Euskara sartu da Hazparneko laborantza lizeoan

Armand David lizeo profesionaleko hiru sailetarik batean euskaraz ikasten ahalko dute ikasleek irailetik aitzina: laborantzakoan.

Armand David lizeoa
Hazparneko Armand David lizeoko bi ikasle, ikastetxean, urtarrilaren 28an. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2025eko otsailaren 7a
05:05
Entzun

Azkenean posible izanen da laborantza lizeoetan euskaraz ikastea. Hazparneko Armand David lizeo profesionalean heldu den irailean hasiko dira klaseak euskaraz ematen, laborantzako materialen sailean, lau irakasle euskaldunekin. Baina lehen sartze horrek badu lehen urrats garrantzitsutik, Hazparnetik harago ere: laborantza eskolak Frantziako Laborantza Ministerioak kudeatzen ditu, Hezkuntza Nazionaletik bereiz, eta hizkuntza gutiturik ez zuten orain arte onartzen ikastetxe profesionaletan.

Duela hiru urte egin zuten eskaera lehen aldiz, eta urte hastapenean kausitu baimena. Ikasle euskaldunak badira Hazparneko lizeoan, elebidunean edo Seaskako ikastetxeetan arituak aitzinetik. Urte batzuetan anitz izan dira, Pantxo Etxeberria irakaslearen arabera. «Ez da urte guztiz gertatzen, baina batzuetan ikasleen erdiak bederen euskaldunak ziren», zehaztu du. Harekin batean beste hiru irakaslek proposatuko dute euren ikasgaia euskaraz irailetik goiti.

Oraingoz, ministerioko baimenak laborantza ikasten dutenentzat balio du, baina geroan beste bi sailetara hedatzea aipatu dute: paisaien antolaketara eta bigarren orokorrera, preseski.

Hautetsien babesa

Lantaldeak xedea gogoetatu ondotik, instituzioengana jo zuten baimen eske. Azken hiru urteetan, Laborantza Ministerioak Akitania Berrian dituen ordezkariengana jo dute, baita beste batzuengana ere. «Erraten ziguten ez zutela ikusten nola egiten ahal genuen, baina hastapenean ez genuen sobera erantzunik ministeriotik», oroitu du Etxeberriak. Bidelagun ukan dituzte zenbait kolore politikotako hautetsiak, eta horietan bereziki bik eskaera Parisen entzunarazi zuten: Max Brisson Miarritzeko senatariak (Errepublikanoak) eta Iñaki Etxaniz diputatuak (Alderdi Sozialista). Lehenak hitza hartu zuen Frantziako Senatuan; «entzuna izan zen, baina ez zen erantzunik jin», irakaslearen erranetan. Etxanizek Frantziako Asanblean hartu zuen hitza. «Azken mintzaldi horren ondotik zen baiezkoa heldu ministeriotik», gehitu du Etxeberriak. Euskararen Erakunde Publikoak ere sostengatu du lizeoaren iniziatiba. 

Hazparneko Armand David laborantza lizeoko ikasleak. Patxi Beltzaiz
Hazparneko Armand David laborantza lizeoko ikasleak, ikastetxean, urtarrilaren 28an. PATXI BELTZAIZ

Laborantzako materialen saila «erraztasunez» hautatu zuen lizeoko lantaldeak euskaraz irakasteko, zeren eta, Etxeberriak erran duenez, «laborantza inguruko ofizioetan ari dira gero ikasle horiek, bai laborantzan eta bai inguruko ofizioetan, eta euskara presente da mundu horretan». Euskaraz ikasi, euskaraz lan egiteko gero. Irailean euskaraz ikastea hautatuko duten ikasleek, ikastaroak egin beharko dituztelarik, eta horiek ere osoki euskaraz egiteko hautua egiten ahalko dute. Ikasgai orokorrak, aldiz, hala nola matematikak eta historia, frantsesez ukanen dituzte oraino.

Euskara, eskaintza gisa

Ez da, beraz, osoki euskaraz ikasten ahalko Armand David ikastetxean, baina laborantzako ikasgai teknikoak, bai. Hori «urrats handia» da Etxeberriarentzat: «Laborantzaren berezitasunarendako heldu dira lizeo horretara, eta hori euskaraz ukanen dute». Ikasle berrien mentura ere ikusten du irakasleak, elebidunean edo Seaskako saretik heldu diren gazteek «beste hiru urtez euskaraz ikasten segitzen ahalko dutelako». Bihar eginen dituzten ate irekitzeak izanen dira euskararen erakargarritasuna neurtzeko parada. Azaroan egin zituzten ate irekitzeak, eta agertu ziren ikasleen artean interesa sentitu zuen Etxeberriak, nahiz eta oraino ez dakien izena emanen dutenetz. 

«Ez da urte guztiz gertatzen, baina urte batzuetan ikasleen erdiak bederen euskaldunak ziren»

PANTXO ETXEBERRIAHazparneko Armand David lizeoko irakaslea

Etxeberria 2018an hasi zen irakasle gisa lanean, eta esperientzia handiagoa duten lankideek kontatu diote ikasleen profilean aldaketa ikusi dutela: hiri eremukoen presentzia indarra hartzen ari dela. «Anitz laborantza munduko seme edo alabak ziren orain arte, eta azken urteetan hirietatik heldu dira gazteak; sustut, kostaldetik». Formakuntza bera duen beste ikastetxerik ez da departamendu mailan, eta, ondorioz, Biarnoko eta Landetako ikasle anitz badituzte.

Irailetik aitzina euskarazko irakaskuntza gehituko zaio ikastetxeak proposatzen duen ibilbideari, baina lehendik ere bazituzten eskaintza interesgarriak kurtsotik kanpoko aktibitateetan, Etxebarriak zehaztu duenez: «Herritarrak formatu behar ditugu; ez da bakarrik lan berezi bat erakusten. Hartako dira proiektu eder horiek inguruan». Lizeoko bizitasun horrek guztiak, irakaslearen arabera, zerikusia badu zuzendaria «biziki irekia» izatearekin, eta, nola ez, lantalde osoaren inplikazioarekin.

Bertrand Gaufryau, Hazparneko Armand David lizeoko zuzendaria.

«Lurraldean txertatzea hizkuntzaren eta kulturaren parte izatea da»

Bertrand gaufryauArmand David lizeoko zuzendaria. Patxi Beltzaiz
Bertrand Gaufryau Hazparneko Armand David lizeoko zuzendaria, ikastetxean, urtarrilaren 28an. PATXI BELTZAIZ

Soinean dituen betaurrekoek salatzen dute bere originaltasuna: berina bat karratua, bestea borobila. Bertrand Gaufryau (Talence, Frantzia, 1965) Hazparneko Armand David lizeoko zuzendariak ez du ohiko perfila: ekonomialaria da, Genevan Nazioarteko Lanaren Bulegoan lan egin zuen Afrika beltz frankofonoko enpresen garapenaz arduratzen, eta azken 25 ikasturteetan hainbat ikastetxetako zuzendaria izan da. Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ikastetxe bateko pasartea salbu, laborantza lizeoetan aritu da gehienik; azken zortzi urteetan, Hazparnen.

Irakaskuntzaz iritzia ematen duelarik, ahoan bilorik gabe mintzo da. 1960ko hamarkadan kokatzen du irakaskuntzako aldaketa handia, ikasleen «masifikazio» handiarekin, eta Bertrand Gaufryaurentzat funtsezkoa izan zen: «Pentsatzen dut egiazko bidebanatzeak eta egiazko aldaketak gertatu zirela. Estatuaren erreakzioa beti berantarekin heldu da, tresneria handia delako, estatu jakobinoa delako». Hazparneko ikastetxean euskarazko irakaskuntza plantan ezartzeko «bataila ero bat» izan da, Gaufryauren ustez: «Aski berezia zen, Laborantza Ministerioa aski irekia baita, baina oztopo kultural sakonak izan behar ziren».

Lurraldeko aktore

Zuzendariari ezin ulertua zitzaion euskararik gabeko irakaskuntza, ikasle batzuei haien izaerari uko egitea galdetzen zitzaielakoan: «Nola erraten ahal zaio elebidunetik edo ikastolatik lizeora heldu den gazte bati bere izaeraren parte bat lizeotik kanpo utzi behar duela?». Euskalduna izan gabe ere, harrera egin dion lurraldeko «historiari, kulturari eta hizkuntzari» dien atxikimendua azpimarratu du. Hiru urte iraun du euskara klaseetara sarrarazteko bideak, eta lantaldearen kemena goraipatu du. Garaipen inportantea zaio Gaufryauri: «Hiru urte galdu ditugu, baina sinesgarritasuna irabazi dugu. Gazteentzat garaipen bat da».

Euskaraz ikasteko parada ez du soilik hizkuntzaren errespetuarekin lotu zuzendariak. Haren ustez, ezinbestekoa da gizarteratze sozioekonomikoarentzat ere «lurraldean txertatzea, hizkuntzaren eta kulturaren parte izatea ere bai baita». Heldu den sartzean lehen urrats hori egin, eta epe luzeagoan beste sailak euskaraz irakasteko paradak ikertzeko intentzioa ere erakutsi du.

Herritarrak fabrikatzen

Laborantzako lizeoetan, irakaskuntza orokorrean ezagutu ez duen askatasun eremu bat bizi izan du beti Gaufryauk: «Hainbat libertate har daitezke, baina ukatu daiteke begiratzea ere libertate espazio horietara». Askatasun horrek bere lizeoan proposatzen diren kanpoko aktibitate batzuetan badu isla: elbarritasuna duten kazetariek osatu erredakzio batekin idazketa tailerra antolatu zuten, Ukrainako gerraz edo sexualitateaz eztabaidak antolatzen dituzte, eta, berrikiago, laborantza hauteskundeen karietara, eztabaida bat antolatu zuten Kanalduderekin, osoki euskaraz. 

Gaufryaurentzat, laborantza eskola izateak ez du kentzen ikasketa teknikoez aparteko proposamenak egiteko parada. «Ikastetxe batean lan egiten dugunok hoberena zor diegu ikasleei. Eta hoberenaren parte da munduari irekitzea», zehaztu du. Ikasleen izpiritu kritikoa zorroztea helburu handien artean kokatzen du ikastetxeko zuzendariak. Mespretxuzko oharrak entzun izan ditu Armand Davidera joaten diren pertsona ezagunen inguruan, nolaz hara joaten ote diren galdezka, «laborantza lizeo bateko ikasleek halakoen eskubiderik ez balute bezala».

Hazparnen irakasten den ofizioan eredu desberdinak badira. Gaufryauk FNSEA eta Confederation Paysanne sindikatuek defendatzen dituzten eredu kontrajarriak aipatu ditu, laburbiltzeko, baina badauzka ñabardurak: «Ofizioko laborariak jan behar du, haren aktibitatea errentagarri izan behar da, haren prezioek bizitzeko parada eman behar diote. Eta laboraria ez da goizez jaikitzen txoriak begiratzeko... Harreman sozialak sortzen ditu, eta lurraldean inplikatzen da. Gaur egun biak egin daitezke: ezin da alde ekonomikoa baztertu, aktibitatetik bizi behar baita, baina ahantzi gabe laborariak baduela lotura lurrarekin, historiarekin, harreman sozialekin; ez da nolanahiko aktore bat». Ikasleen artean gisa horretako bereizketa bat sentitzen badu ere, «gainditzea» posible dela gehitu du.

Zortzi ikasturtetan lizeoa bukatu duten ikasle andana ikusi ditu Gaufryauk. Batzuek ikasketak luzatu, besteak lanean hasi, baina zuzendariarentzat, «gezurrik gabe, ibilbide ederrak baino ez dira» izan. Lurraldeko aktoreak ateratzen dira, haren iritziz, lizeo horretatik: «Ibilbide bakoitza ederra da gazte bakoitza profesionalki eta sozialki bere lurraldean sartzen delako». Harrotasun hitzak zabaldu ditu lantaldera ere, «jakintzak, edukiak edo praktikak transmititzen» dituzten irakasleekiko esker onez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.