Euskal zinemaren plaza Hazparnen, asteburu honetan

Zinegin festibala egiten ari dira egunotan; atzo hasi zen, eta igandera arte iraunen du. Arrats honetan, zinema eztabaida bat eginen dute eta bi ikusgarri izanen dira Ttattola gaztetxean.

Hazparneko 13. Zinegin jaialdiaren aurkezpena, Baionako Atalante zinema gelako aretoan, gaur. GUILLAUME FAUVEAU
Hazparneko Zinegin festibalaren aurkezpen agerraldia, Baionako Atalante gelan, azaroaren 6an. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Hazparne
2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Euskal zinemak «uzta ederra» eman du aurten, eta film horiek Ipar Euskal Herriko publikoari hedatzea da Zinegin festibalaren xedea. Atzo hasi zen Hazparnen, eta igandera arte iraunen du film proiekzioekin, kontzertuekin eta zinema eztabaidekin. Eztitxu Barbace antolatzaileak aitortu du pasatuko dituzten filmen «hautaketa egitea zaila» izan dela, anitz obra agertu baitira aurten. Itziar Leemansen Ximinoa, Frank Harrieten Begi erreak, Mikelatxo Urbiaren Arg(h)itzen, Maddi Barberren 592 Metroz goiti eta Pette Etxebarriaren Oigorri ikusten ahalko dira, besteak beste: film laburrak, luzeak, dokumentalak eta animaziozkoak. Aniztasuna izanen dela azpimarratu dute antolatzaileek, edukian nola forman, eta, film proiekzioez gain, kontzertuak, ikusgarriak eta eztabaidak ere izanen dira.  

Gazteek egin sorkuntzek leku berezia izanen dute Zineginen aldi honetan. Izan ere, Zukugailua zinema arloko profesionalak biltzen dituen elkarteak tailerrak antolatu ditu urte osoan, eta horietarik bi film labur atera dira. Bata, Azken euskalduna, Makeako haur eta gazteena; bestea, Errekari mintzo, Bidarraiko gazteena. «Zukugailuaren zereginetariko bat da gazteak euskal zinemara sentsibilizatzea, eta ikusten genuen Ipar Euskal Herri barnealdeko gazteentzat eskaintza ez zela biziki aberatsa arlo horretan. Tailerrak han egitea pentsatu genuen, eta eramandako lan horren emaitza dira bi film laburrak», esplikatu du Maitane Eiheramuno Zukugailua elkarteko koordinatzaileak. 

Zehazki, Makeako filmaren prozesuaz arduratu da Eiheramuno, eta herriko Jostakin antzerki taldearekin partaidetzan eraman dute proiektua. Taula gainean aritzen dira elkarteko haurrak normalean, baina Eiheramunok esplikatu du kamera aitzinean aritzeko parada izan dutela Zukugailuaren bidez. Zukugailuak horretara bideratu ez baditu ere, erran du bi herrietako gazteen artean lotura bat ikusi dutela: «Haien kezka euskararen ingurukoa zen. Naturalki atera duten gaia da, eta bi laburrak hizkuntzari buruz dituzten kezken ingurukoak dira». Gaur ikusten ahalko dira bi filmak, Hazparneko Haritz Barne gelan, 19:30ean. 

«Zukugailuaren zereginetariko bat da gazteak euskal zinemara sentsibilizatzea, eta ikusten genuen Ipar Euskal Herri barnealdeko gazteentzat eskaintza ez zela biziki aberatsa arlo horretan. Tailerrak han egitea pentsatu genuen, eta eramandako lan horren emaitza dira bi film laburrak»MAITANE EIHERAMUNO Zukugailuko koordinatzailea

Ondotik, 21:00etan, Alba taldeak zinema-kontzertua eskainiko du Ttattola gaztetxean; Jean Rouchen Nagusi eroak dokumentalari musika ezarriko diote zuzenean, publikoa kolonialismoaz gogoetatzera eramateko helburuarekin. Txaptrax ikus-entzunezko ikuskizun tekno-tradizionalarekin segituko du gaualdiak, gaztetxean. Sartzea urririk izanen da, Zineginen nahikaria delako festibala eskuragarri izatea, eta, hortaz, sarrerak gehienez ere 3 euroan saltzen dituzte.  

Film laburrak argitan

Film labur anitz ikusgai izanen dira asteburu osoan. Horien artean da Oiogorri Pette Etxeberria filmegile zuberotarrarena; lehen aldiko izanen da ikusgai Ipar Euskal Herriko zinema areto batean. Etxebarria aspaldi hasi zen gidoia idazten, eta Udalbiltzaren Geuretik Sortua deialdiari esker gauzatu ahal izan du egitasmoa. «Geuretik Sortua ekinaldiaren ideia da herri bati edo bi herriri lotua zaion proiektu bat egitea. Gure kasuan, Hazparne eta Antzuola [Gipuzkoa] herriekin egin dugu», esplikatu du. Berezitasuna da herri horietako herritarrekin lan egin duela filma egiteko garaian. 

Bere oiloa galdu duen Agustinen harat-honatak kontatzen ditu Oiogorri filmak; Ander Lipus aktoreak jokatzen du protagonista. Formari begira, idazten hasi zenean, Etxeberriak ez zekien zein izanen zen emaitza. «Ez nekien film laburra izanen zen edo nola geldituko zen, baina ororen buru emaitza film labur bat izan da», erran du. Euskal zineman gero eta film labur gehiago agertzen badira ere, uste du gehien hedatzen eta saltzen direnak film luzeak direla oraindik, eta film laburrak «anitzez gutxiago» ikusten direla, oro har. Bihar hedatuko dute haren obra, 19:30ean, Haritz Barne gelan. 

FILMAK

  • GAUR:
    • Azken euskalduna eta Errekari mintzo.
    • Albaren kontzertua eta Txaptraz.
  • BIHAR:
    • Oiogorri.
    • Baruntse.
    • Begi erreak. Txontxongiloa, Ximinoa eta Ardiak, ezkontza eta kontrabandoa.
    • Azken erromantikoak.
    • Oiogorri.
    • Zinzindurrunkarratz.
  • ETZI

    • Robotia.

    • Arg(h)itzen.

    • 592 metroz goiti.

    • Puzzleak.

    • Sultanaren ametsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.