Euskararen «zapalkuntzaren» parean, «intsumisioa garatzeko» hitzaldiak eginen dituzte

Irailaren 10ean euskararen aldeko aldarrikapen ekintzak egiteagatik, Baionako Auzitegiak Gorka Torre zigortu zuen. Gaurtik abenduaren 21era arte zazpi hitzaldi eginen ditu EHEk Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan.

Gorka Torreren sostenguz egindako elkarretaratzea, irailaren 10ean, Baionako Auzitegian. PATXI BELTZAIZ
Gorka Torreren sostenguz egindako elkarretaratzea, irailaren 10ean, Baionako Auzitegian. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Irailaren 10ean izan zen Gorka Torre euskaltzalearen kontrako auzia Baionako Auzitegian, eta berehala hasi zen elkartasun sarea antolatzen. Hain zuzen, «euskarari lehentasuna» emateko aldarriarekin bide seinaleak kendu eta Portugaletera (Bizkaia) eramateagatik eta Baionako suprefetura aitzinean egin margoketagatik isunak ezarri zizkioten Gorkari, 3.268 eurokoak orotara, eta, gainera, beste 500 euro ordaintzera eta hilabeteko presondegi zigorrera kondenatu zuten, gibelapenarekin. Euskararen «zapalkuntza» gertatzen ari dela eta, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduak «intsumisioa garatzeko» hitzaldiak eginen ditu hurrengo asteetan Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan.

Euskaraz deklaratzea ukatu zioten Torreri, eta, auzitegi gelatik ateratzean, «intsumisiorako» deia egin zuen. Geroztik, agenda elkartasun egitasmoz bete dute EHEko kideek, hainbat herritako euskaltzaleekin eskuz esku antolaturik. EHEko Intza Gurrutxagaren ustez, Torre auzitegira eraman duten gisako «desobedientzia ekintzak pizgarri eta ilusionagarri izan daitezke, eta euskararen aldeko borrokari ekarpen oso garrantzitsua egin diezaiokete».

Euskararen garapena

Atzera begira, duela 50 urte militante euskaltzaleek «piztu zuten gatazka» aipatu du Torre EHEko kideak. Haren erranetan, hogei urte berantago Frantziako Estatuko agintariak euskararen garapenerako «itxurazko» ekintzak egiten hasi ziren: «Azken 30 urteetan, orokorki, euskara ez da garatu. Eta itxurak itsutu gaitu, ez dugu ikusi agintariek euskararen heriotza nahi dutela. Egiazki euskararen garapenaren alde balira, aspaldian batxilergoa euskaraz pasatzen ahalko zen, aspaldian bide seinaleetan euskarari lehentasuna emanen zitzaion eta aspaldian auzietan euskaraz deklaratzen ahalko genuen».

«Azken 30 urteetan, orokorki, euskara ez da garatu. Eta itxurak itsutu gaitu» GORKA TORREEHE mugimenduko kidea

Irailaren 10ean dozenaka euskaltzale bildu ziren Baionako Auzitegiaren aitzinean, eta geroztik ere elkartasun keinuak emendatu dira. Horiek erakusten dute, Torreren ustez, «kontzientzia» hartze bat gertatzen dela: «Itxurakeriaz eta larrialdi linguistikoko egoeraz ohartzen ari gara». EHEko kidearentzat, argi da «euskaltzaleak euskararen aldeko borrokan jauzi kualitatibo bat emateko prest» direla.

Elkartasun keinuak

Isunak pagatzeari uko eginen diola jakinarazi zuen Torrek, eta EHEk diru bilketa abiatu zuen gastu judizialak pagatu eta «euskara zapaldua den toki orotan Euskaraz lehentasunez, Geldi euskara zapaltzea eta Justizia euskararentzat leloak idazteko tindua erosteko». Hilabete honetan eta ondokoan, leku bakoitzeko euskaltzaleek antolaturik, «euskararen zapalkuntzaren aurrean intsumisioa garatzeko hitzaldiak» prestatu ditu» EHEk, Torrek argitu duenez. Abenduaren 7an Durangoko (Bizkaia) manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du Gurrutxagak, «Euskal Herri askea eta euskalduna» aldarrikatzeko.

ekitaldiak

  • Gaur: Hendaian, 19:00etan, gaztetxean. Hitzaldia eta pintxoak.

  • Azaroak 13: Baionan, 19:00etan, Epaiskan. Hitzaldia eta pintxoak.

  • Azaroak 22: Ortzaizen, 19:00etan, Menta liburu dendan. Hitzaldia eta pintxoak.

  • Azaroak 29: Larzabalen, 19:00etan, Espelletenian. Hitzaldia eta pintxoak.

  • Abenduak 6: Maulen, 19:00etan, Zinkan. Hitzaldia eta kontzertua, Pitxu gaztetxeak antolatua.

  • Abenduak 13: Hazparnen, 19:00etan, Ttattolan. Hitzaldia, pintxoak eta kantuak.

  • Abenduak 21: Donibane Garazin, hitzaldia eta kontzertua, gaztetxeak antolatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.