Euskal sorkuntzak oholtzatik kanpo

Ander Lipus antzerkilariak salatu du euskarazko antzerkiek plazak galdu dituztela Ipar Euskal Herrian. Baionako Luna Negra aretoko ateak itxi dizkiote Pantxix Bidarti, euskaraz eta gaskoiz aritzeagatik eta ez frantsesez.

Baionako antzokia hutsik, artxiboko irudi batean. GAIZKA IROZ
Baionako Antzokia hutsik, artxiboko irudi batean. GAIZKA IROZ
Joanes Etxebarria.
2025eko martxoaren 21a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi lekukotasun plazaratu dira momentu berdintsuan: bi kulturgilek bizi izan dituzten egoerak desberdinak dira, baina biek salatu dute euskarazko sorkuntzari kentzen zaizkiola plazak, eta euskararekiko izaten den mespretxua ere bai. Pantxix Bidart kantari hazpandarrak Baionako Luna Negra aretoan kantaldi baten ondoko ihardukitzeak utzi sentimen garratza publikoki adierazi zuen, batetik. Ander Lipus aktore bizkaitarrak, bestetik, jakinarazi zuen urte oroz Ipar Euskal Herrian egiten dituzten emanaldietan antzoki handiak galdu dituztela. Biek salatu dute euskarazko sorkuntza zokoratua, mespretxatua eta programazioetatik usu baztertua dela.

Lipusen txio baten berri eman zuen Mediabask astekariak; hala zioen aktoreak X sare sozialean: «Baiona, Angelu, Bidarte, Donibane Lohizune, Senpere, Donibane Garazi, Maule... Plaza asko galdu ditugu Iparraldean. Zergatik ote? Les Français savent bien faire les choses. Moroak gara behe laino artean». Azken urteetan, Artedrama konpainiako aktore ezagunak euskarazko antzerki obrak erregularki ekarri ditu Ipar Euskal Herriko publiko aitzinera. Azkenik, Miñan taularatu dute. Euskarazko lanei egiten ez zaien harreraz «nazkatua» dela argitu du Lipusek, eta panorama zabalagoa dela argitu du: «Borroka askotan gabiltza eta fronte asko ditugu ezarriak; kontua ez da bakarrik Iparraldera mugatzen». Ipar Euskal Herriko Hitza-ren galderei erantzutean, Iruñeko Gaiarre antzokian asteazken batez jokatu beharra kritikatu du, adibidez, asteburuan jokatu beharrean. 

Baionako Luna Negra aretoko zuzendariarekin Bidartek bizi izan duenak bi kapitulu izan ditu: iazko otsailaren 24an Primael Montgauzi kantari gaskoiarekin kantaldia eskaini zuten, eta ontsa joan zen; biharamunean, areto horretako zuzendariak jakinarazi zuen ez zela gustura izan, kantaldian euskaraz eta gaskoiz mintzatu baitziren kantuen arteko solasetan, eta ez frantsesez. «Euskal Herrian entseatzen naiz ahal bezainbat dena euskaraz egitea; ez kantuak euskaraz eta beste guztia frantsesez, hor folklorean erortzen garelako, bestela», Bidarten ustez. Luna Negrako zuzendariak ez du publikoki hitza hartu nahi izan aferaren inguruan, baina Bidarten proiektu berri baten proposamenari uko egin zion, preseski, iragan urtean euskaraz baizik ez baitzen aritu. 

Euskara zokoratua

Aho bizarrik gabe mintzo da Lipus aktorea antzokiak kudeatzen dituztenak aipatzean. Zerrendatu dituen udalerrietan aritzeko paradarik ez ukaitea euskararen kontrako kultur mailako «oldarraldi» gisa definitu du: «Haien lekuak dira, administrazio guztia haiek eramaten dute, eta hor ez dago inongo lekurik euskararentzat. Ez lekurik, ez begirunerik, ez ezer». Bidartek, berriz, bere proposamenak publiko aitzinera eramateko «basamortua» ikusten du parez pare. Luna Negra bezalako aretoetako tamainak dira beretako egokienak, dioenez.Baionako esperientziarekin, euskararekiko tratuak asaldatu zuen: «Gau hartan denak ezagunak eta hurbilekoak ziren, egunerokoan euskaraz egiten duten jendeak ziren, eta, bat-batean, publiko aitzinean beharko nintzaien frantsesez mintzatu etxeko jaunak edo ez dakit nork ulertzeko?», galdetu du.

«Borroka askotan gabiltza, eta fronte asko ditugu ezarriak; kontua ez da bakarrik Iparraldera mugatzen»

ANDER LIPUSAntzerkilaria

Bi artisten ibilbideak arrunt desberdinak izanagatik, haien analisiak gurutzatzen dira gune batzuetan. Baionako antzokian, adibidez: Scène Nationale zigiluduna eszena nazionala erranez euskaratu daiteke, baina frantsesez izendatzeak zentzua badu: Lipusek oroitarazi du urteetako batailen ondorioz «lortua» zutela azpitituluak baliatuz euskarazko emanaldiak eta azpitituludunak tartekatzea, Iruñeko Gaiarren bezala. Baina aukera hori ere galdu izana kritikatu du, orain soilik azpititulaturik ari daitezkeelako Iruñean eta batere ez Baionan: «Hor ikusten da nafarrek duten politika: hau da, euskararen ofizialtasun arraro hori. Gauza bera gertatzen da Iparraldean. Hor ikusten da gure eskubideak ez dituztela asetzen, baina ez dituztela ezta ikusi nahi ere».

Sambou Diaby antzerkilaria, Ibrahima Balderen rolan, ´Miñan´antzezlanean. ARTEDRAMA
Sambou Diaby antzerkilaria, Ibrahima Balderen rolean, 'Miñan' antzezlanean. ARTEDRAMA

Baionako antzoki horretan, duela bi urte, Bidartek konpainiei eskaini trebakuntza bat segitu zuen, proiektuak sortu eta kudeatzen ikasteko. Idatzirik gelditu ez bazen ere, Scene Nationaleko zuzendariak harrera egin zienean erran zuena gogoan du oraino, deitoragarriak izan zirelakoan: «Nehork ez zion fitsik galdegiten, eta erran zuen bezperan Euskal Kultur Erakundeak eta Euskal Hirigune Elkargoak kultur plana aurkeztu zutela eta gehitu zuen jende horiek hizkuntza eta kultura nahasten duela, eta lanjerosa dela, komunitate hetsi batean [entre-soi, frantsesez] kokatua izatea ekar dezakeelako». Hitz horiek «mespretxuz beteak» iruditu zitzaizkion Bidarti. Momentuan «zainetan» ihardetsi zuena baino gehiago, orain zuzendariari galdetuko lioke «erreferentziatuak dituen 50 hizkuntzetarik zenbat» programatzen dituen; «zenbat antzerki arabiarrez, portugesez, ingelesez», programazioaren parte gehiena frantsesez egiten dela gehituz. Azkenean, «bakoitza ari da bere hizkuntza defendatzen, bakoitza bere ahalekin», trenkatu du. 

Sare desberdinak

Euskarazko sorkuntzek dituzten plaza posibleak zerrendatzean, Ander Lipus antzerkilariak bereizten ditu maskarada edo libertimenduen inauteri garaiko «erritualak», kulturgintzatik heldu diren proposamenak eta, bestalde, profesionalak. Programazio zabala ukan dezakete, haren ustez, Altxalili edo Iduzkilore konpainiek: «Horiek herri batera ekartzea uste dut elkarte batek asumitzen ahal duela. Elkarte batek ezin du asumitu, ordea, Miñan bat ekartzea, aitzinkontu batetik harago baitoa. Askotan eskatzen digute gela batean egitea, eta orduan antzoki guztia atondu behar da. Garestitzen du produktua», zehaztu du. Konpainia profesionaletan, Ipar Euskal Herrikoak ere «ataka larri eta estuan» daudela azpimarratu du, «ez dutelako diru laguntza handirik lortzen Frantziako Gobernutik edo Euskal Elkargotik». 

«Bat-batean, publiko aitzinean beharko nintzaien frantsesez mintzatu etxeko jaunak edo ez dakit nork ulertzeko?»

PANTXIX BIDARTKantaria

Musikan, berriz, plazak kausitzeko «basamortu» bat ikusten du parean Pantxix Bidart kantariak; aldiz, erran du «makro» kontzertuek eta «berpizte» gisakoek arrakasta dutela. Eskala ttipiagoko proposamenek plaza galdu dutela uste du; Elaudi taldearekin ari zen garaiarekin parekatu du oraingo egoera: «Nonbait jo eta ontsa pasatzen zelarik, hortik ateratzen zen aski fite ikastola bat edo besta batzorde bat. Orain kantaldi batek ez du bertzea ekartzen». Instituzioengandik euskarazko sorkuntzak plazaratzeko lekuak eskaintzea espero izan daiteke, baina hazpandarrak ez du «amestu» nahi. «Nahiago dut gure sare batean sinetsi hamar bat emanaldi segurtatzeko Euskal Herrian gaindi proiektuak aurkezteko, eta, ontsa pasatzen bada, data batzuk gehiago ukaiteko edo ez». Ezkorra da, halere, berriki muntatu proiektu bat ez baitu behin ere aurkezteko paradarik ukan, «kontzertu bat bera ere» ez baitu egin ahal izan. Frustrazio iturri zaio, egiten dituen kontzertuetan «jendea loriatua atera» izan baita.

Egoerari nola aitzin egin galdeturik, Lipusek umorez baztertu du greba baten ideia: «Titiritero eta pailazoen greba batek ez luke ezer ekarriko». Euskararen aldeko borroka orokorrera eramaten du antzerkilariak protesta eremua, Baionan apirilaren 6an Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatu duen manifestazio nazionalari aipamena eginez: «Euskararekiko atxikimendua daukagunok batu egin behar dugu, eta hortzak erakutsi behar ditugu. Inongo biktimismorik gabe baina amorru biziz esan behar dugu herri honetan euskaldunak bizi garela, euskara bizi dela eta euskarak toki bat behar duela».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.