'Euskaldundu' beka abiatu du Euskal Hirigune Elkargoak, helduak euskara ikasten laguntzeko

Euskal Hirigune Elkargoak 280.000 euro ezarri ditu, hiru urtez beka hori eskaintzeko. Euskara ikasteko ikastaro trinkoak ordaintzen laguntzea da xedea.

AEKren euskara klase bat, Baionako euskaltegian, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
AEKren euskara klase bat, Baionako euskaltegian, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Euskaldundu beka abian eman du Euskal Hirigune Elkargoak, euskal hiztunen kopurua emendatzeko helburuarekin. 280.000 euroko diru zama onartu zuten abenduan egin zuten biltzarrean, 18 eta 64 urte arteko helduak euskara ikasteko ikastaro trinkoak egiten laguntzeko. 2027 arte, berrogeita hamar eta berrehun beka artean banatu nahi dituzte —ikasle bakoitzak eginen duen ikastaroaren iraupenaren araberakoa izanen da kopurua—. Euskal Herri osoan diren zentroetan egiten ahalko dituzte ikastaroak beka eskuratzen dutenek. Proiektu profesionala, pertsonala edo elkarte arlokoa aurkeztu behar dute horretarako. EEPk proposatzen duen Euskaraz lan egin bekaren osagarri izatea da xedea.

Askotariko publikoa ukitu nahi dute bekaren bidez. Gazteak eta ikasleak lehenik, «lurraldearen etorkizuna» euskaraz eraiki dezaten, baina baita hizkuntza transmititu nahiko luketen gurasoak ere, haien haurrak euskarazko irakaskuntza ibilbidean lagundu ditzaten, izan murgiltzean ala elebidunean. Lan arloan euskaraz jardun nahi duten langileak ere lagundu nahi dituzte. 

Azkenik, gau eskoletan euskara ikasten ari diren ikasleengana ere iritsi nahiko lukete, ikastaro trinko bat eginez haien irakaskuntza prozesua bizkortu dezaten. 24.000 hiztun hartzaile daude Ipar Euskal Herrian, euskara ulertu bai baina mintzatzeko gai sentitzen ez direnak. Horiek ere erakarri nahi dituzte bekara. 

2050. urtea ikusmiran

2021eko inkesta soziolinguistikoaren datuak oroitarazi zituen Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak gainerako hautetsiei proiektu aurkeztu zienean. Ikerketa haren arabera, 51.500 euskal hiztun dira Ipar Euskal Herrian, biztanleria osoaren %20. «Azken hogei urteetan garatu den hizkuntza politikari esker, instituzioen, hezkuntza eragileen eta elkarte mugimenduaren lankidetza hertsiaren eraginez, belaunaldi gazteak hizkuntza berreskuratzen ari dira», adierazi zuen. Hori euskara biziberritzen ahal denaren seinale dela baieztatu zuen. 

Baina ez da aski. EEPk eta Audap hirigintza agentziak egindako prospektika demografiko eta soziolinguistikoek erakusten dute  gaur egungo bilakaerarekin segitzen bada 2050erako %17ra apalduko dela euskal hiztunen proportzioa. «Orain arteko berreskuratzea ez da aski izanen hiztun zaharren galera eta lurraldera iristen diren heldu erdaldunen arribatzea konpentsatzeko. Hizkuntza batek ez badu hiztun masa kritiko bat, bere funtzio soziala eta bizitasuna galtzen ditu», Kurutxarriren hitzetan. Horregatik, hizkuntza politikan indar gehigarriak egin behar direla iradoki zuen.

250 euskaldun urtero

Hiru lan ildo eman zituen Kurutxarrik mahai gainean: euskarazko irakaskuntzaren eskaintza orokortzea, lurraldeko ikastetxe guzietan izan dadin aukera «frantsesezko eskaintzaren ondoan»; helduen irakaskuntzaren emendatze «azkar» bat eragitea: «2027tik aitzina urtero euskalduntzen den helduen kopurua 150etik 250era iragan behar da»; euskararen erabileraren hedatzea eremu eta zerbitzu publikoetan, «bereziki Euskal Elkargoaren eta herriko etxeen politiken bidez». 

40.000

Euskaraldirako emandako euroak. Euskal Hirigune Elkargoak 40.000 euro emanen dizkio Euskaltzaleen Topaguneari aurtengo Euskaraldia antolatzeko. Maiatzaren 15etik 25era iraganen da, Ahobizi eta Belarriprest figuren bidez euskararen erabilpena sustatzea helburu.

Ekintza plan hori EEPko partaideen artean abiatuak diren elkarrizketen erdian dela baieztatu zuen Euskal Elkargoko lehendakariordeak, baina oraingoz ez dira ados jarri. Euskal Hirigune Elkargoak iazko martxoan bozkatu zuen Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuari egiten dion ekarpena 650.000 euroz emendatzea; Akitania Berriak 100.000 euro aipatu zituen maiatzean; Pirinio Atlantikoetako departamenduak ez du oraingoz diru gehiago emateko borondaterik agertu; eta Frantziako Estatuak ez du horri buruzko adierazpenik egin. Udazkenean egin zuten biltzar nagusian, urtebeteko epea adostu zuten akordio batera heltzeko. Maider Behotegi lehendakariak onartu zuen «krisian» dagoela erakundea. EEPren aitzinkontua indartzeko bozkatutako diru zama hori erabiliko du elkargoak Euskaldundu beka abian emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.