Batuan ala euskalkian? Euskalkian ala batuan? Nola idatzi, zer lehenetsi... Ipar Euskal Herrian euskararen arloan lanean ari diren egitura gehienek izan dute halako gogoetarik noizbait. Euskal Herriko euskaldun guzientzat balio duen hizkuntza estandar bat hobesten dute batzuek, eta tokikoa baztertzea desegoki zaie beste batzuei; erregistroaren arabera erabaki eta oreka xerkatu behar dela dioenik ere bada. AEKn sortu kezka batetik abiaturik, jardunaldiak antolatu zituen UEUk joan den astean, Baionan.
Paulo Arzelus AEK-ko irakasleak esplikatu zuen euskararen zuzentasunari buruzko lan bat abiatu zutela, irakaskuntzan eta eguneroko komunikazioan egiten dituzten akatsez kezkaturik. «Proposatu genuen euskara batuak izan behar duela gure irakaskuntza eta lan hizkuntza». Horrek eztabaida piztu zuen: batua bai, baina herri hizkerari tokia eman behar diotela, euskara batuak ez duela prestigiorik Iparraldean. Arzelusen hitzetan, irakasleek sortzen dituzten materialetan ez da zuzenketarik egiten, eta batzuetan desegokiak diren formak erabiltzen dituzte. «Bidea litzateke AEKrentzat estilo liburu gisako bat prestatzea?», galdetu zuen. Zuberoan zubereraz ematen dituzte klaseak. «Ezin ditugu herritarrak euskaldundu bi fasetan: lehenik herri hizkera eta ondoren batua. Batutik abiatu behar dugu euskalduntzea», egin zuen aldarri.
Egoitz Urrutikoetxea Seaskako Hezkuntza zuzendariak euskalkien eta batuaren arteko gatazka elikatzea kritikatu zuen. «Etxeko transmisioa eten da; bukatzeko bidean da. Euskalkiak kinka txarrean dira; zuberotarra desagertze bidean. Hori da bizi duguna egunerokoan». Azken urteetako gogoetak aipatu zituen, eta baieztatu zuzentasunean ez ezik hizkuntza gaitasunean jarri behar dela indarra. «Ikasleei egiten zaizkien ebaluazioek erakusten dute: ulermena badute, baina idatzizko edo ahozko adierazpenera katramilatzen dira». Hizkuntzarekin duten harremana eskola da, eta erregistro bakarra menperatzen dute gehienek. Erregistro informala lantzeko, euskalkien parioa egin dute azken urteetan Seaskan: ama eskola euskalkian egiten dute: zubereraz Zuberoan; xuka Oztibarren. Kolegiotik aitzin, dena batuan. Aire hartzeetan eta kanpo aktibitateetan eragiten ere entseatzen dira. «Planifikatu eta ebaluatu behar da, eta hori eremu guzietan», zioen Urrutikoetxeak. Irakasle eta hezitzaileen trebakuntza, hizkuntza gaitasuna lantzea eta zaintzea ere beharrezkotzat jo zuen.
«Segur zara euskalkian ari zarela? Aditzean datiboa ez erabiltzea ez da euskalkia: akatsa da» ENEKO BIDEGAIN Irakaslea
Ikasmateriala sortzean baliatzen dituzten irizpideak esplikatu zituen Aines Dufau Ikas zentroko zuzendariak. «Irakasleak heldu zaizkigularik, haien arrangura, zuzentasuna baino gehiago, ikasleek euskaraz egitea da», ohartarazi zuen. Frantsesaren kalko gisara egin ohi diren akatsak zuzentzeko sortu zuten Dudak-en tresna ere aipatu zuen. Eta irakasleen prestakuntza ere hizpide izan zuen, Hego Euskal Herriko Irale erakundea aipatuta. «Hegoaldean irakasleek posible dute euren lan denboran euskara maila lantzea eta euskal kulturari buruzko prestakuntza ukaitea». Ipar Euskal Herrian, seiehun irakasle baino gehiago dira euskarazko irakaskuntzan ari direnak. «Ez badira formatuak, pentsa zer ondorio duen».
Kezka orokortua
Naroa Gorostiaga EEPko teknikariak esplikatu zuen frantsesez ere arazoak dituztela gazteei erregistroak zein diren ulertarazteko. «Euskaraz gehiago, egoera diglosikoa delako». EEPk antolatzen dituen zertifikazioetan dituzten irizpideak aipatu zituen. «Ikasle eta irakasleei begira, zuzentasuna non den ari gara gero eta gehiago lantzen. Zer den onargarri B2an, eta zer ez den C1ean. Era berean, malgutasuna eskatzen diegu zuzentzaileei. 17 urtetan ezin diegu eskatu 40 urteko baten testu bera».
Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak iharduki zuen C1ean eskatzen diren gaitasunak adinari ere lotuak direla. «Hego Euskal Herrian B2 mailarekin bukatzen dituzte ikasketak. Unibertsitateko ikasketen ondotik ematen zaie C1. Ez da C1 txikitu behar; gazte horiek helduago izatea itxaron behar da», laburbildu zuen.
Bidegainen hitzetan, Euskal Herri osoan daude euskara batuaren artifizialtasunaren eta euskalkiaren autentikotasunaren kezkak. «Euskalkiaren izenean argudiatzen ditugu gure zuzentasun faltak», adierazi zuen. «Segur zara euskalkian ari zarela? Aditzean datiboa ez erabiltzea ez da euskalkia: akatsa da». Arrazoi eman zion Antton Hariñordoki itzultzaileak, bezeroekin izan dituen esperientzia batzuen berri emanez. Gorostiagaren hitzetan, hedabideekin lanketa abiatua dute euskalkiarekin lotuak ez diren akatsak konpontzeko.
«Frantsesez akatsak egitea ez da onartzen, baina iduri du euskaraz denetarik egiten ahal dela», iritzi zion Hariñordokik. «Euskarari ez bazaio onartzen frantsesari onartzen diogun zorroztasuna, erran nahi du hizkuntza ez dugula maila berean ematen». Proposamena ere egin zuen: ahal den heinean zuzentzaile postuak sortzea egituretan.