Ikusi Mikusi azoka iraganen da gaur eta bihar, Saran. Laugarren aldia du euskarazko haur eta gazte literatura azokak, eta Euskal Herri osoko hemezortzi argitaletxe izanen dira. Bi egunez, tailerrak, liburu aurkezpenak eta ikusgarriak izanen dira herriko hainbat lekutan. Amaia Hennebutte (Miarritze, 1972) antolatzaileetariko bat da, eta harreman hertsia du haur literaturarekin; album anitzen egilea da, eta Kiribil konpainiaren zuzendaria. Euskarazko haur eta gazte literaturan anitz ekoizten dela uste du, eta lan horri toki bat egiten dio azokak, haren arabera.
Zuretzat, zer du haur literaturak helduen literaturak ez duena?
Lehenik, haur literatura denendako literatura da; aldiz, helduena ez da denendako, ez baita haurrentzat. Haur literatura aipatzean, sustut albumez ari naiz, eta badute artearekin lotura ikaragarria, izan idatzian nahiz ilustrazioetan. Haur ttipi-ttipiei hasten zaizkielarik ipuinak kontatzen, artearekin duten lehen harremana da.
Haur literaturak artearekin duen lotura aipatu duzu; zer leku du arteak zure bizian?
Ezinbestekoa. Bizian ukan ditut garai dorpeak, eta arteak eta kirolak biziki lagundu naute horietatik ateratzeko. Artea diodalarik, sormen prozesuaz ari naiz. Uste dut denak artistak garela, denek badugulako sormen gaitasuna, eta hori terapeutikoa da. Sormen prozesuan sartzen zarelarik, barneko gauzak ateratzen dira, on egiten du. Jendearen bizian, oro har, arteak uste baino leku askoz handiagoa duela erranen nuke.
«Bonuarekin denbora hartzen dute beren liburua erosteko, itzuli osoa egiten dute hautatu aitzin, eta hautatzen dute euskarazko liburu bat; horrekin sartzen dira etxera. Haur batzuentzat etxean duten lehen euskarazko liburua da»
Arteak edonon badu lekua, beraz?
Esperientzia egin nuen Libanora joan ginelarik, 2018an, Siriako mugan. Proiektu bat eraman genuen haur literaturarekin; muntatu genuen liburutegi bat, tailerrak, jokoak... Eta kanpamentuetara sartzen ginen horrekin. Jendeari eskaintzen genion irakurketa bat eta sortzaile bilakarazten genituen tarte batez. Duda anitzekin joan ginen, zer ari ote ginen gu, hiruzpalau albumekin, sufritu duen jendearen artean... Ari ginen bazuketela besterik egiteko, ez zuketela burua horretan. Baina segurtaturik sartu ginen, duda izpirik gabe, jakinik zein on eta zein beharrezko diren kultura eta artea. Militar batzuekin sartzen ginen kanpamentuetara eta esplikatzen ziguten familia batzuek ez zutela elkar ikusten ahal, emazteak ez zirela etorriko... Eta azkenean denak etorri ziren, eta sentitu nuen performantzia artistikoa egin genuelarik anai-arrebak bilakatu ginela. Jendeak bukatu zuen irriz, malkoak xukatzen, eta erraten ziguten bazela hain aspaldi ez zutela irri egin... Beraz, zinez uste duguna baino inportantzia handiagoa du arteak.
Erran duzu sorkuntza ezinbestekoa zaizula, eta horren lekuko dira sortu dituzun albumak. Nola hasi zinen idazten eta marrazten?
Gazte-gazte hasi nintzen; andereño gisa lehen urtea nuen Lasan, Garaziko ikastolan. Ipuinen egitura landu genuen eta Nahia izeneko ikasle batek idatzi zuen ipuinaren hastapenak honela zioen: «Behin bazen Panso izeneko sagu ttipi bat, sobera jaten du eta ezingo du gehiago bere etxean sartu». Zendako ez dakit, baina tilt egin zidan; galdetu nion ea bere ideia hartzen ahal ote nuenetz, eta baietz. Horrela hasi nintzen Panso idazten. Gehienetan horrelakoa da ene bidea; artista bakoitzak badu bere sistema, ez da bata bestea baino hobea, baina batzuek intelektualizatzen duten bezala, nik gehiago intuizioz egiten dut.
Ikusi Mikusi azokaren laugarren aldia da gaur eta bihar, Saran. Nola abiatu zen?
Galtzagorri haur eta gazte literatura publikatzen duen elkarte erreferentea da EAEn, eta lehendakaritza proposatu zidatenean, onartu nuen. Elkartearekin, Parisko Montreuil azokara joaten ginen urtero, haur eta gazte literatura azoka hori mundu mailakoa baita. Handik itzultzean, pentsatu nuen Euskal Herrian gisa bereko gauza bat behar genuela. Galtzagorrikoei eta Kiribil konpainiakoei aipatu nien, eta hasi ginen ikusten nola egin. Euroeskualdearekin ikusi dugu, mugaz gaindiko proiektuak laguntzen dituztelako; Nafarroako partaide bat behar zenez, Pamielari galdetu genion parte hartzeko. Eta horrela muntatu genuen Ikusi Mikusi.
Hutsune bati erantzuten diola uste duzu?
Bai, hala da. Euskal kulturan ez da oraino arras kontuan hartzen haur eta gazte literatura, Iparraldean beharbada gehiago Hegoaldean baino, baina oraindik entzuten da ez dela gauza handirik haurrentzat euskaraz. Ez da egia, asko garatua da, sortzaileak badira, ilustratzaileak badira... Balio du agerian ezartzea. Azokak arrakasta handia du hastapenetik, horrek erakusten du hutsune bati erantzun diogula.
Aurtengo aldia nola iraganen da?
Iaz bezala aurten ere ostirala profesionalen eta eskolen eguna da. 1.200 haur etortzekoak dira, eta lehen aldiz Bizkaitik ere etorriko dira. Eta azokaren muina den egitasmo bat badugu: bonu bat eskuratzen dute haur guziek eskolarekin etortzen diren egunean liburu bat erosteko. Oparitzen diegun bonua altxorra bilakatzen da; haien begiak ikustea besterik ez da! Denbora hartzen dute beren liburua erosteko, itzuli osoa egiten dute hautatu aitzin, eta hautatzen dute euskarazko liburu bat; horrekin sartzen dira etxera. Haur batzuentzat etxean duten lehen euskarazko liburua da eta luzaz oroitzen dira horretaz. Gainera, usu, ez dituzte haurrek hautatzen liburuak, beti gurasoek edo irakasleek. Bonuraekin hautatu duten euskarazko liburu batekin sartzen dira etxera, anitz da. Larunbatean, familien eguna izanen da, denei irekia da, eta animazio anitz izanen dira.