Euskal Herriko Itzulia Ipar Euskal Herritik pasatuko da heldu den astean, apirilaren 2an eta 3an: Irundik (Gipuzkoa) Kanbora lehenik, eta Ezpeletatik Altsasurako (Nafarroa) gero. 36 urte dira ez dela etaparik bukatu Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan; hamar urte, berriz, ez dela pasatu. Txirrindularitzan aditua da Ximun Larre kazetaria (1975, Baigorri), eta uste du txirrindularitza indarra berreskuratzen ari dela Iparraldean. Ttipitan telebistan Frantziako Tourra so egiten hasi, berehala zaletu, eta orain liburu bat ere badu idatzia Iparraldeko txirrindularitzaren historiari buruz, Francis Lafargue iaz zendu zen txirrindulariarekin batean.
Zer ezaugarri dituzte Ipar Euskal Herritik pasatuko diren Itzuliko bi etapek?
Irundik Kanborako etapa ez da biziki zaila kirol ikuspegitik, ez da mendirik, ez leporik. Baina egia da Irisarri, Hazparne eta Baionatik pasatuz beti gora eta behera ibiliko direla. Euskal Herriko Itzuliko etapak ez dira ardura esprintean finitzen, etapa zailak baitira, baina hor, gerta daiteke. Normalki ihesaldi bat izanen da, eta nola antolatzen diren ikusi beharko da, baina ez litzateke harrigarria esprintean finitzea.
Eta ondoko etapa nolakoa izanen da?
Pixka bat zailagoa da, mendi gehiago baita. Otsondoko lepotik pasatuko dira, eta Altsasu aldean ere badira zailtasun batzuk. Baina Itzuliko zailtasun nagusia Eibarren izanen da, azken etapan, mendi gogorrak baitira.
36 urteren ondotik, etapa bat Ipar Euskal Herrian bukatuko da: Kanbon. Nola ikusten duzu hori?
Azken urteetan kritikatua izan da Ipar Euskal Herritik ez batere pasatzea. Antolatzaileak hasiak ziren erraten etorri nahi zutela, baina problema da hemengo hautetsiek ez dutela bizikleta ongi ezagutzen: Frantziako Tourrarekin kontent dira, baina ez doa baitezpada urrunago. Gogoan dut behin hautetsi bati esplikatu niola Euskal Herriko Itzulian munduko hoberenak direla, eta zinez estonatua zen. Bada ezezagutza pixka bat. Nire ustez, inportantea da hemengo jendeak ikus dezan badela lasterketa hori, giroa ere bai sentitzeko... Eta biziki inportantea izanen da ondoko urteei begira; uste dut jadanik hasiak direla aipatzen berriz ere etapa bat egitea Deba eta Kanboren artean... Agian.
Lehen pasatzen zen.
Hastapenean, 1924an, egiazko Euskal Herriko Itzulia zen, denetatik pasatzen zelako. Lehenbiziko urteetan Iparraldetik pasatzen zen, baina ez zen gelditzen. Gero, 1935ean, Baionan etapa bat izan zen: irabazlea gazte italiar bat izan zen, Gino Bartali, eta gerora bi aldiz irabazi zuen Frantziako Tourra.1936an, Espainiako Gerrarekin gelditu zuten. 1969an sortu zen berriz, eta kokatu zuten gehiago Hegoaldean. 1978an azkeneko aldiz etapa bat izan zen Iparraldean: Miarritzen. Antolatzaileek usaia txarrak hartu zituzten, segur dena da aiseria batean sartuak zirela eta absolutuki hori hautsi behar zela. Hala egin dute aurten, ehun urteen karietara, eta gauza ona da.
Itzulitik kanpo, zein da txirrindularitzaren historia Ipar Euskal Herrian? Liburu bat baduzu horretaz idatzia...
Bai, iaz argitaratu genuen, oroitarazteko Ipar Euskal Herrian ere badela afizioa. Euskal Herriko txirrindularitza aipatzean, beti Hego Euskal Herrikoa jiten zaigu gogora, baitakigu zer afizio den, zer giro sortzen duen. Iparraldean, jendeak ahantzia du, baina txirrindularitzak leku inportante bat izan du. Momentu batez peko errekan ziren txirrindularitza lehiaketak, eta sentitzen dut orain berriz abiatzen ari direla: taldeak sortu dira —besteak beste, Team Iparralde—, eta lan ederra egiten dute. Gauzak ilunago ikusten nituen duela hamar bat urte, baina orain berpiztu da, eta bizirik da, ez da desagertuko.
Talde berriak aipatu dituzu, eta Team Iparralde bereziki. Zer da? Zer gogoeta izan zuen abiaburu talde horrek?
Momentu batez, Iparraldean bi talde baizik ez ziren: Maule eta Baiona. Fite ikusi zuten ez bazuten zerbait elkarrekin egiten gazteekin, ba, fini zela. Beraz, biek elkarrekin talde bat sortu zuten junior mailan; geroztik Maule joan da, baina beste talde batzuk sartu dira. Afera da junior mailan bazela arazo bat, lehiaketak egiteko behar baitzuten Frantziara joan, urrun. Hor, taldearen filosofia da Hegoaldean egitea lehiaketak. Helburua da urtero gazte bat edo bi goi mailako talde amateurretara igortzea Hegoaldera. Badira hiruzpalau pasatu direnak; azkena, Kaiet Iribarne. Ni segur naiz ondoko bospasei urteetan profesional bat aterako dela hortik, eta hori biziki inportantea da. Baduzularik profesional bat herri batean, giro bat sortzen du, gazteei enbeia ematen die bizikleta egiteko, eta hori falta dugu. Hori da Team Iparralderen xedea, eta lan ederra egiten dute.
«Baduzularik profesional bat herri batean, giro bat sortzen du, gazteei enbeia ematen die bizikleta egiteko, eta hori falta dugu. Hori da Team Iparralderen xedea, eta lan ederra egiten dute»
UCI txirrindularitza profesionala kudeatzen duen egitura da. Luzaz, Euskaltel-Euskadi bazen hor, baina desagertu denetik ez da gehiago euskal talderik UCIn. Zergatik?
Euskaltel 2013an desagertu zen ez zutelako aski diru goi mailako talde bat ukaiteko. Bizikleta luzaz Europa Zaharreko bospasei herrialderen esku zen, baina mundializazio bat gertatu zen, amerikanoak eta ingelesak sartu baitziren diru anitz ezarriz. Euskaltel bezalako talde batek nekez segitzen zuen mugimendu hori jadanik. Azken urteetan, gainera, bigarren globalizazio handi bat izan da, eta hori arrunt lotua da geopolitikarekin; orain sosa heldu da Golkoko herrialdeetatik. Eta Euskaltel bezalakoek ez dute aski dirurik segitu ahal izateko. Ez dut pentsatzen ikusiko dugunik lehengo Euskaltel berriz ere, ez baitute aski diru segitzeko talde handien mugimendu hori. Euskal txirrindularitza bigarren edo hirugarren mailako taldeekin egotera kondenatua da. Euskal txirrindularitzak segituko du, baina lotuago izanen da formakuntzarekin.
Erronka formakuntzan ikusten duzu, beraz.
Bai. Hegoaldean gauza batzuk aldatu dira arlo horretan. Zinez gai dira gazte batzuk formatzeko eta ateratzeko. Txirrindularitza piramide bat da: oinarrian, gehienak talde amateurrak dira, eta, gorago badira hiru talde profesional bigarren mailakoak. Baina oinarriak egiten du piramideak atxikitzen duela. Behar da borondate bat ere instituzioen partetik. Frantziako Tourra pasatzeko sekulako dirutza eman zuten, baina gero, talde amateurrak sustengatzeko ez da gauza bera. Eztabaida handia piztu zuen horrek iaz; lehiaketa batzuk ezeztatu behar izan zituzten ez zelako aski diru... Basque Country biziki ongi da, baina ez baduzu sostengatzen piramidearen oinarria... Konplikatua da.