Euskaldunak «frantsestu» zituen gerraren kontakizuna, komikian

Lehen Mundu Gerra euskaldunen ikuspegitik kontatu nahi izan du Ibarrak. Komikia publiko zabalago batengana heltzen delakoan da, eta «estrategikoa» zaion tresna bat da.

Aritz Ibarra, azaroaren 1ean, Urruñan, 'Aldaxka pozoituak' komikia aurkezten. GUILLAUME FAUVEAU
Aritz Ibarra, azaroaren 1ean, Urruñan, 'Aldaxka pozoituak' komikia aurkezten. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herrian arrasto sakona utzi zuen Lehen Mundu Gerrak; milaka euskaldun gazte gerrara joatera behartu zituzten, eta gutienez 6.000 hil ziren. Gerra hark aldaketa bat markatu zuen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan: euskaldunen frantsestean eragin handia izan zuen. Historia hori marrazkitan kontatu du Aritz Ibarra komikigileak (Gasteiz, 1992), Aldaxka pozoituak bere bigarren obran. Ipar Euskal Herrian aurkeztu du azken asteotan, eta, atzo, Hendaian izan zen.

Duela «bizpahiru» urte izan zuen Ibarrak gertakari hark Euskal Herrian izan zituen ondorioen berri, eta orduan ohartu zen nolako «hondamendia» izan zen. «Izutu ninduen ikusteak zer hondamendi izan zen euskaldunentzat, eta munduan ere bai. Harritu ninduen jakiteak euskaldunak behartuak izan zirela eta horrenbesteko eragina izan zuela Euskal Herrian; bai fisikoki hildakoen kopuruarekin, baita ideologikoki ere, horrek ekarri zuen frantsestearekin», esplikatu du. Hortaz, gai horren inguruan ikertzea deliberatu zuen; batez ere kontuan harturik gertakaria biziki «ezezaguna» zela Hego Euskal Herrian. Baina ez du kontakizun soila egin nahi izan: «Gaia ikertu nahi nuen, baina euskaldunen ikuspegitik. Iruditzen zitzaidan Frantziak ezarritako diskurtso ofizial horrek ez zuela egia kontatzen; bakarrik egiaren parte txiki bat, eta oso desitxuratua», zehaztu du. 

Gai historikoa den heinean, lanketa historiko bat egin du Ibarrak, gaiari buruz euskaraz idatziak diren liburu guztien bilketa eta azterketa eginez. Azpimarratu du Eneko Bidegain historialariaren Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria liburuak bereziki lagundu duela. Bidegainekin lan egin du informazioa biltzeko, eta «eskertu» du haren laguntza, baita Ibai Telletxea historialariarena ere. Dena dela, informazioaren alderditik ez ezik, gaia oroimenaren alderditik ere landu nahi zuen komikigileak. Frontean egon ziren soldaduen senideen lekukotasunak biltzea deliberatu zuen, eta Ipar Euskal Herriko zenbait etxetan ibili zen horien biltzen. «Bizipenek eta lekukotasunek beste ikuspegi bat ematen dute; ez horrenbeste informazioarena, baina oroimenarena. Ikusten da senideek nola oroitzen duten gertakaria eta familietan nola transmititu den». 

«Gaia ikertu nahi nuen, baina euskaldunen ikuspegitik. Iruditzen zitzaidan Frantziak ezarritako diskurtso ofizial horrek ez zuela egia kontatzen; bakarrik egiaren parte txiki bat, eta oso desitxuratua»

ARITZ IBARRAMarrazkilaria

David Gracy azkaindarraren lekukotasuna ekarri du gogora: frontean hil zen haren arbaso baten ibilbidea berreraiki du, gutunak aztertuz eta soldadu izan zenaren ibilbidea segituz. «Gracyk galdetzen zidan otoi Hego Euskal Herrian ezagutarazteko gai hori, jendeak uler dezan zer ondorio izan zituen Euskal Herrian. Adierazten zidan bere senidearen gutunetan ez zuela antzeman frantses diskurtso ofizialean aipatzen den patriotismo frantsesik. Hark nahi zuen hori transmititzea, beste errealitate bat bazela ezarri denaren beste aldean». 

Oroimen kolektiboa

Euskal Herriaren oroimen kolektiboa inportantea zaio Ibarrari, eta uste du herri bat «fisikoki» askatzeko «lehenik psikologikoki» askatu behar dela. «Ezinbestean gure iragana gure begiekin aztertu behar dugu, gure kabuz, eta ez sinetsi kanpotik ezarritakoa». Argi utzi du oroimen historikoa ez dela «objektiboa», eta, normalki «estatu menperatzaileek menpekoei ezartzen» dietela, beren interesen arabera. «Beti mesfidantzaz begiratu behar da estatu erraldoien egia ofizial hori», trenkatu du. Ibarrak azaldu du Frantziaren diskurtso ofiziala zera dela: «askatasunaren eta demokraziaren aldeko gerra bat» izan zela. «Gauzak ez dira horrela, ordea. Gertakaria xeheki aztertuz gero, edonor ohar daiteke inperioen arteko botere gerra bat izan zela», argitu du. 

(ID_17316630432935) Aldaxka pozoituak
Aritz Ibarraren Aldaxka pozoituak komikiko zinta bat.

Hala, Frantziak Lehen Mundu Gerraren inguruan ezarritako diskurtsoa deseraiki behar dela uste du komikigileak. «Frantziak kontatzen du milaka euskaldun bere alde borrokatu zirela, baina ezkutatzen du euskaldun haiek behartuak izan zirela frontera joatera eta iheslariak zigortzeko legedi bortitz guziak ezarri zituztela. Beste errealitate batzuk ezkutatzen dituzte: intsumisoena, iheslariena, Euskal Herrian geratu ziren emazteena, ihes egin nahi baina ezin izan zutenena...». Hala, komikiaren bidez, Ibarraren helburua izan da liburuetan agertzen ez diren horiek argitan ezartzea. Gutxienez «gogoeta piztu» nahiko luke. Hala, euskaldunei dagokie, haren arabera, erabakitzea datu horietarik zein «txertatu» oroimen kolektiboan.

Aldaxka pozoituak ez da Ibarrak atera duen lehen komikia, eta uste du komikia tresna eraginkorra izan daitekeela publiko zabalago batengana iristeko. «Dibulgaziorako tresna eraginkorra da, eta estrategikoa izan daiteke». Nolanahi ere, marrazkia da haren adierazteko manera, eta irri artean aitortu du «trebeagoa dela marrazten idazten baino». «Nire baliabideekin egin dut. Baina badu bietatik: nire adierazteko eratik eta estrategiatik», zehaztu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.