Begoña Durruti: «Euskaldunen egoera agertzen da; mugako bi alderdietan nola gauden banatuak eta gureak ez diren zenbat gatazkatan ibili garen»

'Cherche’pas à comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra!' liburu ilustratuaz mintzatuko da Begoña Durruti baztandarra Alduden, abenduaren 21ean. Nafarroako Erratzutik Aljeriako gerlarat joatera behartu zuten aitaren historia kontatzen du.

BEGOÑA DURRUTI
Begoña Durruti, 2021ean. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2023ko abenduaren 18a
05:00
Entzun

Bereterretxeren kanthoria marrazkiz ilustratu zuen 2017an, baina urte bat lehenago Cherche’pas à comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra! liburu ilustratua plazaratu zuen Begoña Durrutik (Arizkun, Nafarroa, 1968). Gregorio Durruti aitaren historia kontatzen du, nahiz eta baztandarra izan Frantziak behartu baitzuen Aljeriako gerlaren egitera. Begoña Durruti Aldudeko liburutegira gomitatu dute abenduaren 21ean, 19:30ean, liburu horren aipatzerat.

Liburuak zuen aitaren eta familiaren historia kontatzen du. Mugako beste familia askok bizi izan duketenaren gisakoa dela erran izan duzu?

Familia euskaldun baten historia da, mugaren Espainiako aldean bizi dena, eta zerengatik ez dakigu —ez baitu zentzurik—, nire aitari tokatu zitzaion bertzen gerretan egotea, Aljerian. Horren ondorioak ere aipatzen ditu liburuak.

Nolaz zure aita deitu zuten Aljeriarat?

Nire aitatxi hazpandarra zen, eta eskapatu zen lehenbiziko Mundu Gerratik. Hegoaldera etorri zen, eta hantxe amatxi ezagutu zuen; ezkondu ziren, eta familia sortu zuten [Erratzun, Nafarroan]. Zazpi haurride ziren: lehenbizikoa ez zen aitatxiren semea —amatxi alarguna zen, eta ezkondu aitzinekoa zen—. Seme hori hil zen, 1935ean. Justu urte horretan sortu zen nire aita.

Aitarengandik frantses hiritartasuna bazuen?

16 urterekin ailegatu zitzaien karta bat kontsulatura joateko eta hautatu behar zuten zer izan nahi zuten: espainol ala frantses. Aitatxik Hazparnen bazuen baserri bat eta bazituen lur batzuk; orduan, amatxik erran zion: «Egon zaitez frantses nazionalitatearekin eta lur horiek zureak izanen dira». Eta nire aita, kontent!

Horregatik Frantziak deitu zuen gerlarat joateko?

Ailegatu zelarik tenorea soldadu joateko [20 urte zituela], lehertu zen...; bueno, lehertu... ez zioten gerra deitzen; ordena zaintza deitzen zioten. Frantziak noiz aitortu du Aljerian gerra bat egon dela? Duela gutxi. Aita ez bazen joaten, soldadu desertore izanen zen, eta azkenean deliberatu zuen joatea. Euskaldun bat zen, Hegoaldean sortua, espainolez gutti zekiena, frantsesez batere ez, eta Pauen [Biarno] pasatu zuen urte bat, han. Paraxutista gisa. Aukeren artean hori omen zen onena. Pauen urte bat egoten ziren, gero Aljerian eginen zutena ikasten. Bestela, lau egunetara Aljerian ziren lehen lerroan tiroka batere prestakuntzarik gabe.

Aitak errazki kontatu dizkizue bizipen horiek?

Egia erran, aitak aspalditik kontatzen zuen bere istorioa, beti. Urte bat baino gehiago egon zen Elbarrietan [ospitalea], Parisen, eta han arras lagun onak egin zituen, bera bezala elbarriak zirenak [Paraxuta jauzi batean zauritu zen]. Horiek etortzen ziren gure etxera bisitan. Orduan, ilustratzaileak, kantariak, idazleak, azkenean denak gara istorio kontalariak pixka bat, eta behar nuen kontatu gure etxeko istorioa.

Ezaguna ez den eskualde batean historia horren jakinarazteko balio zukeen?

Hemen jendeak ez daki gerra bat izan zela Aljerian. Euskal Herriko, Frantzia osoko eta bere kolonietako gazteak, garai hartan, bere urterik hoberenak han pasatu zituzten eta jendeak ez daki. Ibili naiz irudi bila libururako eta ez dut irudirik aurkitu Elbarrietan. Imajinatu, Elbarrietan baziren lehenbiziko Mundu Gerrakoak, Bigarren Gerrakoak, Indotxinakoak, Aljeriakoak; batzuk aurpegi erreak, bertze batzuk hankamotzak, bertze batzuk paraplegikoak, tetraplegikoak...; ez dut lortu ezta irudi bat ere. Armadako museoa bai, soldaduak hantxe desfilatzen bai, Napoleonen hilobia ere bai, baina elbarri hauena, zero. Frantziak gordetzen du hori.

«Euskaldun bat zen, Hegoaldean sortua, espainolez gutti zekiena, frantsesez batere ez, eta Pauen [Biarno] pasatu zuen urte bat».

Irudiez gain, testua ere idatzi duzu libururako; nola egin zenuen?

Ez naiz idazlea; dorpea naiz idazten. Haurrendako liburu ilustratu bat egin nuen, lehen, eta Miel Anjel Elustondo etorri zen elkarrizketa egitera horren harira, Argia-rako. Nor nintzen eta gure historia kontatu nion, eta hark: «Baina, zure aitak badu beste elkarrizketa bat!». Aitari egin zion elkarrizketa eta erran zidan behar nuela hori kontatu. Aprobetxatu nuen Elustondo pasatu zela eta lagundu nau anitz. Gero, leitu nuen Fill de rojo umeendako album ilustratu bat, Ignasi Blanch katalanak egin zuena, eta formatu bera hautatu nuen. Harkaitz Canok ere aholkuren bat eman zidan, eta hola.

Zer hedapen izan du albumak?

Liburu hau beti joan da mantso-mantso salduz; igual, eskoletan, irakasleen artean eta. Manera xume bat da gerraren esplikatzeko. Ez duzu historialaria izan behar ikusteko zer den. Edozeinendako: haur, gazte, zahar. Saiatu nintzen Elkarrekin frantsesez argitaratzea lortzen zuten, baina ez zen argitaratzerik izan. Editoreak erran dit Durangoko Azokan, orain, euskarazkoa akitu zaiola. Eta ez daki berriz atera edo ez.

Euskaldunen historiari begira geruza bat baino gehiago ditu historia horrek?

Anitz geruza baditu. Agertzen da Gerra Zibila, Lehen Mundu Gerra... Euskaldunen egoera zein den; mugako bi alderdietan nola gauden banatuak eta gureak ez diren zenbat gatazkatan ibili garen. Hortaz, eskoletan baliagarria da. Interesgarria da, era berean, baztaneraz egina delako; baztanera ez da sobera ikusten idatzietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.