Elkarteen hitza

Euskara elkarte baten lan ildoak

Zabalik elkartea
2024ko abenduaren 6a
05:05
Entzun

Zabalik euskara elkarte bezala definitzen da. Zer da euskara elkarte bat, kultur elkarte bat? Ez baitezpada. Euskararen irakaskuntzarako elkartea orduan? Hori ere ez. Ondare elkartea? Otoi, afrunturik ez, frantses konstituzioak du euskara ondare gisa definitzen, ez genuke erregionalismo frantses-konpatible baten zepoan erori nahi!

Gure eginbidea gure lurraldean (Amikuzen) jarri dugu, eta edozein ekimen sortzen dugula, izan dadila helburu bakarrari buruz: euskararen erabilera bizi-hizkuntza bezala sustatzea.

Gure kasuan, lau lan ardatz hauen bidez: erabilera bultzatzea eta euskaldunen komunitatea horren baitan biltzea; tokiko euskalgintzako elkarte eta jendeen arteko elkarlana eta gogoeta estrategikoa bultzatzea; euskaldun kontzienteen formakuntza obratzea —erran nahi baita gure herriak bizi duen hizkuntzidioaz jabetzeko eta horri ihardukitzeko heldulekuen bilatzeko saioak segurtatzea—; eta lurralde mailan mundu honetarik hurbil ala urrun direnei buruz, interpelazioak egitea, eta botere guneetan direnei ikusi nahi ez dutenari ohartaraztea.

Horrela erranik, gauza potoloa ematen du, eta nola borondatezko lanez egina den, anbizioak obratze xumeetan egikaritzen dira hondarrean. Jende guti eguneroko lemaren atxikitzeko, eta alde positiboa hau da, ekintzetan eskukaldia emateko nahi hainbat boluntario eta laguntzaile, mikrokosmos ttipia izanagatik.

Adibide hurbil bat emateko, joan den azaroaren 22an antolatu dugu Amikuzeko ikastola eta eskola elebidunetan euskara eta euskaraz ikasten duten ama eskola eta lehen mailako haurren topaketa bat. Ikusgarri eta kantu emanaldi batean 150 haur eta 300 buraso eta helduez goiti bildu gara, haurrek beren eskoletan landu Nafarroaren historiaren beren interpretazioa txalotzeko.

Joan den udaberrian, ikastola eta eskoletako irakasleei proposamena egin genien gure helburuak aurkeztuz. Haurrei buruz, helburua bikoitza zen: beren eskolaz kanpo euskaraz jarduten duten beste haur batzuekin gurutzatzea, eta bakoitzak ikusgarri puska bat prestatzen zuenez, euskaraz sortu emozio batzuk beren gorputzetan txertatzea. Haur hauen irakasleentzat, kuraia, sostengua eta bihotz berotasun zerbait eskaintzea zen xedea. Gaur, etxeko transmisioa osoki desagertua ez bada ere, arras ttipitua da, eta eskolaz kanpo euskarazko unibertso baten topatzea ia mirakulua izan daiteke haurrendako. Imajina egunero baldintza horietan egiten duzuela lan, baliteke iparra galtzeko aski arrazoi izatea. Azkenik, burasoei mintzatu nahi genuen. Beren hautua haurren euskalduntzea bada, hautu ona dela, eta lagundu behar dutela eskolaz kanpoko euskarazko jarduerak baliatuz. Preseski, honek, bultzatzen dugun beste ekimen batekin egiten du junta: buraso gazte talde batek aisialdi zentro immertsibo baten indartzeko lobby lan bat darama tokiko hautetsiei buruz.

Eskolen topaketa hau bere hutsean ez zaigu asegarri. Begi bistakoa da ereduen artean immertsiboa dela bultzatu behar dena. Begi bistakoa da ere eskolaz kanpo kirol munduan ere sudurra sartu beharko dugula, gai honi buruz harrigarriki bizkarra emanik jarraitzen baitute klubek. Eta begi bistakoa da, ikusgarri batez haratago, burasoekin lan berezi bat egin behar dugula. Horiek guziak asmoetan ditugu, eta nork daki, xehetasun gehiago ondoko artikulu batean emanen ahalko dugu...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.