duten ikasleei azterketak euskaraz pasatzeko ezartzen zaien debekua: «Alegia, euskaraz idaztea debekatzen diete». Bigarren adibidea, behin baino gehiagotan auzitegian euskaraz deklaratzeko ezarritako debekua: «Alegia, euskaraz mintzatzea debekatzen digute». Azkenik, euskarak euskararen herri osoan lege egokirik ez izatea salatu du.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere egin diote erreferentzia EHEko kideek. Izan ere, kontatu dute abenduaren 3ko ekintza egin eta komisarian atxilotuak zituzten bitartean Pradalesek ekitaldi instituzional bat egin zuela Bilboko Euskalduna jauregian. Adierazi zuen «euskara arnasberritu» ahal izateko «jauzi kualitatibo bat» egin behar zela, EHEko kideen hitzetan. «Euskararen aldeko adierazpen ederrak egitea ongi da, baina bereziki ekintza ausartak eta eraginkorrak behar ditugu», iharduki du Torrek.
«Euskararen aldeko adierazpen ederrak egitea ongi da, baina bereziki ekintza ausartak eta eraginkorrak behar ditugu»
GORKA TORREEHEko kidea
Euskarak pairatzen duen zapalkuntza ozen salatzea izan behar da lehen ekintza, EHEren hitzetan: «Salatzea indarrean diren legeek euskara ukatzen dutela, edo bigarren mailako estatusa ematen diotela; salatzea Frantziako eta Espainiako Estatuetan indarrean diren legediak euskararen aurkakoak direla, zapaltzaileak direla, euskara heriotzara daramatela; salatzea Frantziako eta Espainiako konstituzioak linguizidak direla».
Bat egiteko deia
Karrikan bakarrik ez, epaitegi barnean ere borrokatu nahi dute EHEko kideek, «beste inon baino hobeki» ageri baita bertan euskararen zapalkuntza legala. Apirilaren 11ko epaiketan euskaraz deklaratzeko eskaera egina dute, baina orain arte ez diete onartu eskubide hori. «Erran nahi du agintariek euskara heriotzara kondenatzen dutela, nahiz eta euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egiten dituzten».
Indar horiei buru egiteko xedez, euskaltzaleak elkarrekin antolatzera deitu dituzte, euskararen gaineko «egiturazko zapalkuntza gainditzeko», eta beharrezkotzat jo dute beste borroka batzuekin batera egitea ere. «Bat eginez, indarrak bideratu eta sistema zapaltzaile hau arrailduko dugu, desio dugun Euskal Herri aske eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko».
Elkartasuna senperen
Senpereko Larraldea etxean (Lapurdi), 2025eko Hatsaren poesia aurkeztu dute eguerdian, 27. olerki bilduma. Euskal Herriko 128 idazle aritu dira hura osatzen. Horietako batzuk elkartu dira Senperen, eta EHEren deialdiarekin bat egin dute taldeko argazkian.
